agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

Aldi berean, helmuga eta abiapuntu

Gasteizko Erizaintza Eskolan lau urtez aritu diren XI. promozioko ikasleek beren graduazio-ekitaldia egin dute Europa Jauregian. Haien lana aitortzeaz gain, erizaintzak eta giza zientziek duten lotura azaldu du Juan Carlos Alonso Blas sendagile eta irakasleak.

Behinola hasitako lanak eman ditu fruituak. Hori ospatzeko, graduazio-ekitaldia egin dute Europa Jauregian, maiatzaren 30ean. Saio hori helmuga eta abiapuntu izan da aldi berean. Izan ere, hezkuntza arautuko ibilbidearen amaiera izan da 76 ikasleetako gehienentzat, eta lan-mundura egingo dute jauzi segidan. Gehienek Osakidetzaren eskutik abiatuko dute bide hori.

Ikasketak amaitzearen aitortzan, familiakoak eta lagunak izan dituzte ondoan, baita EHUko eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko ordezkariak ere, eta Erizaintza Eskolako irakasle eta gainerako langileak. Lehendabiziko agurra zentroko zuzendariak egin zien bertaratutako guztiei, Encarnacion Betolazak.

Erizain berrien graduazio-ekitaldiak izan zuen gogoetarako tarterik ere. Alde horretatik, Juan Carlos Alonso Blas sendagile eta irakasleak hitzaldi bat eman zuen ekitaldiaren ospakizunak abiatu aurretik. Erizaintzak eta giza zientziek duten lotura aletu zien doktoreak bertaratuei. Bi arloak uztartzeko beharra azpimarratu zuen, eta bataren eta bestearen artean zubiak eraikitzeko arduraz mintzatu zen.

Segidan, ikasketak osatu izanaren diploma jaso zuten ikasleek irakasleen eskutik, eta, ondoren, ikasleen hitzak entzuteko aukera izan zuten bertaratuek. Horrez gain, jai-giroan egindako jardunaldiaren barruan XI. promozioko espediente akademikorik onenak aitortu zituzten, eta ekitaldiko mahai presidentziala osatu zutenek hizketaldi labur bana egin zuten, erizaintzaren garrantzia azpimarratuz, eta graduatu berriei orain abiatuko duten ibilbideari ekiteko animoak eman zizkieten.

Saioa biribiltzeko, erizain izendatu berriek eta erakundeetako ordezkariek argazki bat atera zuten elkarrekin,
eta, segidan, bertaratutako guztiek jan-edanerako tartea izan zuten lau urtean egindako ibilbidea ospatzeko.

Lau urtez Gasteizko Erizaintza Eskolan ikasten jardun diren erizain berriek, beraz, festa-giroan esan diote agur bide akademikoari. Aurrerantzean, haietako gehienak Osakidetzako zerbitzuetan ariko dira buru-belarri, eskolan ikasitakoak praktikan jartzen, gizarteari ahalik eta zerbitzurik onena emateko xedez.

 

“Soslai akademiko altua dute ikasleek”

Alaitz Yoldi • Idazkari akademikoa

Alaitz Yoldi da Gasteizko Erizaintza Eskolako idazkari akademikoa. Zentro txikia direla azaldu du, eta horrek ahalbidetzen diela ikasleengandik «oso gertu» izatea. Eskolak lotura estua du Euskal Herriko Unibertsitateko beste Erizaintza eskolekin ere; formazioan sakontzeko orduan, batik bat.

Nolako ikasketa-eskaintza du Gasteizko Erizaintza Eskolak?
Lau urteko gradua da, eta bi lerro ditugu, euskarazkoa eta gaztelaniazkoa.

Bide horretan, ikasketa-ziklo bakoitzean eskaintza espezializatuak egiten dituzue. Hau da, ikastera atzerrira joatea, formakuntza osatzea, lan-mundurako sarrera, eta abar.
Erizaintza graduak daukan berezitasun garrantzitsuena da egiten dituzten praktika Kurrikularrak; graduak 240 kreditu baditu, ikasleek 92 kreditu praktikak egiten dituzte, hau da, 2300 ordu ematen dituzte praktiketan zentro ezberdinetan banatuta: ospitaletan, egoitzetan, osasun zentroetan eta abarretan. Horrek formakuntza ona ematen die gero lan munduan sartzeko. Beste alde batetik, laugarren kurtsoan aukera daukate mugikortasun programekin beste herrialde batzuetara joateko; hori aukera oso ona da kultura ezberdinak ezagutzeko eta bakoitzaren heldutasuna garatzeko.

Aldi berean zenbat lagunek ikasten dute Gasteizko Erizaintza Eskolan?
Gutxi gorabehera, 320 ikaslek, 80 laguneko lau ikasturtetan banatuta.

Ikasle-kopuruari erreparatuta, eskola txikia da beste zentroekin alderatuta?
Euskal Herriko Unibertsitatearen Leioako eta Donostiako zentroekin alderatuta, txikiagoa da. Leioan 170 eta Donostian 125 ikasle sartzen dira urtero, Gasteizen berriz 80 lehen aipatu dudan bezala.

«ERIZAINTZAN, ORAINDIK EMAKUMEAK DIRA GEHIENGO, BAINA MUTILAK ERE GERO ETA GEHIAGO DIRA»

Kopuru txikia izateak ikasleekiko gertutasuna ematen dizue?
Bai, horrek Erizaintza Eskola osatzen dugun guztiok elkar ezagutzea ahalbidetzen du, egunerokotasunean sortzen diren egoera ezberdinen jabe izatera eramaten gaituena. Zuzendaritzaren, irakasleen, idazkaritzaren eta ikasleen artean gertutasun handia dugu, gure ateak zabalik daude edozein gauzatarako. Honetaz gain, bide ezberdinak ditugu gure artean komunikatzeko: e-maila, e-gela plataforma, ikasleen ordezkari bilerak…; azken hauekin, adibidez, whatsapp talde bat izanda, komunikazio arina izaten dugu.

Nolakoa da Gasteizko Erizaintza Eskolako ikasleen soslaia?
Gure eskolan sartzen diren ikasleen soslaiari dagokionez, nabarmena da pertsonak zaintzeko interesa eta motibazioa erakutsi behar dutela, eta lan intelektualeko erritmo altua mantentzen dutela.
Asko batxilergotik sartzen dira, baina sarrerako kalifikazioa oso altua denez, badira goi mailako ziklo bat egin eta gero Erizaintzan sartzen direnak ere. 2023-24 urte akademikoan adibidez, 11,94ko kalifikazioaren bidez sartu zen azken ikaslea.

Emakumeen kopurua handiagoa izan ohi da Erizaintzan. Aldatzen ari da hori?
Beno, oraindik ez da aldaketa handirik nabaritzen, gehiengoa emakumezkoa da. Azken bi urteetan 15 mutil sartu dira lehenengo mailan, ikaskide guztien % 19 gutxi gorabehera.

Erizaintzako graduaz gain, badago formazioan sakontzeko beste ikasketarik Gasteizko Eskolan?
Ez, orain dela urte batzuk graduondokoak egon ziren, baina amaitu zen.

Hortaz, EHUren beste zentroekin harremana duzue ikasleak horretara bideratzeko?
Bai, ikasleak EHUkoak direnez, unibertsitateak urtero antolatzen dituen graduondokoen eskaintzen jardunaldiak jakinarazten dizkiegu. Aurten, adibidez, ehun graduondoko baino gehiago eta 65 berezko titulu eskaini dituzte.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other