agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

Ate bat ixten denean…

Zer egin zerbaiten bila ahalegindurik ere, ahalik eta gehien saiatu arren, azkenean atea itxita topatzen dugunean edo aterik topatu ezin dugunean? Zerbait ikasterik ba ote pareta baten moduan itxita ageri zaigun ate horren aurrean?

Bada aspaldiko euskal esaera zahar adierazgarri bat: eroriz eta eroriz ikasten da oinez. Oinez ibiltzen ikasteko ahaleginetan dabilen urtebete inguruko haurra balantzaka eta gorputzarekin oreka mantentzeko praktika saio horietan dabilela, gorputzak alde batera edo bestera egiten dionean, edo mahaiaren ezkerreko hankarekin trabatu eta erortzen denean, zer? Askotan erori ondoren, beldurrak eraginda edo alferrikako ahaleginean ari dela pentsatuta, egun batean saiatzeri utzi eta oinez ibiltzen ikasteari utziko balio, zer? Pentsaezina, ezta? Egoera ezberdinak direla eta, noiz uzten ote diogu erori ondoren altxatu eta berriro saiatzeari?

ATE BAT IXTEAN HURRENGORA ABIATU, KEMENEZ ETA INGURUAREKIKO ADI

Ate bat itxita ageri zaigunean arrazoi asko egon daitezke tartean. Bata, okerreko bidetik edo okerreko ekintzekin abiatzea. Nasrudin abenturazale indiarra etxera sartu ezinik zebilen, giltza galdu zuela-eta, Indiako herrixka bateko gau ilunean; kaleko argi goibel baten azpian belaunikaturik omen zebilen giltza horren bila. Gaueko kale zaindariak, Nasrudin horrela ikusirik, zertan zebilen galdetu eta bilatzen laguntzea proposatu zion; denbora luzean aritu ondoren, han inongo giltzarik ez zegoela jabetu zen, eta zaindariak hala galdetu omen zion: «Baina, Nasrudin, ziur al zaude hemen galdu duzula giltza? Izan ere, ez da inon ageri»; eta Nasrudinek etsipenez: «Ez, ez horixe; baina argiren bat dagoen leku bakarra hau da eta, nola bilatuko dut ba ilunean?».

Bada, hori, okerreko lekuan bila hasiz gero, ziur egon ez dugula giltzarik topatuko, eta, azkenean, iluntasunean egonik ere, itxaropena izan eta bilaketari ekitea baino beste aukerarik ez dugula, alegia.

NORBERAREN UNEA
Beste arrazoietako bat izan daiteke momentu egokia ez izatea. Behin, aspaldiko lagun batekin topatu nintzen, eta inoiz pentsatuko ez zukeen egoeran zegoela aipatu zidan. Gazterik ezkondu eta bikotekidearekin gustura eta lasai egon zen urte askoan. 34, 35, 36 urte bete zituen, baina amatasunaren deirik iristen ez zenez, azkenean seme-alabarik izango ez zutelakoan ziren biak; lasai eta gustura zeuden biak. Eta 39 urte betetzear zela, hor hasi zen nire laguna amatasunaren dei zirrara hori nabarmen sentitzen, eta nolako indarraz, gainera! Haren bikoteak ere onartu baino beste aukerarik ez omen zuen. Eta berak zioen: «Baina, nire adinean? Zertan egon gara, bada, orain arte?». Nik, berriz, momentua iritsi zitzaiela esan nion; une hori iristen ez den bitartean ez dela inongo aterik ageri; ezta ikusi ere.

NORBERAREN ATEA
Beste askotan gertatzen da ate bera guztiontzat baliagarria ez izatea; hau da, norberari dagokion atea bilatu behar da. Aurreko urtean, Haur Hezkuntzako irakasle talde batekin hitz egiten nengoela, hau zen haien kexu nagusia: goizetan haurrak uzterakoan gurasoak gelara sartu, eta gelako errutina hausten zutela, eta bidali ezinik egoten zirela. Hau da, haurra goxo uztearen helburuz izanik ere, muga mantentzeko beharra agerian geratzen zitzaiela. Hura entzun ondoren, jostailu denda ezagun batek eginikoa proposatu nien: haurren neurriko atetxo bat jartzea haurrak eurak sartu eta gurasoak kanpoan uzteko; atean bertan agurtzeko, alegia. Haurrarengandik banandu nahi ez duen gurasoren bat lau oinean jarri eta barrura sartzen saiatuko litzateke, arrastaka, ahal den moduan; baina, argi eta adi egonez gero, norberari dagokion atea hori ez dela jabetu beharko luke, denok jakin beharko genuke eta zein ez den gure atea.

LAGUN BATEK 39 URTE BETE ARTE EZ ZUEN AMA IZATEKO DEIA SENTITU; NORBERAK BERE UNEA DU

Beraz, ate bat ixten denean hurrengora abiatu, kemenez, inguruan diren ezaugarriekiko adi eta norbere atea hori dela jabetzeko argitasunaz.

Zer adierazten ote digu itxirik ageri zaigun ate horrek? Beste nonbaiten ote dago beste ate bat gure zain? Eta azkenean aterik ez badago? Edo ahalegindu ondoren beste ate bat nahi dugula jabetzen bagara? Bada, horretaz guztiaz jabetuko gara saiatu, ahalegin gehiago egin, ideiak aldatu eta adi egon ondoren; orduan, agian, beste ate baten unea iritsi dela ohar gaitezke.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other