agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

Aspertuta

Agurtzane Ormatza Imatz • SEXOLOGIA

Gizon eta andre askorentzat dituzten harreman erotikoak ez dira eurek nahi bezalakoak. Urte berria aitzakia izan daiteke hori adierazteko.

 

Urte berriari begira gaudela, ia ezinezkoa izaten da bukatzear dagoen urteari begiradatxo bat ez ematea eta datorrenari zer edo zer ez eskatzea. Zurrunbilo horretan, askotan, aspalditik sentitu izan duguna etortzen zaigu gogora; oraindik bideratu gabe daukaguna azaltzen zaigu, datorren urtean konpontzeko esperantzan.

Askok baliatzen dute egoera hori modu argiago batean bikotekideari eskatzeko aspalditik beste era batzuetan azaldu dutena. Erotika alorrean oso argi geratzen zaigu. «Urte berria datorrela eta, dena hain gorri eta hain sexy dagoela, zergatik ez probatu… egin?».

Egia da horrelako proposamenak ez direla izaten egun bateko kontuak. Ziur aski denbora askoan izan dugu gogoan. Baina urteen muga une ederra da modu dibertigarrian azaltzeko. Edo horrela izaten da askorentzat!

Gizon eta andre askorentzat dauzkaten harreman erotikoak ez dira eurek nahi dituzten bezalakoak, eta askotan ez da kantitate kontua, modu kontua baizik. Hau da, kontsultan asko entzuten dugu: «Beti egiten dugu berdina, postura berdinean eta era berdinean», «sartzea da helburua, bai ala bai», «gauza berriak nahi ditut probatu, baina berak ez du nahi…». Aspertuta jada kontu hitzarekin.

Bikotekideak sintonia berean baldin badaude, hau da, biek nahi dutela egoera aldatu eta gauzak berriak probatu, irtenbidea gertu daukate, nahiz eta negoziazioak batzuetan errazak ez izan.

Askotan gertatzen dena da batek oso argi daukala zer edo zer berria probatu nahi duela, baina bikotekideak ez du nahi edo ez dauka hain argi. Proposamen baten atzean eta ezezko baten atzean beti dago banakako eta bikote biografia bat. Istorio hori ezagutzeak askatuko du berrikuntza horrek dakarren bikotekideen korapiloa.

Gauza ezaguna da denboraren poderioz aldatzen garela, gustuak, desioak, beharrak, erak… Bide desberdinak hartzen dituzte. Eta beste gauza batzuk, berriz, tinko egoten dira denbora pasatu arren. Jakiekin oso argi dago: «Betidanik gustatu izan zait arrautza frijitua, eta orain ere bai. Aldiz, lehen ez nuen gustuko aza, eta orain asko gustatzen zait. Edo lehen currya ez nion botatzen ezeri ere ez, eta orain aldiro arrozari botatzen diot, eta oso gustu gozagarria ematen dio. Lehen ia egunero jaten nuen letxuga entsalada, eta egun probatu ere ezin dut egin, aspertuta!».

Biluzten
Musuak, laztanak, zurrupadak, miazkatzeak… ipurdian, titian, hankan, aluan… Kontu bera izaten dute. Eta, bikote sisteman bi gaudenez, atera kontuak!

Baina erotika alorrak ukitzen diguna bazkariak ez digu ukitzen. Hau da, errazagoa da jakitea eta bizitzea modu gozagarri batean jakiei dagokien gustu aldaketekin, gorputzak eta desioak dakargun aldaketarekin baino. Gure intimitatean eta gorputz biluziak elkartzen direnean, gu geu biluzten gara barrenetik, gure grina, gure gogoa, gure beldurra, gure lotsa… Dena agerian, begirada batean laztan baten bidez.

Sarri zaila da norberaren buruari aitortzea laztan batzuekin aspertuta dagoela edo sartzeko moduak ez duela jada pizten. Beldurra ematen digu. Zer esanik ez besteari esatea. Eta entzutea? Zelan barneratu edo nondik barneratu lagunak esaten diguna? Letxuga entsaladaz aspertuta nagoela esatea, edo sexu-bizitzarekin aspertuta nagoela esatea eta indar desberdinarekin bizi beharko genuela.

Beharbada, askotan, garrantzi larregi ematen diogu esaten dugunari eta esaten digunari.

Harremanak dinamikoak dira etengabe eraikitzen badira bion artean. Erotika alorrean hasi ginenean, ezezagunak ginen, eta bion artean heldu gara gaur arte. Beharbada, sentitzen dugunean zer edo zer berritu, aldatu, apaindu behar dugula, desioarekin batera beldurra ere sentitzen dugu.

Eta, beharbada, gure beldurrak berba gehiago egiten du gure benetako desioak baino.

Beldurra: gai izango naiz egoera berrira moldatzeko? Gai izango naiz postura horri eusteko? Gustatuko zait egiten didana, edo gustatuko zaio esaten diodana? Ez bazaio gustatzen, zer? Baina aspertuta dago egiten dugunarekin, edo nitaz? Nik ez badiot ematen nahi duena, zer gertatuko da? Lehengoa baino gehiago gustatzen bazait, «oso zoroa» naizela irudituko zaio?…

Orduan, garrantzitsua izango da jakitea zer dagoen proposamen baten edota erantzun baten atzean. Zer eskatzen dugu? Zer sentitzen dugu eskatzen digutela? Norberak eta bikotekideak argi edukitzea gure nondik norakoak horrek bidea erraztuko digu. Horrela nahi izanez gero, beldurrak bion artean uxatuko edota landuko ditugu, eta desioak arakatuko ditugu, jakiteko zelako eratan bideratzen ditugun.

Eta gonbidatzen badugu laguna afaltzera eta gure gorputza osatzen dugun gure desioak ekarritako jakiekin eta ez horrenbeste gure beldurrak edota lotsak ekarritako harresiekin?

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other