Osakidetzaren Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak hamalau urte daramatza Uriben, Bilbon, Ezkerraldean eta Barrualdean tratamendu asertibo komunitarioa (TAK) eskaintzen. Osasun mentaleko arazoak dituztenak artatzen dituzte; bereziki, psikosiarekin lotutakoak. Gizartetik bakartuta daude asko, eta TAKeko profesionalak pazienteen ingurunera hurbiltzen dira haien etxeetan, aterpetxeetan eta kalean artatzeko; integratzen laguntzen diete, baita egunerokoan bakarrik egin ezin dituzten lanak egiten ere.
Urriaren 10a —Osasun Mentalaren Nazioarteko Eguna— egutegian ongi seinalatuta dagoen eguna da askorentzat. Osasun mentaleko arazoen ondorioz, askok eta askok denetariko errealitateak ikusi dituzte: batzuk etxeetan bakartzen dira, beste batzuk senideengandik urruntzen dira, eta, muturreko egoeretara jota, kalean bukatzen dute beste batzuek. Egoera horietan bizi direnei laguntzen die Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak, garrantzitsua iruditzen baitzaio laguntzea gaixotasun mental larriak dituztenak eta euren zaurgarritasuna bistaratzea, talde hauekiko estigma gutxitzeko.
Horiei laguntzeko, orain dela hamalau urte, TAK tratamendu asertibo komunitarioko ekipoak jarri zituzten martxan Bizkaian; zehazki, Uriben, Bilbon, Ezkerraldean eta Barrualdean. Horiez gain, kalean bizi direnentzat, ekipo berezi bat dago Bilbon, eta Bilboko Udaleko gizarte-zerbitzuekin batera lan egiten du.
Taldea honako profesional hauekin osatuta dago: psikiatrak, erizaintzako teknikari laguntzaileak, osasun mentaleko erizainak, eta gizarte-langileak. Horiez gain, barneko osasun mentaleko erizain eta psikiatra egoiliarrak daude. Noelia Aller TAKeko psikiatra da, eta azaldu du eskaintzen duten zerbitzua gizatasunean eta errekuperazioan zentratuta dagoela: «Horregatik, bulegoko ohiko testuinguru terapeutikoa erabiltzailearen ingurunera eramaten dugu”. Besteak beste, etxeetan, aterpetxeetan eta kalean artatzen dituzte pazienteak.
Lan egiteko modua
TAKeko profesionalek artatzen dituzten pazienteak osasun mentaleko zentroetatik, edo ospitaleetatik iristen dira. Kalean bizi direnak, arlo sozialetik ere etortzen dira, Bilboko Udalarekin dugun hitzarmen baten bidez. Gizartetik bakartuta bizi direnez, kasua aztertu eta baloratu ondoren, artatu beharrekoa eta haren ingurua ezagutzera joaten dira: «Bizi diren etxera, aterpetxera, edo kalean bizi badira, txoko horretara joaten gara, betiere haien espazioa errespetatuz». Lotura ezartzen saiatzen direla esan du Allerrek, oso garrantzitsua dela.
Arreta integrala ematen duen talde sanitarioa da, eta behar diren jarduera asistentzialak egiten ditu (farmakologikoa, osasun-zainketak, gizarte-laguntza…). Arreta integral horren bidez, taldea saiatzen da pertsonek ahalik eta funtzionamendu onena izaten maila guztietan, eta horrek dakar batzuetan laguntzea beste ekintza batzuetan: erosketak egitea, bankura joatea…
Pazienteak profesionalekin elkarlanean aritzen direla azaldu du psikiatrak: Euren zailtasunengatik sufrimendu handia izan dezakete, eta gure lana asko eskertzen dute». Errespetua, enpatia, eta jarrera irekia eduki behar dela dio. «Haiek markatzen dute denbora.
Feedbacka oso ona dela azpimarratu du: «Gure ustez, gehien-gehienek gogobetetze-maila altua dute taldeekin, eta laguntza gisa bizi dute gure lana. Oso ondo baloratzen dute ikusten dutelako norbaitek entzuten diela, ez dituela epaitzen, laguntzen saiatzen dela. Beste esparru batzuetan funtzionatu ez duten kasu zail batzuen kasuan ere, TAK taldeak laguntza-harreman oso ona izatea lortu du ». Familien laguntza ere ez du ahaztu nahi izan: askotan, euren laguntza funtsezkoa da, eta, laguntza hori gabe, ezin izango litzateke, kasu batzuetan, pazientearengana iritsi.
Ospitaleratze psikiatriko gutxiagoBizkaian, aurten, 440 lagunentzat izan da onuragarria TAKeko profesionalen lana. Horietatik 130 kalean bizi dira. Allerrek hauxe dio: «datuek erakusten dute gutxitu egin direla artatzen dituzten pazienteen ospitaleratzeak eta kontsultak, adibidez, larrialdietakoak. Horrek eragin positiboa du pazienteen bizitza-kalitatean eta osasun sistema guztiaren funtzionamenduan».
Profesionalen lana eta euren arteko koordinazioa nabarmendu ditu psikiatrak. Egunero batera lan egiten dute; beraz, etengabe ari dira pazienteen inguruan hitz egiten, baita hobetu beharreko esparruen inguruan ere.