agenda » abendua | HARPIDETU BULETINERA

“Gaur egun, medikuntza pertsonalizatuak ahalbidetzen du minbizi bakoitzaren ‘etiketa’ zein den jakitea”

Maria Muñoz Caffarel • Biodonostia Bularreko Minbiziaren taldeko arduraduna

Biodonostiako Bularreko Minbiziaren taldeak zenbait arlo jorratzen ditu bi multzotan banatuak. Batetik, sendagaien entsegu klinikoak; bestetik, gaitzaren mekanismoak. Diziplina askotako hamarnaka lagunek osatzen dute. Bularreko minbiziaren mekanismoak ulertu nahi dituzte tratamenduak garatzeko. Horretan laburbiltzen da Biodonostia erakundeko Bularreko Minbiziaren taldeak egiten duen lana. Maria Muñoz Caffarel da taldeko arduradunetako bat, eta hark xehatu du haren egitekoa.

Biodonostiako Bularreko Minbiziaren taldean ikerketa biomedikoan aritzen zarete. Zertan datza?
Gure taldea Biodonostia osasun-ikerketako erakundearen barruan dago; gisa horretara akreditatutako lehen institutua da EAEn. Erakunde horretako onkologia sailean aritzen gara. Bularreko Minbiziaren taldeak arlo klinikoa du, eta diziplina anitzeko taldea da: onkologoak, zirujauak, patologoak… Biologiako, biokimikako, biomedikuntzako eta abarreko formakuntza duten Ikerlari translazionalak ere badaude. Taldeko proiektuaren zati bat klinikoagoa da, entsegu klinikoetan oinarritzen dena, eta bularreko minbiziaren sendagaietara bideratuta dago. Proiektuaren beste alorra translazionalagoa da: gaitzaren mekanismoak ulertu nahi ditu laborategiko ereduen bitartez. Esaterako, zelulen hazkuntzak egin, eta animalien bidezko ereduetan oinarritzen gara. Halaber, pazienteen laginak analizatzen ditugu.

Zuen taldearen lana da bularreko minbiziaren tratamendua eta gaitzaren pronostikoa hobetzea. Diagnostikoaren ostekoan ardazten da?
Bai. Batez ere, diagnostikoaren ostekora bideratzen da, tratamenduak garatzera, nahiz eta Isabel Alvarez medikuak gidatzen dituen laborategiko arlo klinikoak parte hartzen duen prebentzioari eta diagnostikoari dagozkion entsegu klinikoan, baina gure indargunea tratamendu berrietan datza. Batetik, terapia berriak garatzen ditugu, eta bestetik, minbizi batzuek gaur egungo tratamenduei ez erantzutearen arrazoiak ulertu nahi ditugu. Minbiziaren arazoetako bat oso heterogeneoa dela da eta tumore guztiek ez dute berdin erantzuten tratamendu berberei.

Terapia berriei dagokienez, nolako bideak jorratu dituzue?
Batez ere, immunoterapiaren alorrean ari gara. Sistema immunea indartzeko estrategietan, tumorea deusezta dezan.

Minbiziari aurre egiteko moduari dagokionez, nolako ikerketa-lerroak dituzue?
Ander Urrutikoetxea onkologoak gidatutako lerro emankor bat dugu. Oinarri gisa du ulertzea zergatik bularreko minbizi hormonaletan kasu batzuek ez dioten terapia estrogenikoei behar bezala erantzuten. Zein pazientek erantzungo duen ongi eta zeinek ez jakiteko, markatzaile biomediko batzuk hauteman nahian ari gara.

Bularreko minbiziak prebalentzia handia du. Zergatik da hori?
Bai, zortzi emakumetik batek garatzen du bularreko minbizia. Zergatik? Ez daukagu oso argi. Minbizi batzuek prebalentzia handiagoa dute, eta beste batzuk askoz arraroagoak dira. Bularreko minbiziaren kasua esanguratsua da, asko detektatu arren iraute-tasa handia duelako. Kasuen % 70 sendatu egiten da. Pazienteen % 30ean, berriz, tumorea beste organoetara barreiatzen da; hau da, metastasia gertatzen da, eta, zoritxarrez, gaur egun, pazienteak zaintza aringarriak bakarrik jaso ditzake. Beraz, gure eginahal handienak honetan oinarritzen dira; bularreko minbizi metastasikoari dagozkion tratamenduak garatzean. Ezin bada epe laburrean sendatu, gutxienez, kronifikatzea.

Bularreko minbizi kasu guztien % 6-8 metastasia eginda atzematen da?
Estatistiken arabera, pazienteen %30 gaixotasuna lokalki aurreratua dutela atzematen da, eta %5-%8 artean, tumore barreiatua dagoela. Garrantzitsua da azpimarratzea garaiz atzemandako bularreko minbizia duten pazienteen %20-%30k metastasia garatuko duela etorkizunean.

Nola gertatzen da hori?
Minbiziaren zelulak lokartuta geratzen dira gure organismoan, eta urte batzuk geroago aktibatu egin daitezke. Bularreko minbizien ezaugarri espezifikoa da hori, zenbait urtetara berriz gaixotzea edo metastasia gertatzea.

Zitokinen bidezko hanturak minbizian duen eragina ere aztertu duzue, ezta?
Zitokinak zelulen arteko mezulari garrantzitsuenak dira. Tumoreetan zelula tumoralez gain, sistema immunearen zelulak, sostengu-zelulak, odol-hodietako zelulak daude… Zelula horiek guztiek tumorearen garapenean parte hartzen dute. Hain justu, tumoreak zelula horiek prestatzen ditu hazten eta metastasia egiten lagundu diezaioten. Zitokinak zelulen arteko seinaleak dira, eta, batez ere, immunitate-sistemarekin komunikatzeko dira garrantzitsuak. Hainbat zitokina blokeatuta immunoterapia batzuk indartu ditzakegula uste dugu.

Zuen taldeak terapia pertsonalizatuko ikerketa bultzatzen du. Nola egiten da hori?
Kontzeptu berria da, oso garrantzitsua. Lehen, minbizia modu berean tratatzen zen kasu guztietan: kimioterapia, kirurgia, eta erradioterapia. Gaur egun, medikuntza pertsonalizatuak ahalbidetzen du minbizi bakoitzaren etiketa zein den jakitea. Minbizi bakoitzaren etiketa ezagututa, sendagai espezifikoekin trata dezakegu. Hori da medikuntza pertsonalizatuaren kontzeptua.

Zuen gisako erakundeekin elkarlanean aritzen zarete?
Bai. GEICAM da horietako bat, eta ASEICA beste bat. GEICAM Bularreko Minbiziaren Ikerketarako Espainiako Taldea kolaborazio sare handia da, tratamendu berrien entseguak egiten dituena maila akademikoan. Hau da, ez daude farmazia etxe batek finantzatuta; ikerketa akademikoak eta klinikoak egiten dituzte. ASEICA Minbizia Ikertzeko Espainiako Elkartera ere oso lotuak gaude. Batez ere, laborategiko ikerlariak biltzen dituen elkartea da. GEICAM sare klinikoa da; CEI, berriz, translazionala, eta bi sareetan gaude. Bestalde, aldarte dibulgatzailean aritzen gara Biodonostiako Bularreko Minbiziaren taldean. Gizartearekin hartu-emana dugu: eskoletan hitzaldiak ematen ditugu, ekitaldietan parte hartzen dugu, eta abar.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other