Amatasuna izeneko programak etapa perinatalean dauden emakumeei laguntzea du xede, orduan izan ditzaketen beldurrak nahiz osasun mentaleko arazoak goiz detektatzea, prebenitzea, eta goiz tratatzea. Edurne Zapirain psikiatrak bultzatu eta garatu zuen, eta 2021etik Gipuzkoako Osasun Mental Sare (GOMS) osoan hedatuta dago.
Aitzindaria izan zen Amatasuna programa Osakidetzan. Nola hasi zineten antolatzen?
2010. urtean, lantalde bat sortu genuen Gipuzkoako Osasun Mental sarean etapa perinatala lantzeko: hau da, emakumeari arta berezia eman nahi genion haurdun gelditzen denetik haurrak urte bat bete arte. Izan ere, OME Osasunaren Munduko Erakundeak eta PKG Praktika Klinikorako Gidek gomendatzen zuten etapa perinatalean antsietate eta depresioa goiz detektatzea eta detekzio horren ondoren osasun mentala babesteko programa bat egitea. NICE PKGk Osasun Mental Arreta Integralerako emandako gomendioak aintzat hartuta diseinatu genuen. Hala, 2013. urtean emaginekin hasi ginen lanean, eta programa pilotu bat jarri genuen martxan 2016ko martxotik 2018ko abendura bitarte, Ondarretako Osasun Mentaleko Zentroan, Zarautzen, Eibarren eta Beasainen. 1.063 emakume artatu genituen, eta hamasei emaginek parte hartu zuten. Programa pilotu hori mugarri bat izan zen, emaitza oso onak lortu baikenituen, eta bultzada handia eman zigun.
Ordura arte ez zegoen halakorik?
Ez, eta, programa horren emaitza onei esker, zentro horietan aurrera egin du programak, inplementatu egin da. Poliki-poliki, beharra sortu da, eta, azkenean, 2021eko ekainean, Gipuzkoako Sare Mental osora hedatu da. Beraz, edozein emakumek jaso dezake laguntza programa horren bidez gaur egun.
«ETAPA PERINATALEAN, EMAKUMEA KALTEBERAGO SENTI DAITEKE, EDO BELDURRAK IZAN DITZAKE, BATEZ ERE OSASUN MENTALEKO AURREKARIAK BADITU»
Zein da programaren helburua?
Hasteko, emakumeari lehentasunezko arreta ematea, hau da, programan azkar onartzea, gehienez hamabost egunen barnean. Lehen arretan, emaginak galderak egiten dizkio emakumeari: nola dagoen, azken hilabetean maiz sentitu ote duen tristura handia edo negar egiteko gogoa, gustuko zituen gauzak egiteko gogo gutxiago, urduri ote dagoen, ez den bere kezkak geldiarazteko gai sentitu… Horietako galdera bati baietz erantzunez gero, depresioa edo antsietatea detektatzeko eskalak pasatuko dizkio. Emaginak erantzunen arabera jakingo du emakume horrek laguntza behar ote duen, eta azalduko dio badagoela hori lantzeko programa bat eta zertan datzan. Horregatik, emaginen zeregina ezinbestekoa da. Baheketa horretan emakume horrek positibo ematen badu, guri idazten edo deitzen digu emaginak, eta guk egun berean erantzuten diogu. Kasu larria baldin bada, segituan sartzen dugu programan. Helburuetako bat da detekzioa goiz egitea, tratamendua lehenbailehen jartzeko, eta, modu horretan, ahalik eta gehien prebenitzeko. Beste bat da amaren eta haurraren arteko harremana sustatzea, amak haurrarekiko daukan atxikimendua. Azken finean, ama egonkor baldin badago psikologikoki, hori sustatuko du, eta haurraren garapenean eragingo du, bai garapen psikologikoan, bai motorrean eta bai kognitiboan.
Horrez gainera, emakumeak, haurdunaldian eta erditu ondoren, estresari aurre egiteko tresnak bereganatu behar ditu, eta guk horixe ematen diogu: etapa perinatalean sor daitekeen estresari aurre egiteko erremintak. Inportantea da tresnak ikastea, praktikan jartzea eta emakumearen rol aktiboa aprobetxatzea; hau da, amatasunak dakarren estresari aurre egiten ikastean beste emakumeei hori irakastea. Zeren emakumeak ez daude bakarrik; elkarrekin egoten dira prozesuko aldi askotan —hala nola erditzea prestatzeko saioetan—, eta bere inguruan dauden emakumeentzat osasun-iturri izan daiteke.
