agenda » urria | HARPIDETU BULETINERA

Lezako Errehabilitazio Zerbitzua: diziplinen arteko lanaren emaitza

Lezako Ospitaleko Errehabilitazio Zerbitzuak diziplina anitzeko lantaldea osatu du, eta disfagia-protokoloa martxan jartzen lehenengo zentroa izan da. Askotariko profesionalen arteko lana eta jakintzak aplikatuz, zerbitzua garatzea lortu dute. Eta haien xedea da pazienteen bizi kalitatea hobetzea. Horretarako, lan egiteko moduak berritu, eta helburu komunak finkatu dituzte.

Osakidetzaren Sareko egonaldi ertain eta luzeko zentroetako bat da Lezakoa (Arabako Errioxa), eta, bertan, ospitaleratutako paziente kroniko pluripatologikoak eta errehabilitazio-prozesuan dauden pazienteak artatzen dituzte. Halaber, Arabako Lurralde Historikoko pazienteak ere artatzen dituzte zentroan.

Fisioterapia-zerbitzuak ibilbide luzea du Lezako Ospitalean; 2022an terapia okupazionala eta logopedia txertatzeari esker, errehabilitazioari dagozkion helburuak betetzen dituen lantalde profesionala bildu dute, errehabilitazio-premia bereziak dituzten pazienteak artatzeko. Gaur egun, sei fisioterapeutak, logopeda batek, terapeuta okupazionaleko profesional batek eta bi EZOTek osatzen dute taldea. Besteak beste, errehabilitazioko eta barne medikuen, erizainen eta gizarte langile baten laguntza ere badaukate.

Prozedurak eta tratamenduak etengabe berrikusi eta berregokitzen dituzte, pazienteen autonomia-maila gorena lortzea baita haien konpromisoa. Diziplinen arteko lankidetzan oinarritzen dute euren metodologia, eta interakzioak eta sinergiak sortzen dituzte pazientearen bilakaera hobetzeko modu berriak aurkitzeko. Diziplina anitzeko talde integratu horrek paziente bakoitzarentzat errehabilitaziorik onena lortzeko kohesionaturik eta lerrokaturik lan egiten dute, programa baten esparruan eta helburu berdinak partekatuz, emaitzak optimizatzeko. Hala, paziente bakoitzak beharren araberako tratamendu integrala jasoko duela bermatzen dute.

«PAZIENTE BAKOITZARI ARRETA PERTSONALIZATUA ESKAINTZEN ZAIO AHALIK ETA BERRESKURATZE-MAILA ETA AUTONOMIA FUNTZIONALIK HANDIENA LORTZEKO»

Lantaldea, era berean, pazienteen errekuperazio-prozesuan inplikatuta dauden ospitalizazio-zerbitzuko profesionalekin koordinatuta dago: barne-medikuntza, erizaintza, erizain laguntzaileak eta abar. Koordinazio horretarako, batetik, Solairuko zainketen jarraipena delako prozedura jarri dute martxan. Prozedura horren helburua da solairuko langileei errehabilitazio-prozesuetan laguntzeko tresnez hornitzea, eta langile horiek, era berean, aurrerabideari buruzko feedbacka helarazten diete Lezako Errehabilitazio Zerbitzuko kideei. Horrela, lortu beharreko helburuak berregokitzen joaten dira, paziente bakoitzak autonomia-maila gorena lor dezan. Halaber, beste prozedura bat sortu berri dute Terapia Okupazionaleko alorrean – PAEC gaztelaniazko siglekin ezaguna- ingurunea pazientearen egoera berrira egokitzea helburu duena. Piktogramez osaturiko liburuxka bat ere sortu dute, komunikatzeko zailtasunak dituzten pazienteei zuzendua.

Etengabeko prestakuntzaren aldeko apustua egiten duen taldetzat dute euren burua Lezako Ospitaleko Errehabilitazio Zerbitzuko profesionalek: talde-barruan saio klinikoak antolatzen dituzte errehabilitazioko patologia subsidiarioei buruz, hala nola aurpegiko paralisiak eta afasiak. Prestakuntza ere ematen diete ospitaleko beste profesional batzuei gai jakinen inguruan; besteak beste, disfagia, zoru pelbikoa eta pazienteentzako transferentziak.

Lezako Ospitaleko Errehabilitazio Zerbitzuko lantaldekideak.

Formazioaren esparruan, informazioa eta prestakuntza eskaintzen diete senide eta zaintzaileei, horretarako, Errehabilitazio Txokoa erabiltzen dute baliabide gisa. Txoko horretan, erakusgai jarri dituzte errehabilitazio-taldeak diseinatzen dituen kartelak: gaia eta edukiak aldatuz doaz, eta ospitaleko pazienteei eragiten dieten patologia garrantzitsuenak lantzen dituzte: iktusa, disfagia…

Disfagia-protokoloa martxan
Taldeak disfagia-protokolo bat sortu eta abiarazi du, inplikatutako ospitale-arlo guztiekin koordinatuta, eta inplementazio-prozesu betean dago. Disfagia-protokoloa gida edo prozedura bat da, irensteko zailtasunak dituzten pazienteak ebaluatzeko, tratatzeko eta maneiatzeko erabiltzen dutena. Osakidetzan dagoen lehena da eta pazienteen suspertze edo errehabilitazioan parte hartzen duten ospitaleko sektore eta osasun-zerbitzuko profesionalen talde-lanaren emaitza da: internistak, erizainak, fisioterapeutak, terapeuta okupazionala, dietista, sukalde-zerbitzua, logopeda…

Helburu gisa dute disfagiarekin lotutako konplikazioak prebenitzea —hala nola biriketako xurgapena, arnas-infekzioak, pneumoniak, desnutrizioa, deshidratazioa eta abar sendatzea— eta hala pazientearen bizi-kalitatea hobetzea. Protokoloak beharrezko urrats batzuk ezartzen ditu disfagiaren errehabilitazioan lan egiteko. Urrats horien artean daude hasierako ebaluazioa, historia klinikoa, miaketa fisikoa eta funtzionala, behaketa-proba eta/edo proba instrumentalak.

Protokoloak euren lan egiteko modua islatzen du, paziente bakoitzari arreta pertsonalizatua eskaintzen zaio ahalik eta berreskuratze-maila eta autonomia funtzionalik handiena lortzeko helburuarekin. Ikuspegia pazientearengan zentratzen da eta tratamendu egokituak balorazio ona jasotzen ari dira. Izan ere, ikusi dute artatzen dituzten pertsonen bizitzan benetako aldea eragiten dutela. Bi urteren ondoren, ondorio da lankidetza eta diziplinartekotasuna funtsezkoak direla errehabilitazioan arretarik onena emateko, eta inpaktua positiboa izaten ari dela.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other