agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

Jateko ordua erakargarriagoa izan dadin

Osakidetzan, disfagia duten pazienteentzako errezetekin liburu bat argitaratu dute Gorlizko Ospitalean. Betiko pureetatik harago, pazienteak jateko orduan gozatzea eta plateretan aniztasuna izatea du helburu proiektuak. Ricardo Perez sukaldari ezagunaren laguntza izan dute.

Nutrizioa funtsezko zutabea da Gorlizko Ospitalean. Cristina Perez dietistak dioenez, paziente asko indarge iristen dira, eta helburu nagusietako bat izaten da ongi elikatuta ateratzea. Izan ere, paziente askorentzat, jatea ez da hain ekintza erraza izaten egunerokoan. Gaur egun, Gorlizko Ospitalean, pazienteen % 70ek disfagia pairatzen du; hots, garunean kalteren bat izan duten pazienteak dira, eta, ospitalean sartzean, berriro hezi behar izaten dituzte irensten edo elikatzen ikas dezaten. «Disfagiaren ondorioz, zailtasuna izaten dute testura ezberdinetako solido eta likidoetarako. Kasu batzuetan, ezin izaten dute baso bat ur ere edan, biriketara joan ahal zaielako», azaldu du dietistak. Paziente horien dieta osatzeko, pureak eta postreak hartu ohi dira

Hori ikusita, Gorlizko Ospitaleko nutrizio-prozesuan parte hartzen duten diziplina-taldeetako espezialistek (mediku, erizain, laguntzaile, dietista eta sukaldari) bat egin eta kasua aztertu zuten. Hala, konturatu ziren pazienteak nekatuta zeudela beti menuan pure berberak jateaz, eta ondorioz ez zegoela desnutrizioaren problematika aldatzerik. «Sukaldearen arloan, pazientearentzat erakargarriagoa den zerbait egin zitekeela aipatu zen, eta pureetatik harago testurizatutako dieta diseinatu genuen aniztasun, kolore eta estetika gehiago izateko beharra zegoelako», aipatu du David Lopezek, Gorlizko Ospitaleko sukaldariak. Gauzak horrela, disfagia duten pazienteentzako errezetekin liburu bat argitaratzea bururatu zitzaien: Errezetak. Janariaz gozatu eta disfrutatzeko errezetak.

Ospitalean lehendik zeuden menuetatik eratorri da dieta mota berria, baina elaborazio gehiago ditu. Funtsean, oinarrizko dieta hartu eta testurizatu egiten da. Testura jakin hori lortzean datza zailtasuna. «Testura lauak direnez, disfagia duen pazienteak oroimenean gordetzen du plater hori, eta ospitalean sartu aurretik jaten zuena gogora dezan lortu nahi dugu». Hain zuzen, desnutrizioa jateko gogo faltagatik edo jateko deserosotasunagatik gertatzen dela ohartarazi dute Perezek eta Lopezek, eta pazienteek elikatuz gozatzea lortu nahi dutela. «Disfagia dutela eta, ez dute gauza bera jan behar egunero».

Baliabideak
Errezeten liburua baino gehiago, tresna bat da, pazienteen jateko erara egokitu eta aukera bat izan dezaten gustuko dutena jateko. Hori horrela, liburuak bi zati ditu, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz, eta bietan aurki daitezke erabili beharreko sukaldaritza-teknikak: janaria prestatzeko prozesuak; gomendaturiko tresneria eta baxera; osagai nagusi bera duten oinarrizko saltsa testurizatuen zerrenda; eta, azkenik, lehen eta bigarren plateren eta postreen errezeta-bilduma zabala. Arroz beltza Idiazabal gaztarekin edo bakailaoa piper gorriekin nola kozinatu azaldu dute, besteak beste. Denak ere bisualki erakargarriak eta gustagarriak jateko orduan.

Ospitalean talde handi bat jardun da zenbait urtez, eta, sukaldeari dagokionez, David Lopez ospitaleko sukaldariak Ricardo Perez sukaldari bizkaitar ezagunaren laguntza izan du errezetak prestatzeko orduan, Azkuna Zentroan dagoen Yandiola Jatetxekoa bera. Bien artean errezetak proposatu ondoren dietistak aztertu zituen, nutrizioaren aldetik osoak ote ziren egiaztatzeko, eta Logopedia Zerbitzuaren ikuskapena ere izan dute.

Lopezek azpimarratu du ez dela betiko errezeta-liburua. «Pazienteek jaten dutenaren oroitzapena dute. Gazta fresko eta irasagar postre batek, adibidez, sagardotegi batera eramaten ditu». Disfagia duten pazienteak arazo bat baino gehiagorekin etortzen dira, eta irensteko arazoa besterik ez izatea nahi dute; horregatik, plater gehienak pure gisakoak egiten dituzte, baina lodixeagoak. «Ahalik eta naturalenak izan daitezen saiatu gara», dio sukaldariak. Dena den, azaldu du zenbait errezeta lagundu egin behar direla; hots, likidoak testurizatu eta forma egokira iristeko lodigarri bat botatzen diete. «Disfagia duen pazienteak ez du gelatinarik onartzen, gorputzeko edo ahoko tenperaturak likidotu egiten duelako eta ondorioz beste lodigarri batzuk behar ditugu», azaldu du Lopezek. Halaber, saiatu dira errezetak listu-jarioa eragin dezaten, boloa osatzeko; bestela, pazienteek zailtasun handixeagoa izaten dute. Irensteko orduan, saltsa asko izateak lagundu egiten diela gaineratu du Perezek.

Errezeta liburuak bisualki diseinu erakargarria izateari garrantzia eman diote jatekoa gustagarri egiteko.

Liburu honetan gauzarik zailenetako bat alderdi gastronomikoan egon da, platerean jartzeko modua, testura lauak izanik aurkezteko orduan ez dutelako horrenbesteko bolumenik. Gainera, egunerokoan, platerean jartzean, zailtasuna areagotu egiten da ordu erdi soilik izaten dutelako bost solairutako pazienteen menua platerean jartzeko eta ez dutelako behar besteko tresneria eta baxerarik. Halaber, Lopezek aitortu du erronka izan dela errezeta liburua aurrera ateratzea, baina maila profesionalean merezi izan duela erosotasun-eremutik ateratzea pazientea hobetzeko bada. «Daukagun gauzarik baliotsuena pazientea da, eta, zaintzen ez badugu, ez gara gauzak ondo egiten ari». Perezek gaineratu du ospitalean zunda nasogastriko batekin sartzen den paziente batek pureak onartzea, testurizatuetara pasatzea eta etxera dieta bigun batekin joatea lana oso ondo egin izanaren seinale dela. «Harrotzen gaitu pazienteak pozik ikusteak».

Liburuak harrera ezin hobea izan du bai ospitaleko pazienteetan eta bai kanpoan, eta edonork eskuratu dezake lotura honen bidez: https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/cinfo_recetas_disfagia/eu_def/adjuntos/Disfagia_eus.pdf. Ospitaleko sukaldeko errezetak izan arren, asmoa da pazienteak eta senideak etxean egiteko gai izatea, kanpoan ere modu erakargarrian elikatu eta iraganeko deserosotasunetara irits ez daitezen. Halaber, disfagiarik ez duten pazienteek ere eskatzen dituzte testurizatutako platerak orain Gorlizko Ospitalean. «Baina ez da komeni ohitzea», ohartarazi du dietistak.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other