Estresaren kudeaketa egokia helburu, Bidasoko ESIko 20 lagunek mindfulness-ean oinarritutako ikastaro bat egin dute zortzi astez. Iñaki Guridi irakasleak gidatutako MBSR programa «oso gomendagarria» dela adierazi du Angela Alejos parte-hartzaileak: «Egoera zailak kudeatzeko tresnak eskuratzen dira egunero ordubeteko praktika bat eginda».
Iñaki Guridi • MBSR eta Mindfulness irakaslea
Zer da MBSR Mindfulness Based Stress Reduction programa?
Mindfulness-ean oinarritutako programa bat da, estresa eta antsietatea murrizteko espreski sortua. Jon Kabat-Zinn doktoreak sortu zuen 80. hamarkadan, Massachusettseko (AEB) Medikuntza Fakultatean, Estresa Murrizteko Klinikarentzako. Zortzi asteko programa da, eta norbere baitarako begirada baten bitartez garatzen da, etapaka. Lehen etapan, mindfulness-era gerturatzen gara: zer den. Bigarrenean, barne-begirada hori lantzen dugu, baita sarri saihesten duguna ere: sentipen eta gertakari ezkorrak, esaterako. Gutxika-gutxika, parte-hartzaileak zailtasun horiek behatzen ditu, estres sortzaile direnak, eta haiek kudeatzeko dituen gaitasunez jabetzen da. Estresaren biologia eta psikologia ere azaltzen da, haren egitura ulertzeko eta egoera horien kudeaketara egokitzeko. Bi ordu eta erdiko saioak egiten ditugu zortzi astez, eta etxeko praktikarekin uztartzen dugu hori.
Nolakoak dira etxeko lan horiek?
Parte-hartzaileak esperimentatzeko ariketak izaten dira. Hori bai, taldekako ikastaroa denez, gero beste kideekin parteka ditzake etxean aurkitutako zailtasunak. Asko ikasten da horrela ere. Era batean eta bestean, norbere buruarekin esperimentatzea dago oinarrian, mindfulness-aren bidez behatuz.
Nola behatzen da mindfulness-aren bidez?
Arreta orainaldira ekartzeko praktika da. Izan ere, gurekin egon ohi dira pentsamendu desatseginak, gure izatearen parte direnez gero. Hori bai, geurez ditugun baliabideak erabil ditzakegu pentsamendu horiek kudeatzeko.
«IHES- EDO BORROKA-SISTEMA HORI UNE ORO AKTIBATUTA BALDIN BADAGO, KALTE EGINGO DIGU»
Sentipenak bere horretan onartzea da gakoa?
Gure prozedura mentalei beste era batera behatzen ikasten dugu. Batez ere, zailtasunak sortzen dizkigutenean. Bizitzan gertatzen dira horrelako esperientziak. Egunero izaten diren aldaketak, adibidez. Haiek guztiek prozedura mentalak eragiten dituzte: kezkak, beldurrak, haserreak… Horiekin zer egin ez digute erakutsi, ordea. Hori egiten du mindfulness-ak: sarri zaila den horri erantzuna ematen lagundu, gure egoera psikologikoan ez ezik fisikoan ere eragina dutelako.
Nolako eragina izaten dute?
Estresak sortzen duen erantzun automatikoari dagokiona. Zerbaitek kezkatzen gaituenean, gorputzak borrokarako edo iheserako prestatzen gaitu. Orain urte pila bat, espezie gisa salbatu egin gintuen horrek. Gaur egun, egoera horiek, estresa sortu arren, ez dute gure bizia arriskuan jartzen: lana galtzeko kezkak, harreman pertsonalei dagozkienak… Egoera horiek ez dute bizia arriskatzen, baina biologikoki, borrokarako edo iheserako mekanismoak aktibatzen jarraitzen dute. Beraz, mindfulness-aren bidez, saiatzen gara aldaketa horiekin beste era batera jokatzen.
Zertarako?
