agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

Begiraleei aitortza kontakizun artean

Osakitzaren Paziente Bizia-Paciente Activo programaren barnean, Begiraleen VIII. Topaketa egin zuten Gasteizen urtarrilaren 26an. Programa beraren inguruan gogoetatzeaz gain, begiraleen lanari balioa eman nahi izan zioten hala, eta Kontaketa Laburren III. Lehiaketako sariak banatu zituzten; Eva Rosa De Miguel Mendez, Jesus Urtasun Martin eta Carlos Canga Gutierrez dira parte-hartzaileetako hiru.

Aditu guztiak bat datoz osasunari lotutako ideia batean: autozainketa egitea eta bizitza aktiboa edukitzea ezinbestekoa da osasuntsu bizitzeko. Paziente Bizia-Paciente Activo programa 2010. urtean hasi zen nork bere burua zaintzen irakasteko, herritarrei bizimodu osasuntsuagoa nola izan tresnak emateko eta ongizate emozionala lantzeko. Gaur egun, herritar guztientzako askotariko tailerrak eskaintzen dituzte, eta orain arte 9.500 lagun baino gehiagoren sostengu izan da programa.

Hainbeste pertsonari laguntzeko, ordea, funtsezko osagai izan dira partaideen bidelagun izan diren erreferentziak: begiraleak. Hain zuzen ere, haiek izan ziren protagonista urtarrilaren 26ko Begiraleen Topaketan. Programaren nondik norako nagusiak azaldu eta egitasmoak aurrerantzean jorratuko duen bideaz gogoetatzeaz gain, begiraleak omendu nahi izan zituzten, eta berriki begirale bihurtu diren 44 lagun akreditatu.

«GARRANTZITSUENA EZ DA ZER IDATZI NUEN, BAIZIK ETA NOLA SENTITU NINTZEN IDAZTEKO ORDUAN» Eva Rosa De Miguel Mendez

Omenaldi horretaz gain, Ikasten izandako esperientziak Kontaketa Laburren III. Lehiaketako sariak banatu zituzten. Programako koordinaziotik tailerretako partaide guztiei helarazi zieten lehiaketa horretan parte hartzeko aukera, eta xedea izan da kontaketa labur bat idaztea programan ikusitakoaren gainean. Parte-hartzaileetako hiru izan dira Eva Rosa De Miguel Mendez, Jesus Urtasun Martin eta Carlos Canga Gutierrez. Bakoitzak arrazoi bat izan zuen Paziente Bizian sartzeko, baina bada hirurek partekatzen duten uste sendo bat: Paziente Bizia programak jendearen bizimodua eraldatzeko ahalmena du, eta irakaspen pertsonal bat eman die hirurei, baita hobetzen jarraitzeko eta ikasitakoari eusteko desioa ere.

Elkarreragina aberastasuna da
Gorabehera eta aldaketa askori egin behar izan die aurre Urtasunek bizitza osoan, baina nabarmendu du azken urte hauetan alderdi «humanoago» batean aritu ahal izan dela; besteak beste, zahar etxe batean egin du lan 2022an erretiroa hartu zuen arte, eta Paziente Bizia programako begirale ere izan da eta da gaur egun. Lehen Mailako Arretako medikuak eta erizainak eman zioten programaren berri, eta, Nire ongizate emozionala lantzen prestakuntza egin ostean, laugarren esperientzian ari da gaur egun. Tailerrak ematen hasi zenean, errealitate gordin batekin egin zuen topo parez pare: «Konturatu nintzen besteek guri entzuteko sekulako beharra daukagula. Errespetuzko eta segurtasun handiko toki bat dira tailerrak, eta azkenean agerian geratzen da gizakiaren zein alderdi landu behar diren, baita zer-nolako erreminta behar diren ere autozainketarako. Elkarreragina aberastasuna da, harremanak izateko dugun modua, eta horixe ematen dit niri parte hartzeak».

«ELKARRERAGINA ABERASTASUNA DA, HARREMANAK IZATEKO DUGUN MODUA, ETA HORIXE EMATEN DIT NIRI PARTE HARTZEAK» Jesus Urtasun Martin

Tailer jakin batean norbaiti gertatutako bizipen batean oinarritu zen Urtasun bere kontakizuna idazteko. Hain zuzen, doluari buruz ari ziren egun batean, emozioz beteriko momentu sakon bat izan zuten denek, talde moduan, eta hortik egin zuen tira: «Nire asmoa zen kontu jakin batetik abiatuta zerbait orokorra kontatzea. Bizipen hartatik atera nuen haria, esateko denok dugula entzuteko beharra, baita guri entzutekoa ere. Parte hartzeak, beste pertsona batzuekin egoteak, desberdin egiten gaitu, eta horrek eramaten gaitu gure egunerokoan aldaketa txikiak egitera».

