Erotikan murgiltzen garenean, hainbat aldagai jartzen dira martxan: pertsona bakoitzaren biografia —momentu hori heldu baino lehenago izan diren esperientziak; zelan bakoitzak eraiki duen bere identitatea, bere desioa, beldurrak, lotsak…; zelan bideratu dituen nahiak; zelan bizitzen duen bere plazera; zelan lortzen duen gozatzea; zelan sentitzen den bere gorputzean, eta abar eta abar—, bi lagunen arteko harremana bada nola izan den euren harremanaren eraikuntza (bikotea bada, ezagunak, lagunak, ezezagunak…), momentu horretan izaten den komunikazioa… Dena ezinbestekoa izango da zer gertatzen den ulertzeko, gure biografia gure gorputzean gauzatuko da eta.
Txoko intimo horretan egiten diren jokoei buruz berba egiten denean, joko horietan beti gorputzeko atal batzuei garrantzi handiagoa ematen zaie beste batzuei baino. Gure tarte honetan, behin baino gehiagotan, gorputz osoa erreferentea izan da, eta joko batzuk azaltzeko, gure begirada leku batzuetan ipini izan dugu. Gaur ere gure gorputzaren izkina batean geratuko gara.
Gaur atzeko atetik sartuko gara, ipurtzulotik. Leku iluna, estua, gozagarria, ulertezina, ezkutua… Zulotxo horri gutxitan ematen zaio argi garbi ederra.
Ipurtzuloa ipurdiaren ahoa da. Ipurdiaren formak, mamia, tamaina, mugimendua… zenbatetan jomuga. Gizonetan zein andreetan ipurdia leku desiratua izan bada ere, zuloa beti geratu izan zaigu itzalean. Alde batetik, gure gorputzaren kondarrak kanporatzeko ezinbesteko azken txanpa delako eta, beste alde batetik, perbertsioen munduko jokabidetzat hartu izan delako; ez delako izan, besteak beste, ugalketarako tresna.
GURE GORPUTZEAN EDO LAGUNAREN GORPUTZEAN JOLASTEN GARENEAN, JOKO EROTIKOEK EZ DAUKATE SEXURIK. HAU DA, JOLASAK ONDO PASATZEKO, KOMUNIKATZEKO, GUSTURA EGOTEKO BAINO EZ DIRA.Erotika jokoak eta ipurtzuloa lotzen direnean, jendearen gogoan sarriegi agertzen da bi gizonen arteko zirri kitzikagarrien irudia. Are gehiago, oraindik sinestezina badirudi ere, askorentzat, jolas hori bi mutilen arteko jokoa besterik ezin da izan. Eskerrak esperientzia klinikoak, ikerkuntza zientifikoak eta historiak bestelako ebidentziak azpimarratzen dituen.
Gure gorputzean edo lagunaren gorputzean jolasten garenean, joko erotikoek ez daukate sexurik. Hau da, jolasak ondo pasatzeko, komunikatzeko, gustura egoteko baino ez dira. Berdin du norberaren buruarekin bada edo lagunarekin; berdin du laguna eta biok sexu berekoak garen ala ez. Berdin du. Jolasa bera, zelan jolastu eta norekin jolastu gure aukera da.
Adibide batzuk
Emakume eta gizon askorentzat euren bakarkako masturbazioetan ipurtzuloa garrantzitsua bilakatzen da.
Gizonek prostata aldean leku oso kitzikagarria omen dute. Atzamarra-edo ipurtzulotik sartuz gero, erraz bilatuko dugu. Horrek ez du esan nahi denontzako goxoa izan behar duenik!
Emakume eta gizonen arteko jokoan, sarri gizonek neskaren ipurtzuloan sartzea izan dute jomuga, baina gero eta gehiago agerian geratu da nesken atzamarrak/dildoak/bola thailandiarrak oso joko kitzikagarriak bilakatzen direla gizonen ipurdia jokoan dagoenean.
Emakumeen arteko erotikak ere irakatsi digu joko kitzikagarrienetan atzamarrak, eskuak, dildoak, bibragailuak eta bestelakoak ipurtzuloen lagun handiak direla.
Jolas guztien moduan praktika behar du, xamurtasuna eta pasioa, ikertzeko eta hanka sartzeko ausardia, barre egiteko gogoa, norberaren gorputza eta lagunarena entzuteko pazientzia, aurreiritziak eta nazkak albo batera uztea edo horiekin bat eginez aurrera jarraitzea.
Eta kasu honetan, gainera, ipurtzulorako lubrikatzaile nahiko. Zulotxo hau ez da bagina bezalakoa. Bagina muskuluz eginda dago, eta sartzen denaren tamaina hartzeko era du. Gainera, kitzikatzen den heinean, zabaldu eta lubrikatu egiten da. Gure ipurdiaren ahoa esfinterra da, estu eta sikua. Denbora, pazientzia, lubrikazioa eta dedikazioa behar du. Dena den, ikerketak merezi du.
Azkenean, gustu handirik ez badigu ematen ere, imajina ezazu irudia. Barre piloa egingo dugu, eta lagunarekin, edo bakarrik, zer edo zer ikasiko dugu.
Bon voyage!