Gizarteko suizidio-tasak gora egiten du adin segmentua helduagoa den heinean, baina gazteen artean, heriotza eragiten duten faktoreen artean zerrendaren goiko aldean dago. Bi alderdi horien inguruan gogoeta egin du Jon Garcia Ormazak, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko psikiatrak.
Suizidioaren prebentzioa lantzeko garaian, nolako aldagaiak hartu behar dira kontuan?
Suizidioa kausa anitzeko fenomeno konplexua da. Pertsonaren faktore indibidualek eta inguruneko faktoreek esku hartzen dute. Faktore pertsonalek —genetika, nahaste psikikoen presentzia, trauma eta estres-gertakarien historia, besteak beste— jokabide suizidak izateko arrisku basala baldintzatzen dute. Pertsonak ingurunearekin duen elkarrekintzan (interakzioan), estresa eta sufrimendua sortzen dira etengabe, eta, sufrimenduaren intentsitatea larria denean, garrantzi handia dute norbanakoak nolako estrategiak darabiltzan erregulazio emozional eta kognitibo eraginkorra bideratzeko.
Batez beste, suizidio-bidezko zenbat heriotza jazo ohi dira urteko? Pertsona-soslai jakin bat nabarmentzen da gainontzekoen aldean?
Intzidentzia-tasari erreparatuta, gure ingurunean 100.000 biztanleko bederatzi suizidio daude urtean, gutxi gorabehera. 30 urtetik beherakoen artean, intzidentzia txikiagoa den arren, minbiziaren ostean bigarren heriotza-kausa nagusia da. Intzidentziak gora egiten du 80 urtetik gorako gizonen artean, 100.000 lagunetik berrogeikoa baita. Soslaiari dagokionez, lau pertsonatik hiru gizonak dira; eta suizidioz hiltzen diren pertsonen erdiak 40 eta 60 urte artekoak dira. Norberaren sufrimenduaz hitz egiteko eta laguntza eskatzeko erresistentzia da gizonezkoen arrisku handiagoaren arrazoia, beste alderdi soziokultural batzuen artean.
«SUIZIDIOAREN PREBENTZIORAKO EKIMENAK ERAGINKORRAK IZAN DAITEZEN, ESPARRU BAT BAINO GEHIAGO KONBINATU BEHAR DIRA»
Gazteen heriotza eragile nagusia da suizidioa. 30 urtez azpikoen tasak zer-nolako bilakaera izan du azken urteetan?
Ezin dugu esan heriotzek gora egin dutenik, baina jokabide-suizida gero eta gehiago detektatzen ari gara, suizidio-saiakerak ere hartuta. Hori ez da zertan porrota izan, suizidio-jokabide gehienak ez dakizkigulako detektatzen oraingoz: gutxi gorabehera gure inguruneko suizidio-saiakeren % 10 soilik detektatzen dugu. Esan dezakegu, beraz, suizidio-arriskua dutenak hautemateko konpetentzia hobeak ditugula, eta arriskua dutenek pentsamendu hori partekatzeko erresistentzia gutxiago dutela.
Nolako arrazoiak egon ohi dira suizidioen atzean?
Ideia eta jokabide suizidak dituzten pertsonek sarritan nahaste psikiatrikoak eta/edo estres mentala jasaten dituzte. Ez dago arrazoi bakarra. Suizidio-jokabideak maizago gertatzen dira estres-faktoreek eta osasun-arazoek bat egiten dutenean, sufrimendu eta etsipen intentsitate biziak sortzen baitira. Depresioa da nahasmendurik ohikoena, eta askotan diagnostikatu eta tratatu gabe geratzen da. Zorionez, osasun mentala modu aktiboan kudeatzen duten pertsona gehienek beren bizitzarekin aurrera egiten dute.
Arrazoi horiek aldatzen dira adin-segmentu bakoitzean?
Arrisku- eta babes-faktore batzuk daude jokabide suizida izateko probabilitatea areagotzen edo murrizten dutenak. Faktore horiek, intrapertsonalak eta sozialak edo pertsonartekoak izan daitezke. Gaztetan, trebetasunak faltan izan ditzakete autoerregulazio emozional eta kognitibo eraginkorra bideratzeko. Zaharretan, berriz, nahasmendu psikiatrikoek eta, batez ere, depresioak hartzen dute garrantzia. Badakigu adinekoetan diagnostikatu gabeko eta beraz tratatu gabeko depresio asko dagoela. Depresioak etsipena eragiten du, eta horrek, bakardade testuinguru batean, suizidio-arriskua areagotu dezake.
