agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

Ehun urte gaixotasun mentalak artatzen

Zaldibarko Ospitale Psikiatrikoak ehun urte bete ditu gaixotasun mentalen arloan kalitatezko asistentzia eskaintzen. Gizartean laguntza psikiatrikoa emateko beharrak bultzatuta, 250 oherekin abiatu zen ospitalea, eta 435 ohe edukitzera iritsi zen 1960ko hamarkadan. Gaur egun, 102 ohe eta hiru unitate ditu. 2010. urtean integratu zen Osakidetzaren Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarean.

XIX. mendearen amaiera aldera asistentzia psikiatrikoaren beharra handia zegoen. Euskal Herrian, Arrasatekoa (Gipuzkoa) izan zen lehen ospitale psikiatrikoa, 1898an inauguratua eta urteetan eroen ospitale deitua. Ordura arte, gaixotasun mentalak artatzeko erietxerik ez zen, eta, batez ere, aldundien, udalen eta partikularren egoitzetan egoten ziren gaixo mentalak. Hala, norbaitek arazo edo nahasmendu psikiatrikoren bat izaten zuenean, alkateak ofizio bat idazten zuen, eta aldundiak leku librea zegoen zentrora eramaten zuen. Neurri handi batean, aldundiek hartu zuten beren gain osasun mentalaren arreta.

Arrasateren ondoren, Bizkaian ere ospitalea behar zutela pentsatu zuten. Zenbait udali eskaini zieten eraikitzeko aukera, eta Bermeokoa izan zen lehenengoa. Alabaina, Bermeoko psikiatrikoa obra iraunkorretan egon zen, pazienteen beharrak betetzen eta asetzen ez zirelako. Lehen bi hamarkadetan erabat gainezka egon zen, eta Zaldibarko bainuetxean beste zentro bat irekitzeko egitasmoa onartu zuen Bizkaiko Aldundiak. Cortazar familiarena zen eraikina, eta 700.000 pezeta ordaindu zizkieten. Garai hartan ia 100.000 m² zituen, eta Basterra arkitektoa hasi zen birmoldatzen. Ia urtebete beranduago, 1923ko uztailaren 28an, lehenengo zortzi pazienteak, emakumezkoak, eraman zituzten Bermeoko ospitaletik Zaldibarrera. Ordutik 100 urte igaro dira, eta Zaldibarko ospitalearen mendeurrena ospatzen ari da aurten.

Zaldibarko Ospitaleak, hasieran, 250 ohe eta bi eraikin zituen, eta biek ala biek diraute gaur egun. Bainuetxearen egitura osoa inolako baliabide ekonomikorik ez zuten emakume bizkaitarrentzat zegoen egokiturik, eta bainuetxeko hotel zaharrean (gaur egun Errehabilitazio Unitatea den tokian) 30 ohe jarri ziren, barnetegikoez gain, haietariko batzuk pribatuak.

«OSPITALEA EBOLUZIONATZEN JOAN DA ETENGABE, GARAIKO TRATAMENDURIK PUNTAKOENEKIN, NAGUSI IZAN DIREN ASISTENTZIA-EREDUEKIN ETA ERREHABILITAZIO KOMUNITARIOAREKIN»

Hasieran era guztietako gaixotasun psikiatrikoak artatzen ziren, baina, garai hartan, koadro psikotikoak zein depresiboak izaten ziren nagusi. «Kontuan hartuta orduan ez zegoela nahiko baliabide terapeutiko, ziur aski elkarrekin ospitaleratzen zituzten paziente guztiak, patologia desberdinetako nahasmenduak edo adimen-desgaitasunak izan arren», azaldu du Juan Antonio Torices Zaldibarko Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuko buruak, ospitalean 27 urte daramatzanak.

