agenda » urria | HARPIDETU BULETINERA

Eguzkiak onurak ditu, baita kalteak ere

Osakidetzaren Zallako Osasun Zentroko Dermatologiako erizaintza-taldeak eguzkia hartzearen onurei eta arriskuei buruzko hitzaldi bat eman du herriko kultur etxean, baita osasuntsu egoteko gako batzuk azaldu ere. Marian Rubio Carbajo eta Izaskun Diaz Junguitu erizainak aritu ziren hizlari lanetan.

Eguzkia da uda sasoiko protagonista. Denak egoten dira hari adi, hura noiz azalduko zain plan bat edo beste bat egiteko: hondartzara joateko, mendira, igerilekura, oporretara… Eta, bide batez, beltzaran egon ahal izateko, nork bere burua ederrago ikus dezan. Alabaina, arrisku asko daude horren guztiaren atzean, ezjakintasun handia eguzkiak azalean sor ditzakeen kalteen inguruan. Hori ikusirik, Zallako Osasun Zentroko Dermatologiako erizaintza-taldeak informazio-bilera bat antolatu zuen udalerriko kultur etxean. Zehazki, eguzkiak osasunean dituen onurak azaltzeaz gain, larruazalean gaixotasunik ez izateko hartu beharreko neurriei buruz jardun zuten.

«ZURE ITZALA ZENBAT ETA LUZEAGOA IZAN, ORDUAN ETA KALTE GUTXIAGO EGITEN ARI ZAIZU EGUZKIA; IA EZ BADUZU ITZALIK SORTZEN, BETE-BETEAN JOTZEN DIZULAKO DA» Marian Rubio Carbajo

Marian Rubio Carbajo eta Izaskun Diaz Junguitu erizainak arduratu ziren herritarrei azalpenak emateaz. Orain dela bi urte eman zuten aurrenekoz eguzkia zentzuz hartzeari buruzko hitzaldia, eta, harrera ona izan zuela ikusita, aurten berriro egitea erabaki zuten. Haiek izan ziren ahotsa, baina ezin aipatu gabe utzi prestaketa lanetan orain arte bidelagun izan dituzten profesionalak: Bea Laiz Orizaola, aurten erretiratu den lankide espezializatua; Eva Diez Lopez, lankide espezializatua eta Zallako osasun zentroko erizaintzako ikuskatzailea; eta Belen Navajas Pinedo, dermatologoa. Izan ere, osasun zentro horretan, erizaintzako kontsulta propio bat daukate dermatologiarekin lotutako kasuetarako, eta horregatik aritzen dira elkarlanean erizainak eta dermatologoak.

Helburu argia zuen, beraz, tailerrak: herritarrak eguzkiak sor ditzakeen arriskuez kontzientziatzea. Lehenik eta behin, entzuleei azaldu zieten larruazala organo bat dela, organismoko handiena, eta haren funtzio nagusia dela barrera gisa jardutea, hau da, substantzia kimiko kaltegarriak, alergenoak eta mikroorganismo patogenoak gorputz barrura igarotzea saihestea, baita deshidratazioa ekiditea ere. Baina larruazala kaltetuz gero, gorputza babesik gabe geratzen da, eta gaixotasunak agertu daitezke.

Eguzkiak bidaltzen dituen izpi ultramoreak dira sarritan larruazaleko kalte horien erantzule. Hiru motatakoak izan daitezke: UVA, UVB eta UVC motatakoak. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu, baina Rubiok eta Diazek nabarmendu dute hiru mota horietatik UVCkoak direla kaltegarrienak, arriskutsuenak. Halaber, UVA motako izpiek hodeiak zeharkatzen dituztenez, bai eta kristala eta arropa fina ere, larruazalean gehiago sakontzen dute, eta zimurrak nahiz orbanak eragiten dituzte. Solariuma aipatu dute adibide gisa, mota horretako izpiak jasotzen baitituzte bezeroek halakoetan.

Itzala ez da nahikoa
Frogatuta dago eguzkiak onurak ere badituela osasunean: D bitamina sintetizatzen du; propietate terapeutikoak ditu dermatologiarekin lotutako gaixotasun batzuetan, hanturaren aurkako eragina duelako: psoriasia, aknea, dermatitis atopikoa…; globulu zuriak ugaritzen ditu; izpi ultramoreek melatoninaren ekoizpena erregulatzen dute; eta, serotonina areagotzen duenez, onurak ditu aldartean.

«BI EDO HIRU ORDUAN BEHIN EMAN BEHAR DA KREMA, GUTXIENEZ 30EKO BABESA DUENA»
Izaskun Diaz Junguitu

Dena den, eguzkia behar bezainbesteko babesarekin hartzea da gakoa, erizainen arabera. Hain zuzen, bi edo hiru orduan behin eman behar da krema, gutxienez 30eko babesa duena, eta, uretara sartuz gero, adibidez, berriro eman behar da. Zenbat eman argitu du Diazek: «Aldi bakoitzean 35 gramo eman behar dira. Krema pote batek 250 gramo baldin baditu, kalkulatu dugu zazpi alditan emateko adina datorrela pote bakoitzean». Rubiok azpimarratu du inoiz ez dela nahikoa: «Bizi garen tokian, urte osoan eman behar dugu eguzkitarako krema. Beti azaltzen diegu entzuleei eta pazienteei inoiz ezin dela guztiz babestu, babes totala ez dela existitzen, eta izpi ultramoreek etengabe ematen digutela: paseatzen ari garenean, baratzean ari garenean, terraza batean, eguzkitako baten azpian…». Izan ere, azaldu dutenez, askok uste dute itzaletan egotearekin nahikoa dela, hala nola hondartzara joatean eguzkitakoaren azpian jartzea, parkera joatean arbola baten azpian egotea; eta pentsatzen dute autoz bidaiatzean kristalak babestu egiten duela. Baina ez da hala. Askotan ahaztu egiten den gorputzeko atal bat ere aipatu dute: belarriak. «Ez daukagu belarrietan krema emateko ohiturarik, eta hor ere ematen digu eguzkiak».

Gazteengana iristeko zailtasunak
Eguzkitako krema emateaz gainera, erizainek adierazi dute barrutik zaintzea ere ezinbestekoa dela behar bezala babesteko. «Ura ez ezik, edari isotonikoak kontsumitzea ere komeni da, ura nahiz elektrolitoak berreskuratzeko, izerdiaren ondorioz galdu egiten baitira». Ura limonadarekin, zukuekin edo frutekin txandakatu daitekeela esan dute, baina ez alkoholarekin, azken horrek deshidratatu egiten baitu.

Beste zenbait gako ere eman dituzte: «Adibidez, zure itzala zenbat eta luzeagoa izan, orduan eta kalte gutxiago egiten ari zaizu eguzkia; kontrara, ia ez baduzu itzalik sortzen, horrek esan nahi du bete-betean jotzen dizula», azaldu du Rubiok. Informazio asko zabaldu arren, uste dute kontzientziazioa dela gako nagusia, eta, horregatik, edozein kontsulta baliatzen dutela larruazala babesteak duen garrantzia azaltzeko, helduei nahiz gazteei. Halere, diote helduak izan ohi direla gehienbat hitzaldietara joaten direnak, eta uste dute gazteei hau dena helaraztea dela erronka nagusia. Mezua argia da: gazteek nahiz helduek har dezaten eguzkia uda sasoian, baina zentzuz eta kontuz.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other