Autoestimua, komunikazioa, arazoei aurre egiteko jarrera eta babes-harremanak garatzeko gaitasuna babes-faktore garrantzitsuak dira haur eta nerabeetan. Osasun fisiko eta emozionala, depresioaren diagnostiko eta tratamendu goiztiarra, eta kidetasun sentimendua eta gizarte-inplikazioa inportanteak dira zahartzaroan.
«EZIN DUGU ESAN HERIOTZEK GORA EGIN DUTENIK, BAINA JOKABIDE-SUIZIDA GERO ETA GEHIAGO DETEKTATZEN ARI GARA, SUIZIDIO-SAIAKERAK ERE HARTUTA»
Suizidioarekin lotutako jokabideak aztertzeko orduan, nolako jokabideek eskatzen dute arreta berezia?
Alarma-seinaleak edo jokabideak hiru taldetan sailka ditzakegu. Lehenik, hiltzeko edo buruaz beste egiteko gogoa jakinaraztea; suizidatzeko planak egitea; hau da, horretarako metodoak bilatzea. Zurt jokatu behar dugu, iruzkin, mehatxu eta planak sare sozialetan egon daitezkeelako. Bigarrenik, badira alarma-seinale psikologikoak ere: min psikikoa, etsipena, karga izateko pertzepzioa eta norberarekiko etsaitasuna sentitzea. Eta, azkenik, jokabideak eta seinale fisikoak ere alarma-seinale ohikoak dira: konektagarritasun txikia izatea (kide izateko sentipen eskasa eta gizarte-inplikazio urria); loaren nahasmenduak edukitzea (lo egin ezina bereziki); suminkortasuna; alkohol nahiz droga gehiago kontsumitzeko joera; gauzak oparitzea, agurtzea edota sare sozialak ageriko arrazoirik gabe ixtea…
Gizarte-unitateek (familiek, lagunarteak, ikastetxeek, erakundeek) nolako rola jokatzen dute auzi horretan?
Suizidioaren prebentziorako ekimenak eraginkorrak izan daitezen, esparru bat baino gehiagokoak konbinatu behar dira. Beste batzuen artean, osasunaren, hezkuntzaren, lanaren edo komunitatearen eremuko esku-hartzeekin osatu behar da. Jokabide suizidaren prebentzioak guztiok inplikatzen gaitu; okerra da beti arazo medikoa dela pentsatzea.
Komunitate osoari zuzendutako esku-hartzeei «unibertsal» deritzogu. Horien artean aipa ditzakegu arriskuak eta babes-faktoreak ezagutzea, alarma-seinaleak detektatzen jakitea eta laguntza bilatzen jakitea; edo suizidio asko dituzten leku publikoak –hotspotak- ziurtatzea. Suizidioaren prebentzio komunitarioaren eredu da Getxoko Zurt! ekimena. Hezkuntzaren esparruan garatu beharreko neurri unibertsalak ere sinpleak eta eraginkorrak dira. Hezkuntza Sailak bere gain hartu du erronka eta laster suizidioa prebenitzeko programa aurrerakoia izango dugu eskoletan. Osasungintzan, biztanleriak eskura dituen pilula kopurua hobeto kontrolatzea neurri unibertsal bat izango litzateke.
Jokabide suizidak garatzeko arriskua dutenak kolektibo zaurgarriak dira; besteak beste: nahaste psikiatrikoak pairatzen dituztenak, nerabeak, adinekoak, gaixotasun kronikoak dituztenak, espetxeratuak, indarkeria sexistaren biktima diren emakumeak… Eta horiekin lan egiten dutenek trebetasun bereziak behar dituzte jokabide suizidaren arriskua ahalik eta arinen detektatzeko. Prebentzio-maila horri selektiboa deritzogu.
Azkenengoz, gaur egun edo iraganean suizidio-jokabideak izan dituztenekin egiten diren esku-hartze espezifikoei «prebentzio adierazia» deritzo. Horretan aritzen gara osasun mentaleko profesionalok.