Zein emakume artatzen dituzue?
Alde batetik, etapa perinatalean, antsietatean edo depresio eskaletan positibo ematen duten emakumeak. Beste alde batetik, emakumea beste kontsulta batera joaten bada, emaginarengana, pediatrarengana edota ginekologoarengana, adibidez, eta profesional horrek triste nabaritzen badu edo antzeko sintomaren bat atzematen badio, guregana bideratzen dute. Artatzen ditugun beste emakumeak, dagoeneko patologia mentalak dituztenak dira, eta Ondarretako Osasun Mentaleko Zentroan tratamenduan daudenak. Horietako askok medikazioa hartzen dute, eta beren haurdunaldia planifikatu behar dute.
Nolakoa izaten da prozesua?
Positibo ematen dutenetik ebaluazio psikiatriko bat egitea da lehentasuna. Ebaluazio oso-osoa egiten zaie: zer-nolako arrisku faktoreak dauden, zein gaitz pasatu dituen, momentu horretan zer-nolako sintomak dituen, nolako tratamendua egiten ari den, zer-nolako sarea daukan (familia, bikotekidea…). Hori guztia landu behar dugu; batez ere, momentu horretan dituen sintomak eta haren aurrekariak. Kontsulta horretan bertan, lehenengoan, tratamendu-plana ezartzen da; sintoma arinak edo larriak dituen, horren arabera erabakiko da tratamendu farmakologikoa ezarri behar ote zaion, eta kontuan hartuko da hori bateragarria ote den haurdunaldiarekin. Ondoren, psikoterapia indibiduala egiten zaie emakumeari eta haren bikotekideari. Horretaz gain, taldekako esku-hartzea dago. Hori Maite Azkona osasun mentalean espezializatua dagoen erizainak eta nik bideratzen dugu. Bi orduko hamabi saio izaten dira; astero elkartzen gara, eta saio bakoitzak helburu batzuk ditu. Besteak beste, distantzia emozionala, arazoak konpontzeko gaitasuna, gaixotasunaren inguruko kontzientzia, atxikimendua indartzeko estrategiak… Horretarako, programan parte hartzen duten Osakidetzako beste profesionalekin koordinatzen gara, etapa horretan emakumea artatzen dutenekin: ginekologoa, emagina, pediatra…
«SINETSARAZI DIGUTE HAURRAREKIN LOTURA SENTITU BEHAR DELA HAURDUN ZAUDELA JAKITEN DUZUNETIK, POZIK EGON BEHAR DELA, BAINA BETI EZ DA HALA IZATEN»
Nola sentitzen dira emakumeak etapa perinatalean?
Emakumea kalteberago senti daiteke, edo zailtasunak izan, beldurrak; ez daki haurdunaldia ondo joango den, batez ere aurretik dolu perinatala jasan badu, beste haurren bat galdu badu… Beldur da haurdunaldian gaixotuko dela, bere buruari galdetzen dio ondo edo gaizki ari ote den jokatzen, ama ona izango ote den… Gauza bat da beldurrei edo zailtasunei aurre egin behar izatea, eta bestea da gaixotasun psikologiko edo psikiatriko bat izatea. Horregatik, emakume bat sufritzen ari bada eta behaketan positibo ematen badu, guk gaixotu ez dadin egingo dugu lan; prebenitzen saiatuko gara. Batez ere erditze ostean daude aukera gehiago gaixotasun psikiatrikoak garatzeko, eta, lehendik ere halako gaitzen bat izan badu, errazagoa da berriz gaixotzea.
Oraindik tabua da gizartean horrela sentitzea etapa perinatalean?
Gizartearen presioa jasaten dute, ustea baita haurdunaldian pozik egon behar dela, denak ondo joan behar duela, baina hori beti ez da gertatzen: beldurrak dituzte, eta batez ere zalantzak. Sinetsarazi digute haurrarekin lotura sentitu behar dela jaio baino askoz lehenago, haurdun zaudela jakiten duzunetik. Etapa osoa pozik egiten dutenen kasuan, bikain, baina denek ez dute hala sumatzen, eta kosta egiten zaie esatea.
Haurra zaintzea garrantzitsua da, baina, emakumea bera behar bezala artatu ezean, ez dago helburu hori lortzerik orduan?
Azken finean, haur guztiek merezi dute ama osasuntsu bat, eta ama guztiek merezi dute bere haurrarekin bizitzaz gozatzeko aukera izatea.