agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

Aurrerabidea, teknologiaren abaroan

Basurtuko Ospitaleko Erradioterapia Onkologikoaren Zerbitzuak tratamendu berritzaile bat abiatu du bularreko minbizia sendatzeko bidean. Arnas-hartze sakonean oinarrituta dago, eta, Javier Fuertes zerbitzuko buruaren esanetan, erradioterapiak bihotzean izan ditzakeen albo-ondorioak gutxitzea du xede.

Minbizien artean, bularrekoak du emakumeetan intzidentzia-tasarik handiena. Hura sendatzeko ahaleginean, urrats bat egin du Basurtuko Ospitalean ari den erradioterapia onkologikoko taldeak. Izan ere, gaitz horretatik sendatzeko bidea laburtzea dute xede nagusietakoa teknika berriarekin. Javier Fuertes zerbitzuburuaren arabera: «Bularreko minbiziaren erradioterapiari lotutako toxikotasunetako bat kardiakoa da. Hortaz, tratamendu-eremuan bihotza bularretik banatzea lortzen badugu, bihotzera fisikoki helduko den dosia askoz txikiagoa izango da».

2016-2017an abiatu zuten arnas-hartze sakon sostengatua deitu dioten teknika hori. Pazienteen arnasaldian oinarrituta dago: teknikariek hogei segundo-inguruko arnasaldia ezartzen diete, bihotza ezker bularretik banatzeko. Hala, txikiagoa da bihotzak jasotzen duen erradioterapia-dosia.

«IRAUTE ALDIA LUZATZEN ARI DA TUMORE GUZTIEN KASUAN. ETA SAIATZEN ARI GARA LUZERA BEGIRAKO EFEKTUAK ERAGINIK IZAN EZ DEZAN TRATAMENDUAN. HAU DA, TOXIZITATE KARDIAKOAREN EFEKTUAK SAIHESTEA DA GURE HELBURUA».

Basurtuko lantaldeak ondutako mekanismoa pixkanaka txertatu dute zerbitzuaren egunerokoan, Fuertesen arabera: «Lehendabizi, formakuntza egin behar izan genuen, baina, orain, gure oinarrizko teknika da. Azpimarratu beharra dago teknikarien inplikazioa funtsezkoa izan dela horretarako». Haiek monitorizatzen dute tratamendurako sistema hori, aurretiaz azalera-bidez gidatutako erradioterapia erabiliz (SGRT)

Pazienteen azaleran jazotzen diren aldaketak hautematea ahalbidetzen die horrek. Erradioterapiako zerbitzuburuak azaldu duenez, «lehen, dispositibo batek emakumearen arnas-olatua neurtzen zuen, eta kanpoko kontroleko pantailaren bitartez burutzen zen tratamendua. Gaur egun ez dugu software hori erabiltzen. Emakume bakoitzaren arnasaldiaren anplitudea zehazten dugu lehenengoko egunean, eta hala, tablet bat eta software hori erabiliz, hark badaki arnasaldia aurrez ezarritako langaraino eraman behar duela».

Era horretan, osagarri bilakatu da azalera-bidez gidatutako erradioterapiaren teknika, eta, besteak beste, pazientearen gorputza beti jarrera berean egotea ahalbidetzen du: «Erradioterapian funtsezkoa da gorputzak tratamendu-egun guztietan kokapen berdina izatea, eta horretan laguntzen digu. Eskura dugun teknologia oro baliatzen dugu, eta azalera-bidez gidatutakoak ere laguntzen digu horretan».

Teknika berriaren egokitasunak lehentasunezko tresna bilakatu du. Fuertesen esanetan, ezker-bularrari dagozkion kasuetan, hura baliatzea proposatzen diete pazienteei: «Saiatzen gara arnasaldi sakon sostengatuaren teknika erabiltzen, eta bide horretan hamaika gauza gerta daitezke: teknika ondo ez egitea, urduri jartzea…Dena den, konparaketa egiten dugu, eta beste era batera ere molda gaitezkeela frogatuz gero, ez gara tematzen. Emakume bakoitzak bere egoera du».

Talde handi baten lanaren ondorioz sortu dute tratamendu berria.

Iaz, 2023an, 473 paziente izan zituzten bularreko minbiziarekin, eta haietatik 135 artatu zituzten teknika hori erabilita. Izan ere, erabilgarritasun-probak
ezker-bularreko minbizien kasuan soilik erabiltzen dute eta % 90era hurbildu dira: «Entrenamendu-moduko froga egiten dugu, eta bertan ikusten dugu pazienteak arnasaldi sakon hori jasango duen. Proba eginda, errutinazko teknika gisa erabiltzen dugu gero».

Albo-kalteak gutxitu nahi
Fuertesek argi utzi du arnas-bidezko teknika «tratamenduaren azken zatia» dela bularreko minbizia artatzeko prozesuan, eta, bide horretan, «albo-kalteak gutxitzeko» oso erabilgarritzat jo du. Zehaztu duenez, luzera begira, albo-kalte kronikoak gutxienekora mugatzea da teknikaren xedea: «Pazientearen iraute aldia luzatzen ari da tumore guztien kasuan. Eta saiatzen ari gara luzera begirako efektuak ez dezala eraginik izan tratamenduan. Hau da, toxizitate kardiakoaren efektuak saihestea da gure helburua».

Zerbitzuburuaren hitzetan, onkologian kontuan hartu behar dira «iraute luzeak», eta horren barruan ikusi da luzerako albo-kalteak gutxitzeko beharra. Erradioterapia onkologikoaren kasuan, taldea bularreko minbiziaren alorrean bidea jorratzen ari da, egitura kardiakoak zaintzeari dagokionez: «Kalteak mugatzen ditugu teknikarekin. Besteak beste, beheranzko aurreko arteriarenak, hura izaten baita luzera begira albo-kalteen eragileetako bat».

Bularreko minbizia da pazienteen iraute handiena duen tumoreetako bat. Azken ikerketen arabera, «% 85 edo gehiagokoa da. Kontuan hartu behar da tratamendurako baliabide asko dituela. Lortu behar da iraupen hori kalitaterik handienekoa izatea, eta horretan datza gure misioa. Erradioterapia onkologikoaren alorrean, kardiopatiak dira arazo nagusia».

«LEHENDABIZI, FORMAKUNTZA EGIN BEHAR IZAN GENUEN, BAINA, ORAIN, GURE OINARRIZKO TEKNIKA DA. AZPIMARRATU BEHARRA DAGO TEKNIKARIEN INPLIKAZIOA FUNTSEZKOA IZAN DELA HORRETARAKO»

Teknikaren bidez lortu dute bihotzak jasaten duen erradiazioa oso urria izatea, eta, horren ondorioz, asko apaldu da kardiopatiaren bat izateko arriskua. Sendagileak azaldu duenez, «inork ezin du ziurtatu % 100ean, baina probabilitatea oso txikia da».

Basurtuko erradioterapia onkologikoaren taldea «indarberrituta» dago teknika hori garatuta. «Onura ageri-agerikoa» da pazienteengan: «Kontua ez da aintzindariak gu ote garen. Garrantzitsuena da zer eman diezaiokegun pazienteari». Alde horretatik, Fuertesek «erabat pozik» daudela nabarmendu du, eta goratzekoa deritzo zerbitzu osoak eta langile guztiek izan duten inplikazio-maila: «Horrelako zerbait abiatzeko funtsezkoa da. Zeladoreetatik hasita, administrariek, teknikariek, erizainek… Guztiek egin dute lan ahalik eta tratamendurik egokiena ezartzeko garaian».

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other