agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

“Edozein gertaera traumatikok eragin izugarria izaten du haurrengan”

Ainhoa Zabaleta Rueda • Osakidetzako Lehen Mailako Arretako pediatra

Emakumearen aurkako indarkeria munduan gehien hedatu den biolentzia mota da. Baina genero-indarkeriak ez die emakumeei bakarrik eragiten, seme-alabengan edo etxean bizi diren beste adingabeengan ere eragin handia baitu. Ainhoa Zabaleta Rueda (Donostia, 1981) Lehen Mailako Arretako pediatra da Osakidetzaren Pasai San Pedroko Anbulatorioan, eta haur eta nerabeek genero-indarkeriaren eraginak pairatzen dituztela nabarmendu du argitaratu berri duen artikuluan.

Genero-indarkeria pairatzen duten emakumeen seme-alabek eta etxean bizi diren beste adingabeek ere jasotzen dute eragina?
Oso garrantzitsua da jakitea etxe batean egon daitekeen genero-indarkeria modu askotan azaleratzen dela. Indarkeria fisikoaz gain, psikologikoa, sexuala eta ekonomikoa ere egon daiteke. Giro horretan hazten diren umeek amaren beldurra ikusten dute, kolpeak ikusten dituzte, mehatxuak, eztabaida… Nahiz eta haiek kolpe bat aurrez aurre ez ikusi, giro bortitz horretan hazten dira, non menderatze-harremanak edota abusuzko tratuak onartu egiten diren. Kalte fisikoa ikusi ez arren, amaren egoera latza nabaritzen dute, eta horrek eragina dauka haurraren garapenean, fisikoan eta psikologikoan.

Familia gizarteratzeko eta sozializatzeko daukagun lehen sistema da. Hortaz, genero-indarkeria dagoen etxeren batean, gizonak emakumearekiko duen nagusitasuna normalizatzen den testuingururen batean haz daitezke haurrak. Legez, haurrak biktima zuzenak dira 2015. urtetik, biolentziaren testigu izan edo ez.

Noiztik has daitezke indarkeriaren eraginak haurraren garapenean?
Esaten dute haurraren bizitzaren lehen 1.000 egunak direla bere garapenean garrantzitsuenak. Haurdunaldiko lehen egunetik hasten da aldi hori, eta emakumearen sabelean dagoenetik jaso dezake indarkeriaren eragina. Esate baterako, amaren gehiegizko estresak kortisola igo dezake. Biolentzia etengabekoa denean, kortisol-maila denbora guztian goian egoten da era kroniko batean, eta eragin zuzena du fetuaren nerbio-sistema zentralean. DNA sisteman ere aldaketak sorrarazten ditu indarkeriak, «aldaketa epigenetikoa» esaten diotena. Geneen adierazgarritasuna aldatzen da, eta eraldaketa hori heredatu egin daiteke haur horrek etorkizunean izango dituen umeengan. Edozein gertaera traumatikok eragin izugarria izaten du haurrengan.

Haur edo nerabe horiek jasaten duten indarkeriaren arabera ere esposizio-maila batzuk identifikatzen dira, ezta?
Bai. Esate baterako, amaren aurkako indarkeria ikus dezakete, eta haurrek ere eraso hori jasan dezakete. Mehatxuak ere egoten dira tartean, nerabeari eginikoak. Adibidez, umeak izan dezakeen partaidetza ere indarkeria bezala identifikatzen dugu. Umeak edo nerabeak erasotzaileari obeditzen dio, eta ama zelatatu edo salatu egiten du. Amaren ondorio fisikoaren edo emozionalaren eragina ere jasaten dute umeek. Genero-indarkerian jaso ditzaketen esposizio-mailak askotarikoak dira, eta inpaktua ere bai. Batzuetan uste dugu ume horrek eraso fisikorik ikusten ez badu, jasotzen duen inpaktua txikia dela, baina ez da horrela izaten. Faktore asko daude, hain begi-bistakoak ez direnak batzuetan.

