agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

Menopausiaz eta sexualitateaz lotsarik gabe

Kabiezesko osasun-zentroko emaginek menopausiari, klimaterioari eta sexualitateari buruzko hitzaldiak eman dituzte zenbait herritan, baita Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako ESIan ere; Janire Miranda emagina aritu da hizlari. Ikusi dutenez, emakumeei kosta egiten zaie gai horietaz hitz egitea, lotsatu egiten dira. Uda osterako hitzaldi gehiago prestatzen ari dira.

Ziklo menstruala, hasi bezala, amaitu egiten da, lehenago edo geroago. Emakumeei menopausiaren garaia ailegatzen zaie. 51 urteen bueltan gertatzen da, batez beste. Baina hori iritsi baino bi edo hiru urte lehenago, emakumeen ugaltzeko gaitasuna bukatzen hasten da, eta aldaketa handiak gertatzen zaizkie gorputzean. Klimaterioa esaten zaio aldi horri. Menopausia klimaterioaren ondoren dator, eta, emakume guztiei eragiten dien arren, askori kosta egiten zaie nola sentitzen diren adieraztea, zalantzak galdetzea eta, oro har, horretaz hitz egitea, lotsatu egiten baitira. Hainbat emakume deseroso sentitu ohi dira ziklo edo aldi horiek hizpidera ekartzean, baita sexualitateaz eta plazeraz mintzo zaizkienean ere. Beraz, nahiago izaten dute gaia isildu.

Horretaz kontsultan jabetu zen Janire Miranda, Kabiezesko osasun-zentroko emagina (Santurtzi, Bizkaia). Azaldu duenez, emakumeak haurdunaldian kontsultara joaten dira, baina, umeak izan ondoren, ez dituzte hainbeste hitzordu hartzen; zitologiak egitera azaltzen dira, zerbixeko minbizia atzemateko programaren barruan, esate baterako. Kontsultan, galderak egiten dizkiete emaginek: noiz izan duten azken hilekoa, nola sentitzen diren, infekziorik izan ote duten… Aluaren inguruko ehuna aldatzea eta fluxua galtzea, besteak beste, alua lehortzen ari den seinale izaten da. Mirandak dioenez, «alua lehortu egiten da adin batetik aurrera, aurpegia, begiak, ahoa eta abar lehortzen zaizkigun bezala». Sintoma horiek ikusita, emaginek aholkuak ematen dizkiete, jakin dezaten zer egin dezaketen sintomak arintzeko eta erosoago egoteko. Baina, gai horietaz eta sexualitateaz galdetzean, Mirandak nabaritu du emakumeei asko kostatzen zaiela erantzutea eta gaia saihestu nahian ibiltzen direla. Kezka hori lankideei kontatu zienean, haiek ere esan zuten gauza bera sumatzen zutela eta, oro har, ia emakume guztiek izaten dituztela zailtasunak horretaz aritzeko.

«EMAKUMEOI KLIMATERIOA ETA MENOPAUSIA HELTZEN ZAIZKIGU, ETA GIZONEK ALDAKETAK IGARTZEN DITUZTE EREKZIOETAN.»

Hori horrela, gaia kalera ateratzea bururatu zitzaien, gizartea informatzeko eta beldurrak gainditzen laguntzeko. Horretarako, Yolanda Casado emaginen koordinatzaileak udaletara jo zuen laguntza eske; izan ere, udalek gaiari buruzko eskaerak jasotzen dituzte emakumeen elkarteen aldetik, eta komenigarria zen horiek ezagutzea lantokian pentsatutakoa ondo bideratzeko. Beraz, udalekin harremanetan jarri eta gero, aldaketa fisikoei eta sexualitateari buruzko hitzaldiak ematen hasi ziren herri batzuetan, Menopausia ezagutzen izenburupean. Orain arte Santurtzin, Muskizen eta Zallan izan dira, eta uda ostean aurkezpen gehiago egiteko asmoa dute. Bi zati ditu hitzaldiak: «Lehenengoa aldaketa fisikoez eta genitalen aldaketez datza; bigarrena sexualitateaz eta horren inguruan jazotzen eta sentitzen den guztiaz».

Hitzaldietara emakumeak bakarrik joaten dira, eta emaginak ez du argi zergatik, gizonentzat ere antolatzen direlako. «Zerbait pentsatu behar da gizonak erakartzeko, adin batetik aurrera emakumeek nahiz gizonek izaten dituztelako aldaketak gorputzean. Emakumeei klimaterioa eta menopausia heltzen zaizkien garaian, gizonei zakilaren itxura aldatzen zaie eta erekzioak ez dira berdinak». Sexua izateko garaian emakumeek eta gizonek izaten dituzten desioez ere hitz egiten dute topaketetan, esate baterako, gizonezkoentzat genitalek duten protagonismo maila nabariagoa da emakumeentzat dutena baino.

Lankideekin ere bai
Herrietan emandako hitzaldi horiek ospitalera ere eraman zituzten Mirandak eta lankideek. Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Prebentzio eta Lan Osasuneko Oinarrizko Unitateak Mugikide izeneko programa bat abiatu zuen. Hiru alor nagusitan oinarritzen da: dieta, kirola eta atsedena. Programa horren arduradunek pentsatu zuten interesgarria izan zitekeela menopausia eta klimaterioa lantzea, konturatu baitziren lankide askok sintomak izaten dituztela, hala nola lo-falta eta beroaldiak. Hala, Kabiezesko osasun-zentrora jo zuten, eta Mirandari ideia zoragarria iruditu zitzaion, proiektu hau bat zetorrelako beraienarekin. Menopausiaren fisiologiaz, informazio higieniko-dietetikoaz, aluan izaten diren aldaketez eta sexu-harremanez hitz egin zuten, dena giro umoretsuan: «Bestela, gure aldaketa fisiologikoen gaineko hausnarketak eta usteak gure baitan geratzen badira, «mamu» bilaka daitezke. Hitzaldian lankideek, berriz, oso ondo pasatu zuten, eta hori niretzat arrakasta handia da».

«GURE ALDAKETA FISIOLOGIKOEN GAINEKO HAUSNARKETAK ETA USTEAK GURE BAITAN GERATZEN BADIRA, “MAMU” BILAKA DAITEZKE.»

Garaiak onerako aldatuz doazela uste du emaginak, normalizatuz baitoaz gai hauek. Hortaz baikor ageri da. Gainera, bere ustetan bolada hau aprobetxatu behar da horrelako egitasmo eta proiektuak bultzatzeko. Berak dioenez, hazia ereinda dago eta hortik zerbait sortu behar da. Aldaketa sustatzeko, sentsibilizazio handia egin behar da, eta hitzaldi hauek dira gure ekarpena. Gero zer gertatuko ote da? Auskalo. Emakumeen batasunean jarri du fokua: «Horrela hasten dira iraultzak, emakumeok gure arazoez hitz eginez».

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other