agenda » iraila | HARPIDETU BULETINERA

“Dokumentuak itzultzeko eta berrikusteko protokoloa ezinbesteko zutabe bat da III. euskara-planean”

Itzulpenak lantzeko protokolo bat sortu du Osakidetzak. Izaera korporatiboa duen lehendabizikoa da; hau da, erakunde osoarentzat baliagarria den proiektua ondu dute. Besteak beste, Natalia Elvira Garcia, Ainhoa Mentxaka Etxebarria eta Roberto Manjón Lozoya aritu dira lan horretan, eta hauxe nabarmendu dute: «Itzulpen protokoloak lehen ere izan dira Osakidetzako zenbait zerbitzu-erakundetan, baina hau, euskara-zerbitzuekin ez ezik, Zuzendaritza Nagusiarekin eta Osakidetzako eta Osasun Saileko komunikazio-kabineteekin ere landu dugu. Protokolo ofiziala izanda, jokabide berbera eskatzen zaie erakunde guztiei, eta babes handiagoa ematen die itzultzaileei».

Osakidetzan testuak itzultzeko eta berrikusteko proiektua abiatu da. Zertan datza?
Ainhoa: Osakidetzan aspaldidanik egiten ditugu itzulpenak, normalizazioaren bidean oraindik beharra dagoelako. Hainbat zerbitzu-erakundek osatzen dute Osakidetza, eta haietako batzuetan itzulpen-protokoloa dute. Orain artean, ordea, ez da protokolo korporatiborik egon, eta bakoitzak jokatu du ahal izan duen moduan, bere irizpideekin. Bateratze-lan bat egin dugu, guztiek berdin jokatzeko. Aldi berean, oso garrantzitsua iruditzen zaigu Osakidetzan dokumentuak sortzen dituen jendeak ulertzea dokumentazioa bere ardura dela, ez soilik gaztelaniazko bertsioa, baita euskarazkoa ere.

Zer-nolako oinarriak ditu protokoloak?
Ainhoa: Aurrez erakunde batzuetan egondako protokoloak —Bilbo-Basurtuko ESIarena, esaterako— hartu ditugu oinarri modura, oso egokia iruditu zaigulako horietan azaltzen dena. Aipatutako protokoloak dio dokumentazio guztiak ez duela elebiduna izan behar. Askotan, ez dugu argi izaten zer egon daitekeen euskaraz soilik, zer gaztelaniaz eta zerk izan behar duen elebiduna. Protokolo berriak ere hasieran hori zehazten du: itzulpen-beharra dagoenean, itzulpen-eskaera horiek nolako baldintzatan egin behar diren, dena ongi eta zuzen egin dadin.
Roberto: Osakidetzako erakunde guztietan dago inork ezagutzen ez duen lege bat. Inork ezagutzen ez badu, horrek esan nahi du ez dagoela, baina mundu guztiak uste du gauza guztiek legez euskaraz egon behar dutela. Legean ez dago jasota testu guztiek euskaraz idatzita egon behar dutenik, eta normalizazio-planean jasota dagoena da unitateek euskaraz egin behar dituztela testu batzuk, arian-arian, era progresiboan.
Natalia: Azken urteetako arazoa hortxe egon da. Dokumentazio asko itzuli da, euskarari bultzada bat emateko eta dokumentazio elebiduna izateko. Iritsi gara momentu batera non dena itzultzera bidaltzen den eta oso gutxi sortzen den euskaraz. Hortik datoz protokoloaren garrantzia eta beharra. Itzulpenak lan-karga izugarria dira, eta horrek ez du zentzurik hizkuntza-normalizazioa sustatzen duen erakunde batean. Hau da, gero eta profesional gehiagok dakite euskaraz, gero eta gehiagok dute hizkuntza-eskakizuna, baina, orokorrean, testuak gaztelaniaz sortzen dira. Hirugarren euskara-planaren ardatz nagusietako bat lan-hizkuntza bultzatzea izanda, Euskara Zerbitzu Korporatiboko itzulpen-atalean argi ikusi genuen protokoloaren beharra, baita protokolo horrek korporatiboa izan behar zuela ere, profesional guztiek uler dezaten helburua ez dela dena euskaraz eta gaztelaniaz edukitzea, euskaraz lan egitea baizik. Hori dago oinarrian.

Zer zehazten du protokoloak?
Roberto: Protokoloa euskara-planaren ezinbesteko zutabe bat da. Unitateetan euskaraz gero eta gehiago egin behar bada, horrela izateko arautu egin behar da zer egin behar den euskaraz, zer ez, nork egin behar duen, nolako laguntza behar duen, noiz eta nola bidali behar diren testuak itzultzera, noiz eta nola berrikustera… Hori guztia biltzen du protokoloak. Euskarazko testuen ardura guztia itzultzaileena bada, ez dugu normalizazio-planik behar.
Ainhoa: Dokumentuan jasota daude itzulpen-prozesuan kontuan hartzeko alderdiak eta egin beharreko urratsak, eta, horretarako, erakunde guztietako beharrizanak aztertu ditugu. Guztiontzako dokumentua sortzen saiatu gara, gero bakoitzak jakin dezan nola jokatu behar duen.

