agenda » urria | HARPIDETU BULETINERA

Heziketaren garrantzia osasun prebentzioan

2024ko urtarrilean, Osakidetzako Biobizkaia Osasun Ikerketa Institutuak Sunrise proiektua jarri zuen abian, Europa-mailan minbiziarekiko zegoen kezka zela eta. Urte eta erdi daramate programa garatzen herrialde askotako enpresekin, zentro teknologikoekin, eta unibertsitateekin. Egitasmoa Euskadiko hamar ikastetxetan ezarriko dute, eta 2025-2026 ikasturterako iragarpen horiek betetzea espero dute.

Tabakoa, marihuana, alkohola, dietak… Horiek denek gehiago dute txarretik, onetik baino. Gero eta nerabe gehiago hasten dira gazterik horiek kontsumitzen. Baina gutxik dakite horrek zer-nolako ondorioak ekar ditzakeen. Minbizia da ohitura txar horien ondorioetako bat. Hain justu ere, prebentzioa eta kontzientziazioa bultzatzeko, Osakidetzako profesionalek Sunrise proiektua sortu dute. Eunate Arana Arri Nazioartekotze Unitateko arduraduna da Biobizkaia Osasun Ikerketa Institutuan, eta beste lankide batzuekin batera, proiektua garatzen dihardu.

«Nik ez dut minbizia pairatuko, niri ez zait ezer gertatuko. Nire aitonak asko erretzen zuen, eta ez du minbizia garatu. Denok dugu erretzen duen inguruko norbait, eta hori da askok eta askok esaten dutena: niri ez zait ezer gertatuko». Minbiziaren inguruan kontzientzia falta dela dio Aranak, eta euren helburua da ohitura txarrek izan ditzaketen ondorioak umeei eta nerabeei ikusaraztea.

Programa bat baino gehiago ditu proiektuak, eta horiek hartu, aztertu, eta herrialde edo ikastetxe bakoitzera egokitzea izango da ikertzaileen egitekoa: «Ikastetxe batek egoera sozioekonomiko bat izan dezake, eta beste batek beste egoera bat. Beraz, denetara egokitu behar». Ikastetxeetan txertatuta, betirako iraungo duen programa egin nahi dutela azaldu du: «Guk ez dugu programa bat eraiki nahi, lau urteko egitasmo bat egin, eta gero horrek jarraipenik ez izatea. Betirako izango den programa bat ezarri nahi dugu ikastetxeetan».

Heziketak proiektuan duen garrantzia azpimarratu du Aranak. Osasun-mailako heziketa neurtuko dute lehenik eta behin: «Ikastetxeetara joango garen lehenengo egunetan, osasunaz zer dakiten neurtuko dugu. Hori hobetu nahi dugu». Kontzientzia garatzeko informazioa izatea ezinbestekoa baita.

Programen metodologia
Sunrise proiektua osatzen duten programa asko jada Europako herrialde batzuetan martxan jarri dituztela azaldu du Aranak. Suitzan, esaterako, Zuricheko unibertsitateak, Whatsapp aplikazioaren bitartez, erretzeak ekar ditzakeen ondorioez kontzientzia sortzeko programa bat garatu du: «16-18 urteko nerabeei mezuak bidaltzen dizkiete, eta, horri esker, adin tarte horretako
% 30ek tabakoaren edo marihuanaren kontsumoa gutxitzea lortu dute».

Ikastetxeetan erabiliko duten beste programa bat Greziatik dator. Umeek osasuntsu jan dezaten, robot txiki batzuk sortu dituzte, «social robot izenekoak». 10-14 urteko umeekin erabili dituzte, eta helburu nagusia da umeek dieta osasuntsuak izatea.

«GUK EZ DUGU PROGRAMA BAT ERAIKI NAHI, LAU URTEKO EGITASMO BAT EGIN, ETA GERO HORREK JARRAIPENIK EZ IZATEA. BETIRAKO IZANGO DEN PROGRAMA BAT EZARRI NAHI DUGU IKASTETXEETAN»

Belgikako Ganteko Unibertsitateak garatu duen egitasmoak ere lekua izango du Sunrise proiektuan. Influencer-ek sare sozialetan zabaltzen dituzten mezuak eta iragarkiak ulertzean datza. «Horrek nerabeei lagunduko die; izan ere, gai izango dira kritikoki gogoetatzeko. Influentzia txarrak ekidin nahi ditugu», azaldu du Aranak.

Ikasleentzako programa horiez gain, umeek etxetik jasotzen duten heziketak garrantzi handia duela azpimarratu du ikertzaileak. Hori horrela, gaia gurasoekin lantzeko metodologia bat garatu dute: «Ikastetxe bakoitzean guraso batzuk aukeratu dituzte, eta gu horiekin zenbait egitasmo lantzen ari gara; batzarrak, esaterako. Gainontzeko gurasoei ere gure proiektua heltzea nahi dugu, eta, horretarako, pentsatu dugu ikasturte hasieran gurasoekin egiten den batzarrera joatea eta proiektua azaltzea».

Geratzeko etorri da
7.500 ikasle, 150 ikastetxe eta Europako zortzi herrialde. Hori da Sunrise proiektuaren jomuga. Europako zortzi herrialde horien artean dago Euskadi. Hamar ikastetxetan eta 1.000 ikasletan probatuko dute proiektua, eta dagoeneko lauzpabost ikastetxerekin hitz egin dutela azaldu du.

Nerabeekin lan egitea erronka handia izango dela dio Aranak, baina orain arte izan diren ikastetxeetan erantzun ona jaso dutela adierazi du: «Oso pozik daude gurekin. Joan izan garenean, horrelako proiektuak oso beharrezkoak direla esan digute». Izaten ari diren harrerarekin, ikerketa taldea oso gustura dagoela gehitu du.

Etorkizunera begira, egitasmoa Euskadiko ikastetxe gehiagotara hedatzea espero dute: «Lau urte ditugu hamar ikastetxe horiekin gogor lan egiteko. Horietan funtzionatzen duen guztia baliagarria izango zaigu gainontzeko ikastetxeetan aplikatzeko. Ahalik eta gehien hedatzea lortu nahi dugu eta».

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other