Osakidetzako Bilbo-Basurtuko ESIan, Prebentzioko Oinarrizko Unitateak Osasunbiba proiektua garatu du, osasun-arloko langileen bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin. Apirilaren 28an plazaratu zuten, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Egunean.
Osasun-arloko profesionalek, herritarrak zaintzeaz arduratzen diren heinean, ardura handiko lana dute, eta horrek, batzuetan, estresa eragiten die. Horregatik, Bilbo-Basurtuko ESIan, Prebentzioko Oinarrizko Unitateak Osasunbiba proiektua abiatu du, profesional horien bizi-kalitatea hobetzeko xedearekin.
Elikadura, ariketa fisikoa, ongizate emozionala, loaren higienea eta tabakoa. Horiek dira Begoña Velascok, Prebentzioko Oinarrizko Unitateko erizainak, eta Beatriz Martinezek, Prebentzioko Oinarrizko Unitateko teknikariak, hizpide izan dituzten bost arrisku-faktoreak.
Osasunbiba proiektuaren buru Martinez eta Velasco badira ere, Prebentzioko Oinarrizko Unitateko profesional guztiek parte hartzen dute: «Talde-lana da. Gainera, bestelako zerbitzuek ere parte hartzen dute modu batera edo bestera. Zerbitzuetatik deitzen digute, gurekin lan egin nahi dutelako, eta nola lagundu dezaketen galdetzen digute». Nutrizionista, endokrinologia, psikiatriako errehabilitazioa eta komunikazio-arloa dira parte hartu duten zerbitzuetako batzuk.
Bost arrisku-faktore
Elikadurari dagokionez, langileen jantokietan menu osasungarriak egoteaz arduratu dira. Horretarako, erakundeak azpikontratatuta duen zerbitzuarekin lan egin dute: «Menua hobetzen saiatu gara, hornigaia patata frijituak bakarrik izan ez dadin. Eguneko menua euren esku egotea ere lortu dugu, aukerarik osasungarriena zein izango litzatekeen adieraziz, eta abar luze bat».
Bestalde, salmenta-makinak osasuntsuak izan daitezen ere lan egin dute hilabete hauetan guztietan. Menu smart-ak ere txertatu dituzte, hau da, hamabost egunetatik behin eskaintzen diren menuak. Betiko menu tradizionaletatik ezberdinak diren platerak, alegia. «Smart menuak ez dira ezagunak osasungarriagoak direlako bakarrik; izan ere, sasoian sasoiko elikagaiak lehenesten dituzte. Ingurumenerako hobeak dira, eta, elaborazioan ere, uraren eta energiaren kontsumoa murrizten dute», azaldu du Martinezek.
Beste faktoreetako bat, ariketa fisikoa da. «Estírate izena jarri genion kartel bat egin genuen, lanaldian luzatze-ariketak egin ditzaten laguntzeko, lesiorik ager ez dadin», dio Velascok. Horrez gain, Bilbo inguruko lasterketak finantzatu dituzte, langileek ariketa fisikoa egitera bultzatzeko. Besteak beste, bularreko minbiziaren kontrako lasterketa, Bilbo Night Maraton, Artxandako igoera, eta urte-amaieran egiten den San Silvestre lasterketa dira finantzatutako adibide batzuk.
Ongizate emozionala dute hirugarren arrisku-faktoretzat. ESIak Gorputza itzartzea izeneko tailerra antolatu du, «meditazioaren bidez nork bere burua zaintzeko eta emozioak kudeatzeko». Tailer horrekin, gorputzak eta adimenak lotura handiagoa izatea lortu nahi dute, eta arreta osoa unean jartzea, bai eta emozioak kudeatzeko barruko baliabideak garatzea ere.
«ELIKADURARI DAGOKIONEZ, LANGILEEN JANTOKIETAN MENU OSASUNGARRIAK EGOTEAZ ARDURATU DIRA. HORRETARAKO, ERAKUNDEAK AZPIKONTRATATUTA DUEN ZERBITZUAREKIN LAN EGIN DUTE»
Loaren higienea da ohitura osasungarriak sustatzeko bost arloetako beste bat. Behar bezala lo ez egiteak oroimena eta kontzentrazioa oztopa ditzake, Osasunbibako sortzaileek diotenez. «Gure langileen ehuneko handi batek txandaka lan egiten du, eta hori loaren alterazioekin lotzen da; zehazki, insomnioarekin. Horregatik, funtsezkoa da loaren higiene egokia sustatzea; ondorio horiek arintzen laguntzeko», gehitu dute.
Horrez gain, loaren inguruko inkesta bat garatu dute: langileei hobeto lo egiten lagunduko diete, inkestatik informazioa aterata eta gomendioak emanda. Gaueko txandaren ostean hobeto lo egiteko gomendioak ere emango dituzte.
Azkenik, tabakoa da arrisku-faktoreen multzoa osatzen duen bosgarren arloa. Bihotz-hodietako nahasmenduak eragin ditzake tabakoak, baita arnas-nahasmenduak eta tumoreak ere. Hala, tabakoa uzten laguntzeko eta arriskuok saihesteko, kontsulta bat jarri dute.
Bost arrisku-faktoreok banan-banan azaltzeko, gainera, webgune bat sortu dute. Bertan, esate batera, lasterketen gaineko xehetasun guztiak datoz (izena nola eman eta beste), eta erretzeari uzteko hitzordua eska daiteke.
Langileen erantzun positiboa
Proiektuari ekin aurretik, inkesta bat bidali zieten osasun-arloko profesionalei, zelako ohiturak zituzten jakiteko. Inkesta horietan jasotako erantzunei esker, jakin ahal izan dute zein esparrutan lan egin behar duten. Orain, proiektua abitu zutenetik urtebete pasatu ostean, berriro bidali nahi diete inkesta bat, «proiektuak nolako oihartzuna izan duen jakiteko».
«Oso harrera ona izaten ari da. Proiektua aurkezten dugun leku guztietan, egindako lanagatik zoriontzen gaituzte», adierazi du Velascok. Langileak eurengana etortzen direla dio Martinezek, eta egiten duten lanarekin oso pozik daude: «Erakundearen barruan horrelako proiektuak falta genituela esan digute askok, eta guretzat hori pozgarria da».
Tabakoa uzteko kontsultan, oso emaitza onak lortu dituzte: «Pertsona bakar batek erretzeari utziko balio, oso pozik egongo ginateke. Dena den, urte erdi inguru erre gabe daramaten kide bat baino gehiago ditugu, eta horrek jada erabat gogobetetzen gaitu».