agenda » abendua | HARPIDETU BULETINERA

Itxura deigarritik haratago

Karabela portugesak eragin handia izan du aurtengo hondartza sasoiaren hasieran. Itsasoko animalia horren ziztaden eragina aletu dute Manolo Cancio eta Arantza Aguillo Donostiako Ospitaleko Larrialdietako sendagileek.

Koloretako puxika baten traza du, baina oso bestelakoa da kontua. Physalia physalis itsas organismo kolonizatzailea da, karabela portugesa esaten diotena. Azken urteetan, maiz agertu da euskal kostaldean, eta aurtengo uda sasoiaren hasieran kopuru handian, euskal kostaldean. Hala, hondartzak itxi beharrean izan dira, haren ziztada kaltegarria dela eta.

Karabela portugesak marmoka baten itxura badu ere, beste organismo mota bat da. Manolo Cancio eta Arantza Aguillo Donostia Ospitaleko Larrialdietako sendagileen arabera: «Ez da, zehazki, marmoka bat. Animalien taxonomiaren barruan, hiru motatakoak daude: ohiko marmokak, marmoka faltsuak —multzo horretakoa da karabela portugesa—, eta kubozooak. Itsas animalia horiek talde berekotzat hartzen dira nematozistoak (erroak) dituztelako».

«ERRO ZATIAK EZ DIRA ESKUEKIN KENDU BEHAR, JAKINA. PLASTIKOZKO TXARTEL BAT OSO ERABILGARRIA DA; KREDITU TXARTELAREN EDO NAN AGIRIAREN LODIERAKO BAT, ESATERAKO. ITSASOKO URA ERABILITA SAIATU BEHAR DA, BAINA HAZKA EGIN GABE»

Hain justu ere, beren defentsarako eta babeserako garatu duten sistemak dira nematozistoak. Pozoia duten kapsulak dira, eta haien deskarga egiten dute estimulaziorik baldin badute. «Estimulazioa mekanikoa izan daiteke —esaterako, marmoka ukituta—, eta uraren tenperatua aldatuta ere bai. Karabela portugesa ez da marmoka bat taxonomikoki, baina, praktikan, haien ziztadak marmokenak bezala tratatuko ditugu, oro har».

Ohiko marmokak aspaldikoak dira euskal kostaldean, eta karabela portugesen aldean, askoz ere maizago ikusi ohi dira. Oro har, 15 eta 30 zentimetro arteko gelatinazko bela batez eta erroez osatuta daude. Erro horiek hamar metro izaten dituzte gutxi gorabehera, baina 50 metrora iritsi daitezke luzatzean.
Karabela portugesen fenomenoa ez da berria. Orain arte hiruzpalau alditan baino ez dira ailegatu euskal hondartzetara. Izan ere, karabela Ozeano Atlantikoko itsas zabalean ibili ohi da gehiago, ur sakonetako animalia denez gero: «Azken urteetan, zenbait baldintzak erraztu egin du haien agerpena. Hipotesi asko daude klima aldaketaren inguruan, baina, gehienbat, haizearen eta itsas korronteen eraginez mugitzen dira», azaldu dute adituek.

Ziztadak nola artatu
Karabela portugesak ezagun bilakatu dira uda honetan bereziki. Hala ere, 10.000 marmoka mota baino gehiago daude, eta haien artean %1 pasatxo soilik da pozoitsua. Gainera, toxizitate maila ere ez da berdina marmoka guztietan. Hori bai, karabela portugesa pozoitsuenetakoa da, zenbait arrazoi direla medio. Hala, komenigarria da itsas animalia horren ziztada lehen baino lehen artatzea. Lehendabiziko urratsa urduritasuna saihestea da. Ez da esaldi hutsa, haatik; urduritasunak bizkorrago barreiaraz dezake pozoia gorputzean. Horrez gain, zauria ur gaziarekin garbitzea komeni da, ur gezak mina aregotu baitezake, nematozistoen eraginez.

Gorputzean karabelen erro zatiak geratuz gero, kendu egin behar dira haiek ere. Larrialdi zerbitzuetako medikuen arabera: «Hori bai, ez da eskuekin kendu behar, jakina. Plastikozko txartel bat oso erabilgarria da; kreditu txartelaren edo NAN agiriaren lodierako bat, esaterako. Itsasoko ura erabilita saiatu behar da, baina asko hazka egin gabe». Halaber, Manolo Canciok gaineratu du saihestu egin behar direla herri jakituriako tratamenduak: «Polemika handia dago, eta zientifikoki frogatuta dago onura baino kalte handiagoa egin dezaketela. Besteak beste, amoniakoa eta ozpina. Marmoka batzuen kasuan baliagarria da, baina ez hemen izaten direnen kasuan. Bikarbonatoa eta txiza ere aholkatzen dira, baina horiek guztiek ez dute ziztadarik arintzen».

Halaber, zauria tratatzeko garaian, beroa gomendatzen dute adituek, eta jakina, ziztada jazo den hondartzako osasun-zerbitzuetara joatea.

Kasu larrienei adi
Marmoken ziztadak lau mailatan banatzen dira, eta larrienen multzoan dago karabela portugesarena. Animalia horien burua txikia da, eta ur azalean egon ohi da; alabaina, erroak ez dira ikusten, eta oso luzeak izan daitezke: «Ustez, bi metrora izan dezakegu karabela bat, burua distantzia horretara ikusi dugulako, baina erroek zenbait metro egin ditzakete, eta haiekin gu ukitu. Zenbat eta erro handiagoak izan, ziztada handiagoa izan daiteke».

«POLEMIKA HANDIA DAGO, ETA ZIENTIFIKOKI FROGATUTA DAGO ONURA BAINO KALTE HANDIAGOA EGIN DEZAKETELA; BESTEAK BESTE, AMONIAKOAK ETA OZPINAK. ZIZTADA BATZUETAN BALIAGARRIA DA, BAINA EZ HEMENGO MARMOKEN KASUAN. BIKARBONATOA ETA TXIZA ERE AHOLKATZEN DIRA, BAINA HORIEK GUZTIEK EZ DUTE ZIZTADARIK ARINTZEN»

Gainera, marmoken pozoiaren «potentzia» aldatu egiten da mota batetik bestera. Karabela portugesen kasuan handia da: «Marmoka gehienekin alderatuta handiagoa da, eta, hortaz, lesioak ere nabarmenagoak izaten dira».

Itsas animalia horien ziztadak larriak izaten dira zenbait kasutan. Ezohikoak diren arren, shock anafilaktikoa eragin dezakete alergia duten pertsonetan. Halakoetan tratamendu estandarra erabiltzen da, adrenalina eta sendagai antihistaminikoak.

Karabela portugesaren ziztadekin jendea hil ere izan da. Paziente espezifiko batzuen kasuan gertatu izan da hori; besteak beste, paziente zaurgarrien eta aurretiazko patologiak dituztenen kasuan.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other