agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

“Metadonarekin artatzen ditugun kasu berriak ez dira horrenbeste, eta programan dauden gehienek 50 edo 60 urte inguru dituzte”

Idoia Larrañaga • Psikiatra

Idoia Larrañaga psikiatrak eta Mikel Palacios psikologoak, Ajuriagerrako Osasun Mentaleko Zentroan egiten dute lan, Adikzioen zerbitzuan (Bilbon). Bertan lantzen dute metadonaren programa, eta opioideetara izaten den mendekotasuna artatzeko egitasmoaren nondik norakoak aletu dituzte.

Metadona baliatzen duzue tratamendu terapeutiko gisa. Zertan datza?
Metadona erabiltzen dugu opioideen mendekotasuna artatzeko. Farmako bat gehiago da; jendeak farmako berezi baten moduan ikusten badu ere, guk besteak bezala erabiltzen dugu. Opioideen mendekotasunetatik gehien ezagutu duguna heroinarena izan da, baina gaur egun fentaniloarekin edo besterekin dagoen arazoari aurre egiteko ere erabil daiteke metadona. Printzipioz, 10-20 miligramo arteko dosiarekin hasi ohi gara, eta gero, dosia pixkanaka igoz goaz. Saiatzen gara 40 miligramo artean jartzen, baina 100 edo 120ra arte iritsi gaitezke. Batez besteko bat zehaztearren, 40 edo 60 miligramo artekoa izan ohi da eguneko dosia.

Zergatik erabiltzen da metadona beste opioideen mendekotasuna gainditzeko?
Aho bidez hartzen delako, eta ez zainetatik, erreta edo sudurretik. Kasu horietan kalte handiagoa egiten diogu gorputzari. Gainera, farmakoaren eragina ere luzeagoa da. Heroinaren kasuan, esaterako, lau edo sei ordura igarotzen da efektua, eta metadonak 24-32 ordu artean iraun dezake gorputzean. Horrela, opioideek sortzen duten mendekotasuna artatu daiteke.

Zertarako erabiltzen da espreski metadona?
Opioideek dependentzia handia eragiten dute. Hasierako kontsumoa hobeto sentitzeko izaten da, baina gerora txarto ez sentitzeko mantendu egiten da, hau da, abstinentzia sindromea kentzeko. Hori dependentzia gehienekin gertatzen da, baina heroinaren kasuan, abstinentzia sindromea oso bizia da fisikoki. Ez da oso larria bizitzarako, baina oso gaizki pasatzen da: mina, beherakoa…

Noiztik dago abian metadonaren proiektua, eta zer izan zen ernamuina?
90eko hamarkadan hasi zen, Euskal Herrian heroinaren bete-beteko garaia. Labur esanda, hori izan zen muina. Osasun mentaleko zentroetan programak abiatu aurretik autobus bat ibili zen Bizkaian, eta geldialdiak egiten zituen Bilbo eta inguruetan –Otxarkoagan, Errekalden, Barakaldon, eta abar—, metadona banatzeko. Jendeak ilara egiten zuen, bere dosia hartzeko. Egunerokoa zen, eta eskari handia zegoen. Orduan, kontrolak egiten zituzten txizaren bitartez, droga kontsumoa kontrolatzeko. Jendeak kale egiten bazuen, edo kontrol horietan arrastoak ageriz gero, programatik kanpo geratzen ziren, ez zegoelako behar besteko eskaintzarik eskariari erantzuteko. Hori gaur egun asko aldatu da.

«BIZKAIAN GUZTIRA 900 PERTSONA INGURU DAUDE METADONA PROGRAMEN BARRUAN, ETA BESTE 300 INGURU BUPRENORFINAREKIN. BATEZ BESTE, MILA BERREHUN LAGUN EGONGO DIRA OPIOIDEEN TRATAMENDUA HARTZEN»

Ordutik hona asko aldatu da erabiltzaileen soslaia?
Erabiltzaileen adina aldatu da, batez ere. Metadona kasu berriak ez ditugu horrenbeste, eta programan dauden gehienak garai hartakoak dira. Gehienak 50 eta 60 urteen jiran dabiltza. Fisikoki eta organikoki eragin handia izan dute, heroinaz gain GIBak (gazteleraz VIH) ere kalte handia egin zuelako. Egun, bizitza lasaiagoa dute, eta farmakologikoki ere hobeto daude. Gaixotasun kronikoak dituzte, hepatitisa adibidez. Orain, ordea, tratamendua dute gehienek, eta, ondorioz, sendatuz doa jendea. Organikoki, pertsona horiek zahartuago daude kontsumitzaile izan ez direnak baino.