Protokoloak euskararen erabilera sustatzeko balio du?
Natalia: Babesa ematen du, batez ere. Normalizazio-prozesuan sekulako aurrerapausoa da, testuak sortzeak eta itzultzeak ez baitute zerikusirik. Orain arte, euskara-teknikariak aritu dira itzulpen-lanetan, baina lan-karga izugarria pilatzen zaie dokumentazio guztia gaztelaniaz sortzen bada. Hortaz, protokoloa ezinbestekoa da gauzak orekatzeko eta euskara-planean aurrera egiteko.
Roberto: Protokoloaren bertute handi bat da zelan uztartzen duen euskaraz sortzea eta itzulpengintza; azaltzen du unitate batek zein kasutan behar duen laguntza dokumentuak sortzeko, nola berrikusi behar dituen, zein kasutan lagundu behar dion itzulpen-zerbitzuak…
Natalia: Osakidetzan dokumentu asko sortzen dira: gutunak, jarraibide-orriak, ebazpenak, baimen informatuak… Batzuek beti beharko dute euskara-teknikari baten edo itzultzaile baten laguntza, baina beste batzuek ez. Protokoloak hori oso ondo zehaztu du, eta horrek euskararen erabilera zabaltzen lagunduko du.

Protokoloan hiru aukera bereizten dira.
Ainhoa: Osakidetzako unitateei proposatzen zaie beren dokumentazioaren lanketa egin ostean azter dezatela zer errepikatzen den edo dokumentua estandarizaturik ote dagoen. Izan ere, ahal dela beti saiatu behar dugu dokumentu errepikakor horiek txantiloi bihurtzen. Horretarako aukerarik ez badago, eta unitatean bigarren hizkuntza-eskakizunetik gorakoa duten profesionalak badaude, edo itzultzaile neuronala erabil dezaketenak, dokumentua sortu ostean euskara-zerbitzura bidal dezakete, berrikusteko. Eta hirugarren aukera litzateke zuzenean itzulpen-eskaera egitea, unitatean ez dagoelako gaitasun linguistikorik edo oso protokolo teknikoa delako, edo inpaktu handiko dokumentua delako. Horiek dira hiru aukerak: ahal denean eredu elebidunak sortzea; euskaraz sortzea eta berrikustera bidaltzea; eta itzulpen-eskaera egitea.

Osakidetzako profesionalek nolako makuluak dituzte dokumentuak sortzeko garaian?
Natalia: Zerbitzu-erakundeetan gauza asko planteatzen ari dira: euskaraz idazteko prestakuntza, terminologiaren inguruko ikastaroak… Uste dut euskara-teknikariak horretan laguntzeko prest daudela. Orain arte ordu asko eman dituzte itzultzen, eta normalizazioko hainbat egitasmo bigarren mailan geratu dira. Hortaz, aurrera egiteko, teknikariak prest daude testu elebidunak sortzen edo itzulpenak egiten laguntzeko, aurrerantzean lan horiek unitateetan egiteko xedez. Zumarragako Ospitalearen kasua ezagutzen dut: prestakuntza-saio batzuk emateko eskatu dute. Ahalduntze beharra badago, horixe falta dute profesional askok, besterik ez, ohiturak aldatzea adibidez. Metodologia pila bat dago horretarako, eta protokolo hau beste tresna bat da bide horretan. Askotan, kontua ez da ez dutela nahi, modu batera ohitu direla baizik.
Ainhoa: Horren harira, Estilo-liburua argitaratu genuen 2021ean, eta irizpide asko finkatzen ditu. Gero, eranskin batzuetan terminologia asko sartu genuen, baina jendeak ez daki hor dagoela. Gure lana izango da hori zabaltzea eta erabiltzen irakastea.

Aurrez azaldu duzuenez, Osakidetzako dokumentu guztiek ez dute zertan elebidunak izan. Zer irizpideren arabera antolatzen da hori?
Natalia: Norentzat den, batez ere. Adibidez, bileren aktak oso agerikoak dira. Bilera gaztelaniaz egiten bada, aktak ere gaztelaniaz; eta euskaraz egiten bada, euskaraz. Bilera euskaraz egin bada, guztiek ulertzen dutelako da.
Roberto: Unitate batean gaztelania hutsean lan egiten bada, haien arteko lan-dokumentua ere hala izango da. Ez du zentzurik euskaraz erabiliko ez den dokumentu bat euskarara itzultzeak. Edo Osakidetzak urtean erosi dituen liburuen zerrenda, artxibategian gordeta edukitzeko. Gaztelaniazko artikulu baten izenburua ere itzuli behar da? Osakidetzatik Espainiako Ministeriora bidali behar den dokumentua? Horiek ere bidali izan dizkigute itzultzera. Ez dauka zentzurik, eta gogoeta egin behar da: dokumentua Madrilera badoa, zertarako euskaratu? Lehen esan dugunez, existitzen ez den lege horrek bultzatuta egiten da hori. Zentzuz jokatzean dago gakoa.
Ainhoa: Paziente batek erreklamazio bat euskara hutsean egin badu, erantzuna ere hala izan behar da; ez du zertan elebiduna izan. Berak hautu bat egin du, eta errespetatu egin behar da; hala diote, gainera, hainbat arauk. Osakidetzan eta edonon, euskararen erabilera zenbat eta normalagoa, orduan eta itzulpen gutxiago. Prozesu horretan, itzulpenak euskararen normalizazio ezak sortutako hutsuneak bete behar ditu. Protokoloak argitu eta aratu nahi du hutsune horiek zeintzuk diren, eta metodo egokia ezarri, nahiz hutsuneak euskararen normalizazioaren alde eta ez kaltetan betetzeko, nahiz langile eta unitateei gero eta euskara gehiago erabiltzen laguntzeko.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other