agenda » abendua | HARPIDETU BULETINERA

“Bizitzaren medikalizazioa”

Amaia Mendizabal • Lehen Mailako Arretako farmazialaria

Medikuntzak gizartean izan duen aurrerapena ukaezina da. Hala ere, gaur egun, bizitzaren medikalizazioa gero eta fenomeno agerikoagoa bihurtzen ari da: bizimodu arruntak gaixotasuntzat hartu eta tratamendu medikoen bidez konpontzeko joera zabaltzen ari da, eta horrek ondorio garrantzitsuak ditu bai gure osasunean, bai gizarte osoan.

«Bizitzaren medikalizazioa zera da, pertsona baten sufrimendu arrunta arazo medikotzat hartzea». Horrela azaldu du Amaia Mendizabalek, Osakidetzako Bidasoko ESIko Lehen Mailako Arretako farmazialariak. Joera horrek areagotu egin ditu osasun-zerbitzuen gehiegizko erabilera eta botiken kontsumoa azken urteotan, eta horrek osasunaren ikuspegi integralaren garrantzia gutxitu egiten du.

Zer esan nahi du bizitzaren medikalizazioa kontzeptuak, eta nolako ondorioak ditu gizartean eta osasun-sisteman?
Bizitza medikalizatzean, arazo mediko bihurtzen dugu gatazka pertsonal edo sozial bat, eta osasungintzako profesionalek tratu beharrekotzat jotzen dugu. Bizitza medikalizatzeak gizabanako gisa ezgaitzen gaitu. Gainera, osasun-arreta, botika, proba eta zerbitzu gehiago dakarzkio horrek osasun-sistemari, eta, gizartearen zahartzeari lotuta, osasun-baliabideen beharra handitu egiten du.

Zure ustez, zergatik ari da sortzen medikuntzarako mendekotasuna?
Ez da oraingo gauza: gaur egun bizitzaren medikalizazioa esaten diogunak 1946an du jatorria, orduan definitu baitzuen Osasunaren Mundu Erakundeak osasuna zer den: «Osasuna erabateko ongizate fisiko, mental eta sozialeko egoera da, eta ez bakarrik afekzio edo gaixotasun gabezia». Medikuntzaren botere izugarriak erakargarri egin du bizitzako hainbat alderdi medikalizatzeko ideia, arazo mediko gisa hauteman daitezkeenak izan gabe. Publikatutako azken estudioek zera diote, Espainian 14 urtetik gorako biztanleriaren polifarmazia-prebalentzia hirukoiztu egin dela 2005etik 2015era. Gehiegizko polifarmazia, berriz —hau da, hamar sendagai edo gehiago hartzea—, lehen halako hamar handiagoa da. Igoera horiek bi sexuetan eta adin-talde guztietan ikusten dira, batez ere 80 urtetik gorakoetan. Europan, polifarmaziaren prebalentzia sei herrialdetan aztertu berri dute (Belgika, Frantzia, Alemania, Italia, Espainia eta Erresuma Batua), eta hor ere polifarmaziaren prebalentzia handia aurkitu dute.

«OSASUNA ERABATEKO ONGIZATE FISIKO, MENTAL ETA SOZIALEKO EGOERA DA, ETA EZ BAKARRIK AFEKZIO EDO GAIXOTASUN GABEZIA»

Zerk elikatzen du bizitzaren medikalizazioa?
Medikalizazioaren erantzukizuna partekatua da: hor dira gizartea bera, profesionalak, industria farmazeutikoa, eta abar. Adibidez, gizartean sufrimenduaren tolerantzia murriztu egin da, eta lehen gorabehera batzuk profesionalengana jo gabe onartu eta konpontzen ziren; gaur egun, berriz, osasun-arloko informazioa bide ugaritatik jasotzen dugu eta horrek azkartu egin du zenbait arazo medikuntzaren eremura eramatea.