Aldaketa txikien garrantzia
De Miguelentzat, dena da gutxiegi. Haren jakin-minak ez du mugarik, beti dago ikasteko eta hobetzeko gogoz, haren ustez ez baitago adinik ikasteari uzteko, eta egin dituen formakuntzen artean dago Paziente Bizia. Ez da begirale izan, baina gogotsu hartu zuen parte Entrenamendu aktibo ikastaroan, online, baita kontakizun laburren lehiaketan ere. Osakidetzaren Zuzendaritza Nagusian dihardu lanean, eta nabarmendu du egin dituen formakuntzek beti lagundu izan diotela aldaketa txikiak egiten, gero bere egunerokoa hobetzeko balio izan diotenak; besteak beste, laneko nekea eta karga psikologikoa arintzeko.

Begiraleen VIII. Topaketa, Gasteizen, urtarrilaren 26an.

Paziente Biziaren ikastaroan hasi eta gero ohartu zen uste baino modu pertsonalagoan ari zela izaten bizipen hori, eta izugarri gustatu zitzaion, bere burua erdigunean jartzeko bidea eman baitzion. Besteak beste, konpromisoa eta motibazioa aipatu ditu programaren habe nagusitzat: «Planak egin behar dituzu, eta horiek egiteko konpromisoa hartzen duzu. Osasuna da ardatz nagusia, eta hasi ondoren ohartzen zara ez dela zuk uste bezain zaila ohitura batzuk aldatzea. Gainera, taldean egiten denez, tribu baten parte izatearen sentsazioa zoragarria da, eta hain da polita non motibatu egiten zaren gauza berriak egiteko».

Kontakizun bat idaztea ere berria izan zen harentzat. Nahiz eta betidanik gustatu zaion artea, aitortu du aurretik inoiz ez dela ausartu horrelako pauso bat ematera, eta, hain justu, gauza berriak egiteko gogo horrek bultzatu zuen gau batean aulkian eseri eta idazten hastera. Paziente Bizia programara nola ailegatu zen eta ondoren nola sentitu zen kontatu du idatzian, gogoeta modura, baina azpimarratu du garrantzitsuena ez dela izan edukia: «Garrantzitsuena ez da zer idatzi nuen, baizik eta nola sentitu nintzen idazteko orduan».

«PROBATZEA BETI DA ONA, ETA, GUSTATU EZ BAZAIZU ERE, BEHINTZAT EGIN DUZU ZERBAIT ZEURE BURUA MOTIBATZEKO» Carlos Canga Gutierrez

Sozializazioa berdinen artean
Cangak diabetesaren inguruko tailer baten bitartez ezagutu zuen Paziente Bizia, orain dela bost urte inguru. Haren amonak diabetesa du, eta hura zaintzeko erreminten bila sartu zen programan. Erizaina da Lehen Mailako Arretan; zehazki, Erizaintzako Zuzendaritzako ondokoa Debabarreneko ESIan. Haren espezialitatea erizaintza komunitarioa da, eta azaldu du Paziente Biziak rol garrantzitsua duela lantzen duten estrategiaren barruan, nolabait «osasun komunitarioko lanaren paraleloa» dela, alegia. Begirale izateko ikastaroa ezin izan du egin orain arte; halere, «ilusioa» du formakuntza egiteko eta hurrengo ikastaroetan tailerren bat emateko.

Sozializazioa ekarri du hizpidera programaren onurez hitz egiteko orduan: «Aipatuko nituzke, besteak beste, taldean jarduteko gaitasuna, pertsonek beren ezagutzatik eta esperientziatik asko azaldu eta adierazi ahal izatea zer den osasuntsu egotea eta zer ez, zer egin dezakegun osasuntsuago egoteko denbora luzeagoan, prebentzio-alderdi hori; eta, gaixotasuna iristen denean, gaixotasunarekin eta taldean nola molda daitekeen. Taldeak sozializazioa ere errazten du: lagun-taldeak sortzen dira…». Begirale guztiek formakuntza berdina jasotzen dutenez, uste dut faktore onuragarria dela tailer guztietan eduki berberak modu berean ematea, herri batean nahiz bestean. Horrez gain, askotan medikuaren kontsultan lantzen ez den alderdi emozionala ere aipatu du Cangak, eta uste du sortzen den gertutasunaren fruitua dela hori.

Lehiaketaren inguruan, uste du modu ona dela programari ikusgaitasuna emateko. Azaldu du berak profesional baten ikuspuntutik idaztea erabaki zuela, eta gustatu zaio ikustea parte-hartzaile guztien lanak zeharo desberdinak direla: «Kontatu nahi izan nuen Paziente Biziak zer eman dezakeen, eta egokia iruditzen zait programa ezagutzen ez duten profesionalei gehiago hurbiltzeko eta ikusarazteko asko ikas dezaketela».
Hirurak bat datoz beste gauza batean: probatu gabe ez dago jakiterik gustatuko ote zaizun, eta horregatik animatu nahi izan dute jendea programan parte hartzera. «Probatzea beti da ona, eta, gustatu ez bazaizu ere, behintzat egin duzu zerbait zeure burua motibatzeko», nabarmendu du Cangak.

Informazio gehiagorako:
www.osakidetza.euskadi.eus/que-es-el-programa-paciente-activo/webosk00-oskenf/es/
PACIENTEACTIVO@osakidetza.eus
• 943-006 551

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other