agenda » iraila | HARPIDETU BULETINERA

KGNZ, haur euskaldunen hizkuntza-garapenaren jarraipena egiteko tresna

Haur euskaldunen hizkuntzaren garapen-prozesuaren jarraipena egiteko Komunikazio-Garapena Neurtzeko Zerrenda KGNZ tresna balidatua garatzea lortu dute EHUko ELEBILAB Elebitasunaren Laborategiko kideek. KGNZ ingelesezko bost CDI galdetegien euskal bertsioak dira. Orotara, bost galdetegi dira (bi luze eta hiru labur), 8-50 hilabete bitarteko haurren hizkuntza-ulermena eta ekoizpena aztertzeko diseinatutakoak, keinu-, hiztegi- eta gramatika-itemak kontuan hartuz.

MacArthur-Bates Communicative Development Inventory CDI ingelesezko lehen bertsioak AEBetan sortu zituzten. Galdetegiak gurasoek bete beharrekoak ziren, eta hizkuntza-gaitasuna normaltasunaren barruan garatzen ari diren haurrak eta hortik kanpokoak identifikatzea zuten helburu. Hasieratik argi utzi zuten beste kulturetara egokitzerakoan galdetegiko itemek egokitutakoak izan behar zutela, eta ez itzulpen soilak. Ehundik gora hizkuntzatara egokituta daude bost tresnetatik gehienak, baita katalanera eta galizierara ere. KGNZn ohikoak diren hitzak eta esamoldeak agertzen dira (aupa, hartu,…), eta gramatika-itemak ere egokituta daude. Galdetegiak gurasoek, tutoreek edo haurraren gertuko norbaitek betetzekoak dira, baldintza baita betetzen duena haurra «oso ongi» ezagutzen duen heldu euskalduna izatea, galdetegia euskaraz dagoelako eta haurraren hurbileko ezagutza ezinbestekoa delako.

Euskara ukipen-egoeran dagoen hizkuntza izanik, kontuan hartu dute gurasoen soslaia eta haurrak jasotzen duen inputa; esaterako, guraso bakarra ala bi dituen euskaldunak, edota euskara etxeko ohiko hizkuntza den. Kontuan hartu behar da, gainera, haur euskaldunak erdarak ere ari direla ikasten eta horrek eragina duela beren hiztegi eta gramatikaren neurrian; KGNZ haur askoren euskara-gaitasuna neurtzeko «osagarria» dela adierazi du Iñaki Garciak (Burlata, Nafarroa, 1968): «Aprobetxatuz CDI tresnetako batzuk beste hizkuntza batzuetara ere egokituta dagoela, aukera dago neurketa bikoitzak egiteko, elebidun baten komunikazio-garapena bi hizkuntzetan neurtzeko bidea ematen baitu».

«AUKERA DAGO NEURKETA BIKOITZAK EGITEKO, ELEBIDUN BATEN KOMUNIKAZIO-GARAPENA BI HIZKUNTZETAN NEURTZEKO BIDEA EMATEN BAITU»

Orain artean jasotako 4.000 galdetegi ingururen pertzentilak jadanik kalkulatuta daude. Andoni Barreñak koordinatutako lantaldea 2000. urtean osatu zuten, 2008an argitaratu zuten lehen eskuliburua eta bi galdetegi luzeak. 2011n eta 2014an argitaratu zituzten galdetegi laburrak eta pertzentilak. Lagina zabalduz pertzentil horien sendotasuna hobea izango dela helarazi du Mari Jose Ezeizabarrenak (Tolosa, 1964), datu gehiago biltzea dute helburu, eta 2024an dute argitaratzekoa hurrengo eskuliburua. Lagina zabaltzearekin datuak aldatzen doazela ikusi dute: «zenbat eta lagin handiagoa izan, orduan eta irudi osatuagoa eta emaitza fidagarriagoak» edukiko dituztela azaldu du.

Aroa Murcianok azaldu bezala (Zumaia, 1987), haur-eskoletara jo dute, eta langileen eta gurasoen laguntzari esker lortu dute galdetegiak biltzea. Orain artean ikusi dute 14 hilabetetik aurrera oso garapen ezberdinak dituztela inguruko hizkuntza batez ere euskara duten haurrek, euskara eta erdara antzera dutenek eta euskara gutxi entzuten dutenek. Garciak argi utzi du: «adinak baino eragin handiagoa dauka haurrak jaso duen inputak, eta hori kontuan hartu beharrekoa da».

Komunikazio-mailako arazoak
Galdetegiak betez, haurraren komunikatzeko trebetasuna normaltasunaren barruan garatzen ari den neur daiteke. Jakina da komunikatzeko orduan arazoak erakusten dituzten 6tik gora urteko haur asko beren adinkideak baino beranduago hasiak direla hizketan. CDI eta KGNZ tresnen pertzentil taulek aukera ematen dute neurri batean aurreikusteko hizkuntza garapeneko atzerapena izango duen haurra. Ezeizabarrenak dioenez, KGNZ-ak garapen-atzerapen-zantzuak antzemateko baliagarria da «haurren portaera linguistikoetan arreta jartzeko, eta atzerapena susmatuz gero, hizkuntza-garapenaren behaketa jarraitua zein esku-hartze goiztiarra aktibatzeko».

Alderdi komunikatiboarekin zerikusia duten balizko arazoak garaiz detekta daitezke KGNZren bidez. Zentzu prebentibo batean egiten dio ekarpena haurren garapen komunikatiboaren azterketari, Garciak dioen bezala: «Badira hamabost minuturen bueltan bete daitezkeen galdetegi laburrak. Beste aldagai batzuk neurtzeko testak bezala, KGNZ euskarazko komunikazio-garapena aztertzeko da, lehenago ez zegoena». Elkarrizketatutakoek azpimarratu dute ez dela esku-hartzeari begirako tresna bat, diagnosia helburu duena baizik.

Murcianoren arabera, KGNZ galdetegia betetzeak berak gurasoei kontzientzia hartzen laguntzen die: «esan izan digute badela kontzientziatzeko ariketa bat, haurrak zer dakien edo zer ez kontuan hartzen hasteko, askotan ez baitute tarterik horren inguruan pentsatzeko, eta tresnak berak ematen die informazioa». Albo-ondorio positibotzat jotzen du Ezeizabarrenak hori: «hizkuntzaren gaineko interesa pizten bada, gurasoek haurraren hizkuntza-trebeziak garatzen lagunduko dute, haurrari hizkuntza entzuteko eta erabiltzeko aukera sortuaz. Zenbat eta aukera gehiago izan, orduan eta azkarrago garatzen dute hizkuntza».

Aurkezpen ugari egin dituzte KGNZ tresnen eta haiekin lortutako emaitzak aurkeztuz. Euskaraz egindakoen artean daude: Baionan, 2020an, Hizkuntzalaritza Klinikoko I. Jardunaldian; Atarrabian (Nafarroa), 2022an, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen 31. Osasun Biltzarrean; Iurretan (Bizkaia), 2024an, UEUren XVI. Pediatria Topaketetan. Datorren irailaren 20-21ean, Lesakan (Nafarroa) izango dira, Hizkuntza-nahasmenduak haur elebidunen garapenean: ebaluazio eta esku-hartzea ikastaroan aurkeztuko dituzte. Azkenaldian «garai berrietara egokitzeko» lanean ari direla ere aurreratu dute, galdetegi digitalak diseinatzeko prozesuan Elhuyar Fundazioarekin elkarlanean.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other