Bilakaera zenbakietan
Urte hauetan guztietan, ospitalea eraberritu behar izan da garaian-garaian. Ohe-kopuruak, besteak beste, aldatzen joan dira. «Nahiz eta hasieran ospitalea 250 ohe edukitzeko prestatuta egon, berehala bete zen». Lehenengo urtean, hamazortzi ohe okupatu ziren; hurrengoan, 105; eta 1926. urterako dena beteta zegoen. Ondorioz, zenbait birmoldaketa egin behar izan zituzten, ospitalea handitzeko. Dena den, zentroak goraka jarraitu zuen ohe kopuruan, 1968ra arte, orduan izan baitziren ohe gehien, 435. «Ospitalearen bilakaera paraleloan joan da tresna terapeutikoekiko», nabarmendu du Toricesek. Farmakoak agertu ziren arte, tratamenduak gehiago bideratzen ziren sintometara, jokabide-nahasmenduen kontrolera. «Lehenengo farmakoek, antipsikotikoek, aldaketa handia ekarri zuten».

Gaur egun, 102 ohe eta 160 langile inguru daude Zaldibarko Ospitalean, eta hiru unitate dituzte: Azpiakutuen Unitatea, Errehabilitazio Unitatea, 40 ohe inguru dituena; eta Egoitza Unitatea, 30 ohekoa, bertan egonaldiak luzeagoak izaten dira. «Askotan, arazo klinikoetatik eratorriak, beste faktore sozial eta familiar batzuk batzen zaizkie pazienteei. Eta egun ez dago komunitatera atera ahal izateko nahikoa baliabide komunitariorik; esaterako, egoitzak edo etxebizitza babestuak», argitu du Toricesek.

Bestalde, nahasmendu psikiatrikoen asistentziari buruzko datuak ere goraka joan dira. Adibidez, Azpiakutuen eta Errehabilitazio unitateetan beste ospitale orokor batzuetako Akutuen Unitateetan baino ospitalizazio luzeagoa behar duten paziente larriak artatzen dituzte; batez beste, 60 eta 110 eguneko egonaldia egiten dute, hurrenez hurren. Horregatik, Toricesen arabera, garrantzitsua da herritarren beharrizanetara egokitzea eta kalitatezko laguntza ematea, pazienteak bere bizi-proiektua erabakitzeko eta gizarteratzeko.

Juan Antonio Torices Cardenal. Zaldibarko Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuko burua.

Zaldibarko Ospitalea 2010. urtean sartu zen Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarean. Garai hartan, Bizkaiko arreta psikiatrikoa eskualdeka eta sektoreka banatzen zen. «Integrazioaren ondoren asistentzia-maila ez da asko aldatu, baina argi dago sarean egoteak onura asko ekarri dizkigula», nabarmendu du Toricesek. «Sarea osatu denetik askoz indartsuagoak gara; adibidez, azpiakutuetan eta errehabilitazioan sartzeko prozesuak berrikusi ditugu». Gaur egun, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak hiru ospitale ditu, Zamudiokoa, Bermeokoa eta Zaldibarkoa, baina ospitale bera balira bezala funtzionatzen dute ia, ospitaleratze-prozesu berberekin. «Prozedura guztiak berrikusten ditugu, eratzen joan diren batzorde guztietan parte hartzen dugu, edozein protokolo mota adosten da, eta beste zentroen beharrak ere gure gain hartzen ditugu». Unitate bakar gisa funtzionatzen dute plan estrategiko beraren barruan, ikuspegi berarekin.

Zaldibarko Ospitaleari ehun urteko historia zor zaio, ehun urte eman baititu gaixotasun mentalari arreta ematen, bereziki gaixotasun mental larriari. «Ospitalea eboluzionatzen joan da etengabe, garaiko tratamendurik puntakoenekin, nagusi izan diren asistentzia-ereduekin eta errehabilitazio komunitarioarekin. Pazienteen asistentzia hobetzeko konpromisoa izan du beti, eta gaixotasun mentalaren arloan kalitatezko asistentzia eskaintzen ahalegindu da».

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other