Arturo Goicoechea Osakidetzako neurologo erretiratuak beste liburu bat argitaratu du. El dolor crónico no es para siempre lanak min kronikoa du hizpide, eta hura ulertzeko eta horretatik libratzeko gakoak azaltzea du xede.
Nondik sortu zaizu liburua idazteko aukera?
Halakoetan, editorialaren eskaera izan ohi da, eta editorial batek egin zidan El sentido de la birra-n egin zidaten elkarrizketa bat entzun ostean.
Nola definituko zenuke min kronikoa?
Lehenik eta behin, mina definitzea alferrikakoa da. Denok dugu minaren esperientzia, eta badakigu zer den. Kontua da sentitzen dugun horrekiko zer interpretazio egiten dugun, eta zer interpretazio egiten duten profesionalek. Orduan sortzen dira arazoak.
Nolakoak izaten dira interpretazio horiek?
Norbaitek eremu batean mina sentitzen duenean, intuitiboki, ebidentetzat ematen da inguru horretan zerbait gaizki dagoela. Litekeena da hori egia izatea; infekzioren bat, zauriren bat edo patologiaren bat egon daiteke. Minak kaltetutako eremuaren osatze prozesua babesten du. Gaur egun, teknologiarekin normalean identifikatu egiten da lesio hori. Behin identifikatuta, arazo hori konpondu egin behar da. Arazoa sortzen da norbaitek mina sentitzen badu —eta hori erreala da beti— eta ez bada min hori azaltzeko eta justifikatzeko sorbururik aurkitzen. Profesional bakoitzak bere azalpena ematen du, eta bere terapia eskaintzen du, oro har, emaitza eskasarekin.
Hortaz?
Orokorrean, badago joera bat arazoa mina sumatzen den eremuko ehunetatik mina duen pertsonarengana mugitzekoa. Arrazoi psikologiko edo psikosozial gisa izendatzeko joera dago. Horrek arazoak dakartza, ez baita hala: mina, mina da, eta burmuinak sortzen du, bizitzan zehar bildutako informazioaren arabera. Mina ez da ez fisikoa, ez psikologikoa: mina da. Batzuetan sorburu fisikoa izaten du, eta bestetan ez, eta halakoetan burmuinean jarri behar da arreta, baina ez mina sentitzen duen gizabanakoarengan espreski. Hasieran, norbanakoa bakean utzi behar da, eta ez da minaren eragiletzat hartu behar. Prozedura konplexu baten biktima da.
Alde horretatik, uste okerrak desmitifikatzea proposatu duzu liburuan, eta eredu pedagogikoaren alde egitea. Zertan datza?
Hori frogatua dago. Mina justifikatzen duen lesiorik gabe, organismoak kaltea balego bezala jokatzen du, baina halakorik egon gabe. Organismoa da mehatxua «sortarazten» duena. Mina ez da agertzen sentitzen den lekuan, burmuinean baizik. Hortaz, mina sentitzen den inguruan okerrik ez bada aurkitzen, burmuinera jo behar da, minaren fabrikara, eta sentipen hori sor dezaketen osagai guztiak xehatu.
Zeintzuk dira?
Izan daitezke osagai kognitibo-kontzeptualak, sinesmenak, atentzionalak, eta abar. Gizabanakoak irakatsi zaion hori egiten du, eta jakin behar da profesionalek egindako gidatze horrek biologiarekin lotura duen, edo interes profesionalei dagokien. Industria farmazeutikoak, esaterako, molekulak soilik biltzen dituen minaren eredu teoriko guztiak babesten ditu. Alabaina, minaren arazoa eta eratze neuronala ulertzen saiatu garenok arduratzen gara arreta terapeutikoaren aurretik arreta pedagogikoa lehenesten. Horregatik azaltzen dugu minaren trama osoa, eta arlo neuronala, diabetesa dutenei endokrino gaiekin egiten dieten bezala. Hori eginda, pazienteei mina egoki interpretatzeko modua ematen diegu. Minaren trama azaltzea lortuz gero, pazienteak beste era batera jokatzen eta pentsatzen du.
«ARAZOA SORTZEN DA NORBAITEK MINA SENTITZEN BADU —ETA HORI ERREALA DA BETI— ETA EZ BADA MIN HORI AZALTZEKO ETA JUSTIFIKATZEKO SORBURURIK AURKITZEN»
Mina azaltzeko, haren mekanismoak esplikatzen dituzue?
Bai, eta batez ere, minaren inguruko mitoak eraitsi. Adibidez, urteekin mina sortzea normala da. Ebidentzia horrek ez du inolako oinarririk. Beste adibide batzuk: pisua zamatzeak kalte egiten dio bizkarrezurrari, edo era jakin batean eseri beharra dago. Horiek hala onartzen dira, hala irakatsi digutelako, baina gaur egun ebidentzia da horrek egiten duen bakarra sinesmenak eta espektatibak sortzea da, eta minaren maneiurako jokaera batzuk indartu. Horrek kronifikazioa dakar. Profesionalek praktika txar batzuk egin dituzte, eta ez da kritika, onarpena baizik. Egun, beste gauza batzuk dakizkigu minaren, burmuinaren eta sare neuronalen inguruan. Horrek behartu beharko gintuzke esaten duguna aldatzera, eta norbaitek mina duenean eta ezer aurkitzen ez dugunean izaten dugun jokaera aztertzera.
Okerreko sinesmen horiek zenbateraino daude gizartean txertatuta?
Izugarri, haurtzarotik. Ikerlariek haurren usteak aztertu dituzte. Mina dutela esaten dutenean eta horren zergatia galdetzean, helduen erantzunak ematen dituzte: «Gaizki sentitzen naiz», «Estresa dut»… Gure usteak helarazten dizkiegu, eta haurrak babesten ditugu organismo hauskorrak balira bezala. Haien kondizio behinena galarazten diegu: beldurrik gabe jolasteko askatasuna. Ikasketa prozesuak askatasuna behar du, jolasa behar du, organismoak neurria hartu diezaien aktibitate libre horren eragin positibo eta negatiboei.
Gorputz atalen bat anputatu dietenen bizipenak aletu dituzu liburuan; jada existitzen ez den gorputz ataletako mina da ezaugarri bat. Min kronikoaren adibidea al da?
Mundu guztiak ezagutzen duena bai. Hanka anputatuan mina sentitzea, horrek esan nahi du badela zerbait mina sortzen duena gorputz atalik ere ez dagoen eremu batean. Adibiderik deigarriena da, eta denek onartzen dute. Ikerketan, gaur egun, ikerlan askok diote nahikoa dela eremu batean mina imajinatzea, mina sortzen duen burmuineko sarea aktibatzeko.
Nola sortzen dira sinesmenak?
Hein batean, profesionalek errazten dituzte. Inork ez du bere kabuz aurkituko giltzurrun bat, birika bat eta arteriak dituela. Organismoaren ideian hezten gaituztelako da.
Zeintzuk dira kronifikazioa bultzatzen duten teoriak?
Jendeak minaren inguruan pentsatzen duenari buruzko galdetegiak eginez gero, emaitza horiek agertzen dira. Esaterako, mugimenduarekin lotutako mina denean, denek interpretazio gihar-eskeletikoa egiten dute, neuronalean pentsatu beharrean. Hortaz, pentsatzen dugu postura onetan, pisu gutxi jasotzean… Gai mekanikoetan pentsatzen dugu beti, eta batzuetan litekeena da hala izatea, baina salbuespena da. Besteetan, babes mekanismoa piztearen ondorioa izaten da. Atribuzio asko okerrak eta esajeratuak izan ohi dira.