Erantzun automatiko horrek kalterik ez egiteko. Estres-erantzunak, akutua denean, askorako balio du, baina pentsamenduan eta prozedura mentaletan betikotzen bada, distres bihur daiteke, estres txarra. Ihes- edo borroka-sistema hori une oro aktibatuta baldin badago, kalte egingo digu. Mindfulness-ak erantzun hori kontziente bilakatu nahi du, aktibazio kroniko hori akutuagoa izateko eta beharrezkoa denean soilik aktibatzeko. Zientifikoki frogatua dago horrek osasun hobea bermatzen duela.
Angela Alejos • MBSR ikastaroko parte hartzailea
Mindfulness ikastaroko partaidea izan zara. Nolako balorazioa egiten duzu?
Neure buruari egindako oparia izan da. Iñakik sarri errepikatu digu ikastaroan: «Atseginez, eta epaitu gabe». Neure egin dut esaldi hori, garrantzitsua baita norbera ere hala tratatzea. Batzuetan piztu egiten gara, arrazoi ezberdinengatik, baina arrazoi horiek ere bizitzaren parte dira. Horiek kudeatzen ikasi dugu: onartzen. Izugarria izan da.
Mindfulness-ean zaildu gabea zinen. Nolakoa izan zen hasiera?
Estresa murrizteko ikastaroa zen, eta hara: lehen egunean, etzanda, mila gauza etortzen zaizkizu burura. Erosketak direla, etxea, haurra, katua… Ezinezkoa da hori guztia kontrolatzea, eta estres gehiago sortzen du hurrengo egunean ordubetez aritu behar duzula pentsatzeak. Zer esanik ez tarte bat aurkitzea horren zaila denean. Gainera, epaitu ere egiten duzu zeure burua, ariketa batean atzera geratu zarelako, lo hartu duzulako… Praktikarekin, ordea, jabetu naiz eraginkorra dela. Mekanismoak barneratu ditut inkontzienteki.
Kontzienteago zara orain?
Egoerak kontzienteago aztertzen ikasi dut. Sarri, jateagatik jaten dugu etxean, hamar minutuan, dastatu ere egin gabe. Ariketa bat egin genuen mahaspasa batekin, eta, hori hedatuz gero, baliagarria da egunerokoan. Dastamenarekin, ukimenarekin, usaimenarekin eta inguratzen gaituen ororekin. Hitzik gabeko komunikazioarekin ere ikusi dut.
«BETI IZAN NAIZ PERTSONA BIZIA, ETA ASKOZ UMORE HOBEA DUDALA ANTZEMATEN DUT. LANKIDEAK ERE GUSTURA GERATU DIRA»
Zer ikasi duzu arlo horretan?
Ohartu naiz zer garrantzitsua den nola entzuten dugun, nola isildu… Batzuetan, hitzak komunikatu nahi duguna indartzen du, baita justu kontrakoa azaleratu ere. Ikastaroa oso esperientzia aberasgarria iruditu zait, eta edonori gomendatuko nioke. Are gehiago, enpresa guztietan ezarriko nuke, eta, batez ere, osasun-arloan.
Hasiera batean arreta jartzea kostatzen zitzaizula esan duzu. Zergatik?
Ideia zaparrada bat izaten nuelako. Oso serio aritu gara ikastaroan, eta, praktika horri esker, orain hogeita bost ez, ideia bakarra etortzen da. Burmuina unekoari erne egoteko hezi dugulako da hori. Ideia ailegatzen denean, behatu egiten duzu, eta lehengoari berrekin. Horrek erantzun automatikoak saihesten laguntzen du.
Eta laguntza baliagarria izan da zure egunerokoan?
Bai. Lankideekin, lagunekin eta familiarekin duzun harremanean, esaterako, baita norbere buruarekin ere. Geldiarazten laguntzen du, eta lasaitu egiten du. Patxada horri esker, jendearen arteko gatazkak saihestu daitezke.
Bistakoa da pozik zaudela ikastaroarekin…
Oso pozik. Lankideek ere esan didate. Ni beti izan naiz pertsona bizia, eta askoz umore hobea dudala antzematen dut. Lankideak ere gustura geratu dira. Denbora behar da, eta gorabeherak sortzen dira, baina, lortuz gero, zoragarria da.