Josune Astigarragak diabetesa du, eta gailua erabiltzen du glukosa-maila neurtzeko. Lehen, hatzetik odol tanta bat ateratzen zuen horretarako. Azaldu duenez, modu berriak erraztu egin dio bizimodua.
Glukosa monitorizatzeko gailua erabiltzen duzu. Zer da?
Besoan jartzen dugun gailu bat da, hamalau egunean behin aldatzen duguna, epe horretatik aurrera iraungi egiten da eta. Normalean txandakatu egiten dugu; orain beso batean, orain bestean. Botoi handi bat bezala da, eta irakurgailua edo sakelako telefonoa gerturatzen diogu. Lehen, odol tanta bat ateratzen genuen hatzetik, glukosa kantitatea jakiteko. Gailuari eta irakurgailuari esker, edozein unetan eta edozein lekutan jakin dezakegu.
Asko erraztu dizu glukosa neurtzeko modua?
Ikaragarri. Lehen, jatorduen aurretik neurtzen nuen, eta intsulina hartzen nuen zegokionaren arabera. Orain, jatorduez gain, edozein unetan egin daiteke: ezberdin sentitzen zarenean, edo gehiegi jan duzula dakizunean, adibidez. Halakoetan, gailua erabili, eta momentuan jakiten da. Askoz errazagoa da, eta ez da horren nabarmena. Asko erraztu du irakurketa. Nik hasieran ez nuen ipini nahi, eta endokrinoa esan eta esan aritu zitzaidan; hala, koronabirusaren pandemiaren aurretik jarri nuen, 2020ko neguan. Estalita probatu nahi nuen, inork ez ikusteko, baina udan ez nuen erabili nahi izan. Probatuz geroztik, ordea, beti erabiltzen dut, neguan eta udan, eta asko laguntzen du.
Bi gailuak batera erabiltzen dituzu?
Bai. Alarma aktibatzen duzunean, gailu batean soilik joko du: edo dispositiboan edo sakelako telefonoan. Adibidez, telefonoan aktibatzen bada, ez du alarmarik joko gailuan, eta irakurketarik ere ez du egingo. Odolerako zerbitzuan soilik geratzen da. Alderantziz eginda, berriz, hau da, gailuan aktibatuta, telefonoa neurgailu bezala erabil daiteke, baina ez du alarmarik joko. Gailu bakoitzak bere kodea du, eta aldaketa egiten den aldiro, aktibatu egiten da. Beraz, kalean bat erabiltzen dut. Mendira joaten banaiz, biak agian.
Sakelakoan nola funtzionatzen du? Aplikaziorik edo baduzu?
Librelink enpresaren gailua da, eta haien aplikazioa erabiltzen dut. Glukosa neurtzen dudan aldi bakoitza erregistratuta geratzen da, eta, gero, historia ikusteko aukera dago. Gainera, ospitalera konektatuta dago, nire baimenarekin. Hala, endokrinoarenera joaten naizenean, nire historiala ikusten dute. Informazioa endokrinoari ailegatzen zaio neurketa egiten dudan bakoitzean. Haientzat ere errazagoa da.
«NIRETZAT ERE EROSOAGOA DA. ORAIN ZIURRAGOA DA, ETA, ALDE HORRETATIK, SEGURTASUNA EMATEN DU»
Beste dispositiboarekin ere, berdin?
Sakelakoa automatikoa da. Beste gailuak memoria bat du, eta ordenagailuan deskargatu behar dira datuak. Nik gehienbat sakelakoa erabiltzen dut, sendagileei ere asko errazten dielako.
Gainera, glukosa hobeto kontrolatuko du, ezta?
Bai, askoz ere. Lehen dena idatziz apuntatzen genuen. Orain, dena hor dago, eta, gainera, grafikoan ikusten dute: noiz egon naizen ondo, zein aste izan den hobea, eta abar. Asko laguntzen die horrek. Niretzat ere erosoagoa da: lehen, agian, egin beharreko neurketak baino gutxiago egiten nituen. Orain ziurragoa da, eta, alde horretatik, segurtasuna ematen du. Ez da jatorduak baino lehenagokoa soilik; edozein ordutan egin daiteke. Lehen, egunean bi edo hiru aldiz egiten banuen neurketa hori, orain sei edo zortzi aldiz egin dezaket. Balioak ere zehatzagoak dira.
Nola baloratuko zenuke teknologia hau?
Ondo, oso lagungarria baita. Gero, denok ez gara oso trebeak telefonoekin eta ordenagailuekin, eta denei ez zaie oso erraza egingo. Nire ahizpa nagusiei ere gertatzen zaie; irakurgailuarekin moldatu bai, baina telefonoarekin ez dira fio. Teknologia oso ondo dago, baina bere mugak ditu.
Beraz, gainontzeko pazienteen kasuan, nork bere esperientziaren arabera erabili beharko lukeela iruditzen zaizu?
Iruditzen zait lehengoaren aldean denentzat dela hobea, nahiz eta irakurgailuarekin soilik erabili, telefonorik gabe. Errazagoa da, eta hobekuntza handia da. Ni, hasieran, ez nintzen sistema honen aldekoa, baina onartzen dut sekulako aldea dagoela. Halere, gustatuko litzaidake beste hobekuntza batzuk izatea. Teknologiaz gain, zientziak ere aurreratu dezala. Gaixotasun hau gero eta jende gehiagok du, eta, teknologiaz harago, ikerketan ere sakondu beharko litzateke. Ni 25 urterekin hasi nintzen honekin, bat-batean. Orain dela 29 urte izan zen hori. Ordutik ez al da ikerketarik egin gaixotasunaren prebalentzia murrizteko?
Gaixotasunari aurrea hartzeko, diozu?
Bai. Bi motatako diabetesa dago: I. eta II. motakoak. Bigarrena adinarekin lotuta dago, gorputza bere onena galtzen ari delako. Baina 25 urterekin ez, eta umeak eta gazteak ere asko daude. Genetika izan daiteke? Bai, baina denok ez gaude horrela horregatik. Informazioa-edo sumatzen dut faltan.
Glukosaren balioak eta zure gorputza unean nola dagoen loturarik sumatzen duzu?
Bai, nabarmen. Adibidez, mendira joatean, saiatzen naiz balio handitxoarekin joaten. Badakit mendira igotzeko beharko dudala. Lehen esaten zen: ordubetera jan behar duzu hau eta hori. Ni lehenago hasten naiz neurtzen, eta zerbait hartzen dut glukosaren beherakada baldin badut. Batzuetan, sorpresan harrapatzen zaitu. Esaterako, ordu erdian glukosa ikaragarri jaits daiteke, azalpenik gabe. Hipogluzemia horren eraginez kontrakturak eta abar izaten ditut.
Gailuaren datuek zer behar duzun jakiten laguntzen dizute?
Bai. Irakurgailuak gezi bat dauka. Horizontalean badago, egonkor dago; apur bat beherantz egonda, pixka bat behera ari den seinale. Zuzen baldin badago, hartu zerbait berehala. Gora ere, berdin. Beraz, ondo baldin badago, komeni da etzana egotea. Aurretik ikustea garrantzitsua da.