Osakidetzaren Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko (GOMS) Berdintasun Batzordeko kide dira Edurne Zapirain, Roser Martinez, Raquel Plata eta Andrea Gabilondo, ikerketa munduan arrasto sakona utzitako lau emakume ikertzaile. Azken urteotan zientzia munduan genero arrakala txikituz joan dela uste dute, baina oraindik ere gabeziak antzematen dituzte, hala nola denbora nahikoa izatea kontziliaziorako.
Zientziaren eta teknologiaren bilakaera gizonezkoen eskutik joan izan da betidanik oro har, edo, hobe esanda, gizonezkoek bereganatu izan dute aitortza nagusiki, haiek egindako ikerkuntzak izan baitira historiaren eredu eta oinarri. Era berean, emakumezkoen ahaleginak zapalduak eta isilduak izan dira urte askoan, apenas jaso duten aitortzarik gizonezkoekin alderatuta, eta oztopo eta erronka handiei egin behar izan diete aurre entzunak izateko eta beren lanari balioa emateko. Alabaina, urteen poderioz errealitate hori aldatuz joan da, eta, nahiz eta oraindik ere maila berean ez izan, badira profesionalki diharduten emakumezko zientzialariak, gizartea bera ere ari baita pixkanaka horren inguruko aurreiritziak hausten eta emakumezkoen lanari balioa ematen.
Erakunde publikoek ere gero eta apustu handiagoa egiten dute emakumezkoen lana aitortzearen alde; besteak beste, horren eredu da GOMS Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sarearen barruan sortutako Berdintasun Batzordea. Talde horren helburu nagusia da emakumezko eta gizonezko profesionalen arteko arrakala txikitzea, elkarlana sustatzea eta emakumezkoei merezi duten tokia ematea. Izan ere, batzordeko kideen hitzetan, «gizonek eta emakumeek zientzian elkarrekin eta modu orekatuan parte hartzeak asmo handiko helburuak lortzea ahalbidetzen du, gure gizartearen ezagutza beharrei erantzun hobea eta zuzenagoa emateaz gain».
Edurne Zapirain, Roser Martinez, Raquel Plata eta Andrea Gabilondo gaur egun ikertzaile gisa jarduten duten emakumeetako lau dira, laurak Osasun Mentaleko eta Biogipuzkoako Arreta Psikiatrikoko ikerketa-taldeko kide. Gabilondo, gainera, GOMSeko ikerketa zuzendari izendatu dute aurten. Gai izan dira ikerketa proiektu propioak diseinatu eta garatzeko, galdera, zalantza edo kezka batetik abiatuta, eta, beren ahaleginari esker, inspirazio iturri bihurtu dira antzeko interesa duten langileentzat, Osakidetzaren barruan oso garrantzitsuak diren proiektu batzuen buru izatera iritsi baitziren.
Interesak bultzaturik
Halaber, sentitu izan duten jakin-minagatik eta lan egiteko gogoagatik izan ez balitz, ez lituzkete lorpen horiek guztiak eskuratuko. Hala baieztatu du Gabilondok: «Jakin-mina da funtsezko motorra, eta hori guztiok badaukagula uste dut; hasteko helburu oso xumeak ezarri eta ikasiz joan behar da, egia bada ere, laguntzen duen ingurunerik gabe motibazioa desagertu egiten dela».
«GAUZAK ERRAZTU BEHAR DIZKIEGU INTERESA DUTEN PERTSONEI, GURE ERAKUNDEAN IKERKUNTZAREN KULTURA PIXKANAKA-PIXKANAKA SORTZEN SAIATZEKO»
Andrea Gabilondo
Ia bokazioz jardun dute laurek; Zapirain psikiatrak argi eta garbi izan du beti ikertu nahi zuena zela emakumearen osasun mentala jaiotza inguruko denboraldian. Izan ere, haren arabera, denbora tarte hori «psikopatologia bat lehenengoz edo berriz agertzeko zaurgarritasun aldia da amarentzat». Hala, 2010. urtean, lan klinikorako diziplina anitzeko talde bat sortu zuten GOMSen, eta Zapirain bera izan da talde horren buru harrezkero. 3 urte geroago, bidea urratzen jarraitu zuten, beste osasun zentro batzuetako emaginekin elkarlanean, eta lehenengo bottom-up ikerketa proiektua egin zuten. 2016 eta 2018 bitartean garatu zuten mugarri garrantzitsu bat izan zena: proiektu pilotu bat diseinatu zuten jaiotza inguruko etapan dauden emakumeen depresioa eta antsietatea goiz atzemateko eta horretaz arduratzeko, eta emaitza oso onak lortu zituzten. Amatasuna izena hartu zuen programa horrek, eta 2021etik GOMSeko OMZ guztietan ezarri zen.