«OSO ARGI DUGU BIOLENTZIA DENBORAN LUZATZEN DENEAN, ONDORIOAK LARRIAGOAK IZATEN DIRELA»

Osakidetzako Lehen Mailako Arretako pediatra zaren aldetik, zer nabarmenduko zenuke esposizio-maila horien inguruan?
Zerikusi handia du haurraren adinak. Zenbat eta txikiagoak izan, orduan eta ondorio larriagoak izaten dituzte. Beti da larriagoa indarkeria zuzenean ikustea, eta biolentzia zenbat eta handiagoa izan, hainbat eta handiagoa da pairatzen dutena. Umearekin lanketa egiteko garaian ere, asko baldintzatzen du nolako indarkeria ikusi duen etxean. Oso argi dugu biolentzia denboran luzatzen denean, ondorioak larriagoak izaten direla.

Erantzukizun handia dugu osasungintzatik, prebentzio-lanak egiteko eta lehenbailehen detektatu eta kalteak murrizteko. Ardura handia daukagu.

Beste indarkeria-mota batzuk ere aipatzen dituzte, hala nola indarkeria bikarioa.
Emakumeari min egiteko haurrengan egiten den indarkeria da. Emakumeari eman nahi zaio min, eta kaltea haurraren bidez egiten zaio. Haurrak zauritzea edo hiltzea emakumeari muturreko mina eragitea da. Animalien aurka edo etxeko beste pertsona batzuen aurka ere praktikatzen da biolentzia mota hori; adibidez, gurasoen aurka. Oso larria da, eta hiru urte besterik ez da legeak indarkeria mota hori aitortzen duela. Aurten hamar ume hil dituzte, eta 2013. urtetik hona guztira 63 dira. Uste dut ez dugula behar bezainbeste ezagutarazten datu horrek dakarrena.

Erakundeek ere indarkeria ezabatu edo areagotu dezakete?
Instituzio eta administrazioek ardura handia dugu. Indarkeria estrukturala da etxe barrukoa, sozialki onartu egiten baita gizonak emakumearekiko dominantzia duela. Prebentzioa, detekzio azkarra, eta erantzun egokia emateko ardura eta beharra ditugu; baita erreparazioa ere, legeak dioen moduan. Administrazioko langileok formazio eta informazio nahikorik ez badugu, gure zeregina desegokia izan daiteke. Beste biolentzia-mota bat sor dezakegu biktimekiko: biolentzia instituzionala.

Bularreko haurretik hasita, nerabea izan arte, genero-indarkeriak sor ditzakeen hainbat ondorio identifikatzen dituzte haurraren etapetan. Moztu daiteke ondorio negatiboen garapen hori umea hazten ari den bitartean, edo saihestezina da?
Goiz identifikatu eta lantzen bada, garapena urriagoa izango da, eta ondorioak leunagoak.

Guztiz desagerraraztea ere lor daiteke. Gizarte-langileak, osasun-langileak, eskola, polizia… Administrazio guztia geure artean ongi koordinatzea oso garrantzitsua da egoera lagungarriak sortzeko. Hala ere, jakin behar da haurrek dituzten sintomak ez direla batere espezifikoak, eta aita eta amarekiko leialtasun arazoak izan ditzaketela. Haiek ez dira kontsultara etortzen beren etxean zer gertatzen den esatera, baina sintomak identifika daitezke.

Osasun-arloko kontsultetan nola jokatzen dute horrelako kasuetan?
Osakidetzak gida bat argitaratu zuen aurreko urtean horrelako egoerei era egokian erantzuteko. Formula espezifiko bat dugu, pertsona horien larritasun-maila jakiteko. Hau da, haien bizitza arrisku handian ote dagoen. Alde horretatik, lanketa bat edo beste egiten da, irtenbide onena bilatzeko.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other