Ez naiz laztan goxo eta antzuetan entretenituko. Nork bere burua laztantzeko erabiltzen duen bortizkeria baino ez dut aurkitu. Ez naiz fantasiazko bide berrietan galdu. Plazeraren erdigunera jo dut gupidarik gabe, zure irudia, zure edertasuna burutik kendu ezin nituela. Xaboiaren bitsarekin jolastu naiz titiak laztantzen nituen bitartean, eta erne jarri dira, gogor zure laztan esperoan. Paparretik gora abiatu dira nire esku asegaitzak, kolkoraino xaboia banatuz, azal beroa ferekatuz, gorputza lotsagabeki mugituz. Ipurdi masailei heldu diet ondoren, atximurka eginez, kobazulo ilunetan ausarki barneratuz». (Olatz Caminos. Saudade, Basa Gurina. Basauriko Euskarabila Lehiaketa. Txalaparta, 2006).
Olatz Caminos idazleak ekarritako pasarte hori izan liteke berak bizi izandakoa, desiratua, asmatutakoa, irakurleak kitzikatzeko edota irakurleari helarazteko zein den bere gogoa. Badaude hainbat eta hainbat istorio guk geuk edo beste batek asmatuak, sarri norberak bizi izandakoak, desiratuak… Irakurtzearekin edota gogora ekartzearekin nahikoa da gure barneko sua pizteko.
Tailerretan gai hau ateratzen denean, batzuek diote ez daukatela inolako fantasiarik, eta beste batzuek baietz, baina horri buruz berba egiteak xarma kentzen diela. Badaude bikotekidearekin istorio horiek partekatzen dituztenak euren arteko sugarra areagotzeko; beste batzuek, aldiz, ez dute partekatu gura; beste batzuk errealitatera eramateko momentuaren esperoan bizi dira; askok ez dute errealitatean gauzatu, jada ez zelako fantasia izango; hainbatek ez dute ezer esaten euren fantasiak ez direlako gehienetan entzuten ditugunak…
GARAI BATEAN, FANTASIA EZ ZEN GOZATZEKO; LOTSAGARRIA, ARRISKUTSUA ETA BELDURGARRIA ZEN
Galderak ere agertzen dira, ea fantasiak gure patologiaren edo gabezien isla diren, ea fantasian dagoena errealitatean gura dugun gertatzea, ea ohikoa den gure laguna ez den norbaitekin fantasiak edukitzea bikotekidea baldin badugu, ea norberaren sexu bizitza aberastuko duten, ea zelan den posible homosexuala izanez heterosexualekin fantasiak edukitzea edota alderantziz…
Galdera horiek gozamenaren bidea oztopatzen dute. Fantasiek ez digute inolako kalterik egingo. Goza dezagun, bada!
Baina batzuetan ez da hain erraza, aspaldiko aurreiritziek kolokan jarri baitute gozamena.
70eko eta 80ko hamarkadak baino lehenago psikoanalisitik etorritako mezu batzuek ez zuten lagundu: «Pertsona zoriontsu batek ezin du fantasiarik eduki, eta bakarrik asegabekoek edukitzen dituzte».
Psikologiaren munduan jokabide kriminal eta patologikoak aurreikusteko fantasien ikerketa erabili zenez, ez zen oso lagungarria izan. Moralak ere izugarrizko indarra zuen orduan. Beraz, fantasia ez zen gozatzeko, beldurgarria, arriskutsua edota lotsagarria baino.
30eko hamarkadan, Kinsey doktorearen ikerketari esker, eta geroago Nancy Fridayren liburuko (My secret Garden, 1973) andrazkoen sexu fantasiei buruzko antologiari esker, gauzak aldatu egin ziren, fantasien munduen bidea zabaldu baitzuten. 1995ean egindako ikerketa baten ondorioek erakutsi zuten aurrerago ikusitakoa, gizonen eta andreen %95ek fantasiak dituztela eta ez direla patologia edo asegabekoen sintoma, justu kontrakoena baizik.
Nork bere fantasia dauka, eta askotan bat baino gehiago, bere plazeraz gozatzeko. Sarri pentsatzen dugu heterosexualen fantasia larrua jotzeko jarreren nahasmena dela, baina hori fantasien zati txikitxo bat baino ez da.
Gure sexualitatearen bizipenetan oinarrituta daude; askotan, kontziente ez garen gauzetan eta bizi izandakoan ere bai; batzuetan desioak adierazten dituzte, eta besteetan beharrak; ez diete fisikako legeei jarraitu behar, ezta logikakoei edota zentzuzkoei ere.
Fantasian edozer gerta liteke, edozein momentutan, edozein tokitan, edozein mutil edota neskarekin, animaliekin, ezezagunekin, aurpegi bako inorekin, edo norberarekin, lurrarekin, eguzkiarekin edota urarekin; edozein jokabide eta jarrera onargarria da… Denak balio du. Gure irudimenean ere badago errealitatea; eremu hori beti da segurua, geure burua babesteko lekua da eta.
Gure baitan gozatzeko eta barrenak askatzeko daramagun baliabide bat da; errealitate bihurtuz gero, momentu horretan, gehienetan, fantasia izateari utziko dio.
Gozatu eta gozarazi!