«DENBORAREN KUDEAKETA HOBETZEA ZEREGIN PROFESIONAL HORI AINTZATESTEKO MODUA IZANGO LITZATEKE»
Edurne Zapirain
Martinezen kasuan, berriz, patologia jakin batzuetan gaixotasun mentalaren tratamendua hobetzea izan du xede nagusi. Haren ustez, baliabide gehiago jarri behar dira horiei aurre egiteko, hala nola eskizofreniari, nahasmendu bipolarrari edo substantzien kontsumoaren ondoriozko nahasmenduei. Katalunian egin zituen mediku ikasketak, eta 2017an hasi zen GOMSen. Orain dela hiru urte Eguneko Arreta Intentsiboko Unitatean (EAIU) hasi zen laguntza lanean, eta, azkenaldian, Biogipuzkoaren Osasun Mentala eta Arreta Psikiatrikoa aztertzeko ikerketa taldean dihardu. Bottom-up motako bi ikerketa proiektutan dabiltza aurten buru-belarri: Eguneko Arreta Intentsiboko Unitatean, batetik, eta EHU Euskal Herriko Unibertsitatearekin, bestetik. Proiektu horien ikertzaile nagusia da Martinez, eta 2023tik World association on Dual Disorders Elkartearen Batzorde Nazionaleko kidea.
«ERRAZTASUN GEHIAGO EGON BEHARKO LIRATEKE IKERKETA-JARDUERA AMATASUNAREKIN UZTARTZEKO»
Raquel Plata
Haurren eta nerabeen egoera hobetzeko aritzen da lanean Plata. Unibertsitatean Terapia Okupazionala ikasi zuen, eta ikasketak abiatu bezain pronto jakin zuen osasun mentalaren arloan jardun nahi zuela. Orain dela hamar urte iritsi zen GOMSera, hain zuzen, Arreta Goiztiarreko Unitatera, Haur eta Nerabeen Psikiatria lantaldera. Orduan zabaldu zitzaizkion ikerketari heltzeko ateak, bottom-up proiektuen bidez. Beste erakunde batzuekin ere aritu da halako proiektutan, besteak beste, Nova Southeastern Universityrekin eta Universitat de Valènciarekin, eta beti haurren garapenean ardaztuta. Orain dela bi urte, beste erronka bati heldu zion: patologia mental bat duten amen umetxoengan alarma seinaleen detekzioa ikertzen ari da.
Denbora eta kontziliazioa
Emakumeak zientzian aritu ahal izateko baldintzak hobetuz joan dira urteen poderioz. Hala ere, lau ikertzaileek uste dute hobetu daitekeela denboraren kudeaketari eta kontziliazioari dagokienean. Denboraren kudeaketa hobetzea zeregin profesional hori aintzatesteko modua izango litzatekeela uste du Zapirainek.
«GENERO IKUSPEGIA GERO ETA GEHIAGO APLIKATZEN DA IKERKUNTZAN»
Roser Martinez
Dena den, Martinezek aurrerapausoak sumatu ditu: «Gizonek eta emakumeek baldintza berdinetan lan egiteari esker, genero ikuspegia gero eta gehiago aplikatzen da ikerkuntzan». Plataren ustez, gaur egun generoa ez da oztopoa ikerkuntzan aritzeko, baina ikerketa-jarduera amatasunarekin edo zaintzarekin uztartzeko erraztasun gehiago egon beharko liratekeela uste du.
Laguntza eta babesa jo ditu funtsezkotzat Gabilondok bide horretan aurrera egiteko: «Hori aldatzea nahi badugu, gauzak erraztu behar dizkiegu interesa duten pertsonei, gure erakundean ikerkuntzaren kultura pixkanaka-pixkanaka sortzen saiatzeko».