Debabarreneko ESIko Tokoginekologia Zerbitzuak arreta-ibilbide guztia euskaraz jasotzea ahalbidetu nahi du. Haurdunaldi-prozesua ama-hizkuntzan egiteak «arreta osoa» eskaintzea eta «gozotasuna» ditu xede, eta beste zerbitzuetara zabaltzea du hurrengo helburua.
«Norbera erosoen sentitzen den hizkuntzan artatua baldin bada, asko eginda dago». Garbiñe Garai Debabarreneko ESIko euskara-teknikariak esaldi batean laburbildu du ama-hizkuntzak osasungintzan duen garrantzia. Horren jakitun, proiektu berritzaile bat abiatu zuten Tokoginekologiako Zerbitzuan, eskualdeko osasun etxeetatik hasi eta Mendaroko Ospitalera hedatuta: arreta elebiduna bermatzeko proiektua da. Abenduaren 1ean aurkeztu dute, Euskararen Egunaren karietara antolatutako ekitaldian.
Emakume erabiltzaile baten esana izan zen egitasmoaren ardatza: «Gaztelaniaz, erdi pertsona naiz». Esaldi hori ardatz hartuta landu dute proiektua, 2021az geroztik. Orduan eratu zuten lantaldea, ginekologo batekin, bi emaginekin, Tokotraumako solairuko langileekin eta euskara- nahiz kalitate-arloko kideekin batera. Arantzazu Arriola erizain laguntzailea, Oihana Apellaniz ginekologoa eta Laura Mateos, Maier Esnaola eta Marta Larreategi emaginak dira parte-hartzaileetako batzuk.
«AMA-HIZKUNTZAN ARTATUKO DUEN PROFESIONALA AGERTZEN DENEAN, BELDURRA ERRAZAGO GALTZEN DA, SENTIMENDUAK ERRAZAGO LORATZEN DIRA, ETA EUSKARA SENDATZEKO ERRAMINTA BILAKATZEN DA» Arantza Arriola
Arriolaren esanetan, «arreta hobea eta hurbilagoa lortzeko» aukera ematen die euskaraz aritzeak. Izan ere, hizkuntzaren aldagaia «garrantzitsua» da parte-hartzaileentzat. Hala, 2022. urtean, beharren diagnosia egin zuen lantaldeak. Lehen-lehenik, hizkuntzari dagokionez pazienteek zerbitzuan egiten duten ibilbidea aztertu zuten erabiltzaileen nahiz profesionalen ikuspegitik, eta, horretarako, erakundearen jarduna kontuan hartzeaz gain, teknika bat baino gehiago erabili zituzten. Eginkizun horretan Ahize-aek hizkuntza aholkularitzaren lankidetza izan dute.
«Ama-hizkuntzan artatuko duen profesionala agertzen denean, beldurra errazago galtzen da, sentimenduak errazago loratzen dira, eta euskara sendatzeko erraminta bilakatzen da», azaldu du Arriolak: «Horrek bultzatu gaitu saiakera hori egitera». Apellanizen esanetan, «konturatu naiz, erabiltzaile batzuekin euskaraz eginda, haiekin gehiago konektatzen dela. Euskaldunari euskaraz zuzenduz gero, gertutasuna lortzen da. Normaltasunerako ere beste pauso bat da. Gu euskaraz bizi baldin bagara, gure jardunean ere euskaraz egitea da normalena».
Euskaraz aritzeko zenbait neurri hartu dituzte, arta hori bermatzeko. Besteak beste langile elebidunen identifikazioa —e hizkuntza lehenetsiaren zeinuaren bitartez—, erabiltzaileen hizkuntza aukera ikusaraztea, emagin eta ginekologo euskaldunekin hitzorduak ematea, agiriak euskaraz idaztea eta erditze-ikastaroak ere hizkuntza horretan eskaintzea.