Neurriz gaineko diagnostikoak eta tratamenduak medikalizazioaren arazo nagusiak al dira? Nolako ondorioak dakartzate?
Neurriz gaineko diagnostikoak eta, ondorioz, neurriz gaineko tratamenduak bizitzaren medikalizazioaren arazoari gehitzen zaizkio; aldi berean, gizarte-joera askoren emaitza dira. Horiek zenbait ondorio dakartzate; adibidez, arrisku-faktoreak beldur-iturri bihurtzen dituzte, eta hortik gaixotasun bihurtzen dira. Azken urteetan, proba diagnostikoen kopurua handitu da, eta, horren ondorioetako bat da neurriz gaineko diagnostikoen gorakada.

Nolako neurriak proposatuko zenituzke osasun-sisteman bizitza desmedikalizatzeko eta sendagaien erabilera arrazionalagoa sustatzeko?
Bizitza desmedikalizatzeko zenbait ekintza jarri daitezke abian; horien artean osasun-alfabetizazioa, pertsonarengan oinarritutako preskripzioak, tratamendu ez-farmakologiko gehiago, kuaternarioko prebentzioa kontuan hartzea eta osasun-sistemak ingurumenean duen eragina murriztea.
Zergatik da osasun-alfabetizazioa medikalizazioari aurre egiteko funtsezkoa, eta nolako onurak ekar ditzake norbere osasuna hobeto ulertzeak?
Osasun-ezagutzak izatea funtsezko erronka da pertsonek beren osasunaren kontrol handiagoa izango dutela bermatzeko; horrela, osasun eta ongizate hobea izango baitituzte. Osasun-alfabetatze eskasak pertsonengan eta komunitatearengan eragiten duela konturatuko bagina, osasun-ahalduntzea ere lehentasun bihurtuko litzateke munduko agendetan, osasunaren eta garapen iraunkorraren erronka handiekin batera. Osasun-arloan alfabetatze-maila handienak dituztenek aukera handiagoa dute jokabide osasungarriagoak izateko, informazioa eta osasun-zerbitzuak jasotzeko eta horren arabera jarduteko.

Zer-nolako abantailak dituzte tratamendu ez-farmakologikoek? Osasun-sisteman horrelako gehiago preskribatzea ona litzatekeela uste duzu?
Tratamendu ez-farmakologikoen preskripzioak badu bere lekua, lehen mailako prebentzioan, bigarren mailako prebentzioan eta batez ere bizitzari irabazitako urteak urte osasuntsu bihurtzeko prozesuan. Gero eta ikerketa gehiagotan ari dira frogatzen jarduera fisikoaren onurak. Alde batetik, profesionalen artean tratamendu ez-farmakologikoak gehiago preskribatzea sustatu beharko litzateke, eta, beste alde batetik, pazienteei tratamendu horiek betetzea erraztu beharko litzaieke. Lan asko dugu denon artean egiteko, bai preskripzio ez farmakologikoa gehiago preskribatzeko eta bai gizartean horiek betetzera bultzatzeko.

Zer da prebentzio kuaternarioa, eta nola laguntzen du osasun-sistemaren kalte potentzialak txikitzen?
Prebentzio kuaternarioa edo laugarren mailako prebentzioa jarduera multzo bat da, esku-hartze medikoak eragindako kaltea saihestea, murriztea eta arintzea du helburu. Jarduera kliniko guztiek- proba diagnostikoek, prebentzio-jarduerek, agindutako botikek eta errehabilitazio-metodoek – onura bat bilatzen badute ere, denek dute arrisku minimo bat. Laugarren mailako prebentzioaren helburuetako bat da eguneroko bizitza desmedikalizatzea, osasunaren, gaixotasunaren eta arrisku-faktoreen gehiegizko definizioaren aurrean. Oro har, polimedikazioko esku-hartzeei buruzko berrikuspen sistematikoek erakutsi dute murriztu egin direla farmakoen kopurua eta preskripzio potentzialki desegokiak. Adibidez, despreskripzioak onurak ditu heriotza-tasan eta osasun-emaitzetan; horrela dakar uda honetan argitaratutako berrikuspen sistematiko batek.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other