Metadonaz gain, beste tratamendurik erabiltzen duzue kasu horiek artatzeko?
Gaur egun, badaukagu beste opioide bat: buprenorfina. Azken urteetan metadonaren ordez erabiltzen dugun farmakoa da, bi modutan aurkezten dena; mihipekoa –egunero hartzen dena– edo larruazalpekoa –astero edo hilero jar daitekeena–.

Zenbat lagun daude gaur egun metadonaren programan?
Bizkaian, Osakidetzan, 700 pertsona daude programaren barruan, eta beste 300 daude buprenorfinarekin. Bataz beste, mila laguni artatzen zaie opioideen mendekotasuna. Bizkaian, metadona errezetatu dezaketen hamabi zentro ditu Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak; haietatik seitan, metadona bertan ematen dugu. Gurea da horietako bat. Osakidetzatik kanpo, badaude beste baliabide batzuk ere. Bilbon, esaterako, hiru modulu psikosozial daude: Errekaldekoa, Auzolan (Bilbo Zaharrean) eta San Ignaziokoa. Horrez gain, Gizakia eta Etorkintza fundazioek ere metadona dispentsatzen dute, Deustun. Azkenerako, 1.200 pertsona egongo dira tratamenduan.

Adierazi duzunez, erabiltzaile asko aspaldian ari dira tratamenduan. Nolako faseak izaten ditu?
Metadona bidezko Mantentze Programa du izena. Dependentzia laburragoa izan dutenen kasuan, hasieran, saiatzen gara abstinentzia kentzeko dosi bat ematen; gero, mantendu egiten dugu dosia bizimodua egonkortu artean —arazoak konpontzea, lana aurkitzea, harremanak normalizatzea, fisikoki zaintzea, eta abar–, eta gero, pertsona ondo dagoenean, eta hark nahi badu, dosia jaisten saiatzen gara.

«IAZ, METADONA ERREZETA ELEKTRONIKOETAN JARTZEN HASI GINEN, FARMAKO BEZALA. EZ DA FARMAZIETAN EMATEKO; BAIZIK ETA, PERTSONA BAT LARRIALDIETARA JOANGO BALITZ, HARTZEN DUEN DOSIA ZEIN DEN JAKITEKO»

Nola egiten da hori?
Gutxinaka-gutxinaka, esaterako, astean bi miligramo jaitsita. Askotan ez da beharrezkoa izaten kentzea, urte askotan metadona hartu badute, eta bizi-kalitatea hobea bada opioidea mantenduta. Ikusi dugu gorputzean ez duela hainbesteko eraginik; esate baterako, egunero tentsioa edo diabetesa kontrolatzeko pilulak hartzen dituenak bezala. Arazorik handiena da farmakorik gabe geratuz gero abstinentzia sortzen dela. Hortaz, batzuetan, pazienteek guk baino presa handiagoa izaten dute menpekotasuna kentzeko.

Diozunez, zuentzat, farmako bat gehiago da metadona. Oro har, estigma handia du gizartean?
Baietz uste dugu. Guk beste farmako baten gisan ikusi arren, ezagutza-falta dago. Osasun-langileen artean ere gerta daiteke ez ezagutzea. Iaz, metadona errezeta elektronikoetan jartzen hasi ginen, farmako bezala. Ez da farmazietan emateko; baizik eta, pertsona bat larrialdietara joango balitz, hartzen duen dosia zein den jakiteko. Paziente batek esan zigun ez zuela nahi farmaziako errezeta elektronikoan ager zedin; izan ere, oporretara joaten zen lekuan denek ezagutzen zuten arren, metadonarena ez zekitelako. Horren arrazoia, heroinaren epidemiarekin lotu ohi dute, garai jakin batekin, eta beraz, delikuentziarekin edo marjinaltasunarekin. Gizon horrek gaztetan eduki zuen arazoa heroinarekin, baina metadonaren bidez uztea lortu zuen, eta orain oso ondo dago. Hasieran, Santutxu-Solokoetxeko programa abiatu zenean, zalaparta egon zen auzoan, paziente-kopuru handiegiak sorrarazten zuen deserosotasunagatik.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other