«Ari eta ari, ez eten hari! Hark niri, nik zuri, euskara opari»: horixe da Cristina Calvo Monge Osakidetzako Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Pediatriako unitateburuak defendatzen duen leloa. Osakidetzako Euskara Planak euskararen erabileraren aldetik herritarrek antzematen dituzten premiei erantzuten die, betiere osasunaren eremuan, eta Osakidetzako profesionalen artean hura sustatzeko eginkizuna du.
Zer-nolako diagnostikoa egin duzue Euskara Planaren aplikazioa hasi aurretik Pediatriako Kudeaketa Unitatean?
Diagnostikoa 2021aren amaieran eta 2022an egin genuen, Osakidetzako Donostiako Unibertsitate Ospitalean Pediatriako Kudeaketa Klinikoko Unitatea zuzentzen hasi ginenean. Jakin nahi izan genuen, alde batetik, Kudeaketa Unitateko kide ginen profesionalok ba ote genuen euskararen ezagutzarik. 2021ean euskararen ezagutza % 65ekoa zen, % 74koa pediatren artean eta % 63koa Erizaintzan. Bestalde, gure erabiltzaileek eta profesionalek gure kudeaketa-unitatean euskararen erabilerari buruz duten pertzepzioa jakin nahi izan genuen. Horretarako, ospitaleko euskara-taldearekin batera, inkesta bat diseinatu genuen, ondoren zabaldu genuena. Haur-ospitaleko 165 erabiltzaileren eta 119 profesionalen iritzia jaso genuen, eta bi taldeek iritzi zioten euskararen erabilerak arreta klinikoaren kalitatea hobetzen duela haur-ospitalean eta lanari onura zuzena ekartzen diola konplizitatean, konfiantzan eta abarretan.
Helburu jakinak lortu nahi izan dira Euskara Planaren bidez?
Helburu batzuetan aurrera egin dugu denboran zehar. Lehenik eta behin, arreta-hizkuntza sendotu nahi izan dugu (identifikazioa, zainketen jarraipenerako gomendioak…). Laneko dokumentu ofizialak ere bi hizkuntzetan egoteaz arduratu gara (profesionalen, dokumentuen eta barneko informazio-kartelen harrera). Hori lortu ondoren, euskararen erabileran aurrera egin nahi izan dugu; idatzizko komunikazioa (mailing-a) bi hizkuntzetan, bilerak euskaraz, saio klinikoak euskaraz… Bigarren helburu hori haurren ospitaleko ataletan abiadura desberdinean aplika zitekeela ikusi genuen, eta ondorioz, azken urte honetan profesionalen arteko komunikazio ez-formalean euskararen erabilera hobetzea ezarri dugu helburu bezala. Izan ere, konturatu ginen, % 85ek ezagutza badutela baina soilik % 21ek erabiltzen dutela euskara komunikatzeko.
Nolako neurriak hartu dituzue profesionalen parte-hartzea sustatzeko?
Profesionalen inplikazioa lortzeko, partaide egin ditugu prozesu osoaren hasieratik. Hasieran, inkesta bat egin genien, haien pertzepzioa jakiteko. Ondoren, haiekin bildu ginen inkestaren emaitzak erakusteko. Erabiltzaileek eta profesionalek oso ondo baloratzen dute euskararen presentzia haur-ospitalean, eta, gainera, profesional gehienak prest daude konpromiso handiagoa hartzeko. Une horretan, hobekuntza-plana helarazi genien, eta urtero bildu ginen, prozesuan aurrera nola egiten genuen erakusteko, erresistentziak eta zailtasunak detektatzeko eta horiei aurre egiteko.
Nolako baliabideak edo prestakuntza saioak eskaini dizkiezue langileei euskara-maila hobetzeko edo eguneroko lanean erabiltzeko?
Osakidetzaren prestakuntza-baliabideez gain, liberazioak, lan-ordutegitik kanpo ikasteko bekak eta beste ditugu. Kudeaketa Unitatetik gure profesionalei euskararen erabilerari buruzko gomendioen berri eman diegu check list kartelen eta bideo oroigarrien bidez. Gainera, euskaraz gutxi dakiten profesionalentzako bideo hezitzaileak grabatu ditugu, gehienak Euskal Herritik kanpokoak direlako; ikusi eta ikasi formakuntza du izena. Horrez gain, urte honetan, Kalakari proiektuarekin, euskararen erabilera areagotu nahi izan dugu profesionalen komunikazio ez-formalean. Horretarako, identifikatutako profesional boluntarioak, normalean euskara hizkuntza nagusi gisa erabiltzen dutenak, euskararen erabilera sustatzeaz arduratzen dira, hizkuntzarekin konfiantza gutxiago duten beste profesional batzuei erabiltzeko aukera emateko.
Nola hobetu da euskararen erabilera Pediatriako Unitateko familien eta profesionalen arteko komunikazioan?
Gure ustez, eragin zuzena izan du bai umeekin eta bai familiekin, eta hori da gure helburu nagusia. Horrekin batera, urte hauetan langileen komunikazio formalean euskararen erabilera handitu dugu, eta komunikazio ez-formalean euskararen erabilera handitzea espero dugu. Helburuak lortzen goazen jakiteko, hilabete batzuen buruan, euskararen erabilera neurtuko dugu.
Nola ebaluatu duzue Euskara Planaren aplikazioa orain arte?
Komunikazio formalaren alorrean, feed back bat egiten dute arlo bakoitzeko arduradunek, dokumentuak, kartelak eta material lagungarria bi hizkuntzetan egon daitezen. Kudeaketa Unitateko zuzendaritzak saioen eta informazio interesgarriaren berri ematen du bi hizkuntzetan. Urtero, gure profesionalen hizkuntz-gaikuntza neurtzen dugu, gaur egun batez beste % 74koa dena, eta Kalakari proiektuaren kasuan, inplementatu aurretik neurtzen dugu erabilera Pediatriako larrialdietako profesionalen arteko komunikazio ez-formalean, eta hori ezarri eta hilabete batzuetara berriz.
Zer hobetu beharko litzateke etorkizunean Euskara Plana are eta eraginkorragoa izan dadin?
Gure helburua euskararen erabilera informala eta formala hobetzea da, hau da, erabilera normalizatzea. Gure ustez, profesionalen harremanetan presentzia ohikoagoa izanik, ezagutzen dutenek baina erabiltzeko konfiantzarik ez dutenek oztopo horiek hautsi eta gehiago erabil dezakete, eta ezagutzen ez dutenak hura ikasteko estimula daitezke. Horrela, erabilera handitu ahal izango dugu pazienteekin eta haien familiekin, hori baita gure helburu nagusia.