Proiektuaren helburuetako bat erabiltzaileak «zaurgarri senti daitezkeen egoeretan estres linguistikoa ekiditen» laguntzea ere badela azpimarratu du Garaik. Euskara-teknikariaren esanetan, saihestu egin behar da erabiltzaileak hizkuntzaren inguruko zalantzetan murgiltzea: «Jakingo ote du euskaraz? Ez ote du jakingo?». Naturaltasunez egin nahi dute hizkuntza-hautuaren hurrengo urratsa, zerbitzua euskaraz izatea, eta, bide horretan, funtsezkoa da aukera ematea.
Alde horretatik, Debabarreneko ESIan urteak daramatzate hizkuntzaren aldagaiari erreparatzen, baina beste urrats bat egin nahi izan dute ginekologiako ibilbide osoa euskaraz egitea ahalbidetuta. Garaik azaldu duenez, «zerbitzu oso batean eragin nahi genuen. Osakidetzako zerbitzuak askotarikoak dira, eta bakoitzean unitate bat baino gehiago daude, baina esperientzia polita izaten ari da lanketa». Hala, proiektuak bere horretan lagundu du sinergiak lortzen.
Horren adibide da Debabarreneko ESIan zenbait unitateren lotunea izan dela hizkuntza-proiektu berria: emaginak, ginekologoak, erizainak, erizain laguntzaileak, administrariak… Haiek guztiak helburu baten inguruan bildu dira, eta lanerako xenda berriak ere aurkitu dituzte: «Tokoginekologiako solairuan, gehien-gehienek badakite euskaraz, eta emaginen artean, denek, trebetasunak gorabehera. Ginekologia-arloa ere oso euskalduna da. Hala, agendak antolatu dira Deba-Mutrikuetara euskaldunak joateko, eta Eibarrera eta Ermura egun batzuetan joateko. Itzela izan da hori», zehaztu du Garaik.
Aurrera begirako urratsak
Orain arteko ibilbidean mugarria izan da aurtengo urtea, eta bi urterako ekintza-plana proposatu dute. Bost arlo nagusitan banatu dituzte ekintza giltzarriak, eta aurrera begirako zenbait proposamen zerrendatu dituzte. Haien artean daude identifikazio-tresnak prestatzea —imanak—, unitateetako arduradunekin irizpideen jarraipena zehaztea, haurdun direnentzat euskarazko ikastaroak egiten jarraitzeko neurriak hartzea, agendak hizkuntzaren arabera antolatzaren balorazioa.
«ERABILTZAILE BATZUEKIN EUSKARAZ EGINDA, HAIEKIN GEHIAGO KONEKTATZEN DA. EUSKALDUNARI EUSKARAZ ZUZENDUZ GERO, GERTUTASUNA LORTZEN DA» Garbiñe Garai
Arreta elebiduna bermatzeko proiektuak lau ardatz metodologiko ditu: pazienteetan zentratutako arreta, euskararen dimentsioak lantzea, ikuspegi sistemikoa —hots, parte hartzen duten faktore guztiak biltzea— eta eragiteko gaitasuna. Hala, Tokoginekologia Zerbitzutik harago ailegatu nahi du proiektuak, Debabarrena ESIko beste zerbitzuek ere balia dezaten.
Horren inguruan, Garaik esan du «kanpora begira» informatzeko beharra hauteman dutela: «Langile guztiei, erabiltzaileei eta abarri. Horretarako, zenbait euskarri fisiko prestatu ditugu osasun-zentroetan banatzeko, eta abenduaren 1etik aurrera hasi ginen banatzen, ezagutzera emateko». Izan ere, osasun-arreta norbere hizkuntzan jasotzea gakotzat jo dute lantaldeko parte-hartzaileek, Arriolak adierazi duenez: «Babesa izan dugu, baita zuzendaritzaren aldetik ere. Zabaltzeko esan digute, eta hori da helburua. Gure unitatean gure kontura hasi ginen ohitura horiek hartzen, eta poliki-poliki zabalduko da kirurgiara, osasungintza orokorrera… Entzun dadila Osakidetzan ospitale txiki honetatik zerbait sortu dugula guztientzat».