Enrique Peirok koordinatzaile dihardu Osakidetzan Osasun Publikoko eta Pazientearen Segurtasuneko Programetan. Alde horretatik, gertutik ezagutu ditu bronkiolitisaren eta gripearen eragina. Haren ustetan, gaixotasun horien zabalkundea «berrantolatzen» ari da koronabirusaren egoera normaldu ahala.
Bronkiolitisaren eragina hazi egin da azken hilabeteetan, baina zer da gaitz hori?
Gaixotasun infekzioso bat da, arnasbideetako birus sintzitialak eragindakoa. Akutua denean, arnasteko zailtasunak eragiten ditu bronkioetan, eta, gehienbat, haur txikiei eragiten die; batez ere, bi urte baino gutxiago dituztenei. Pediatriako adinean direnen ospitaleratzeen arrazoi nagusia da. Diagnostiko klinikoa izan ohi du, eta zenbait arrisku faktore ditu: esaterako, haur goiztiarra izatea, edo aste gutxikoa. Ezaugarri kronikoak dituzten prozesuek ere larriagotu ahal dute. Halaber, urtaroko gaixotasuna da; hau da, gehiago eragiten du urritik martxora, gripeak bezalatsu. Ohikoa izaten da azaroan eta abenduan goia jotzea, gripearen aurretik. Dena den, koronabirusak aldatu egin du hori apur bat.
Zergatik du eragin handiagoa haur txikietan?
Faktore bat baino gehiago daude. Alde batetik, haur txikien immunitate-sistema ez dago erabat garatuta. Hori izan daiteke arrazoietako bat. Bi urtetik beherako haurrei eragiten die gehienbat, eta sei aste baino gutxiago dutenetan larriagoa gerta daiteke. Horrek zerikusia izan dezake immunitate-sistemaren lehia ezarekin. Gainera, haurrak gaixotasunen transmititzaileak izan ohi dira, erlazionatzeko duten moduarengatik. Ez arnasbideko birus sintzitialaren kasuan soilik, birus infekzioso askorekin gertatzen baita hori. Laburbilduz, haurrengan eragina dute adin txikiak, defentsa-sistema osatu gabeak eta erlazionatzeko moduak. Ez dira birusa jasaten duten bakarrak, baina haurrei larriago eragin ohi die.
Zer sintomatologia du bronkiolitisak?
Arnasa hartzeko zailtasuna dago oinarrian. Hori larria izatea saihestu behar da, eta arnasbidea garbi eduki. Batzuetan, oxigenoa ere eman behar izaten da. Horrez gain, eztula eduki dezakete, muki-jarioa, hotsak arnastean… Denetan, arnasteko zailtasuna da nabariena.
Arnasbidea nola jotzen du?
Arnasa gaizki hartzen dutenez, haur txikiak nekatu egiten dira. Ondoeza sorrarazten die. Ez ditu denak berdin jotzen, mailak ditu infekzioak, baina garrantzitsuena beti da arnasketa erraztea.
«HAURRAK GAIXOTASUNEN TRANSMITITZAILEAK DIRA. EZ ARNASBIDEKO BIRUS SINTZITIALAREN KASUAN SOILIK, BIRUS INFEKZIOSO ASKOREKIN GERTATZEN DA HORI»
Nolako tratamendua du bronkiolitisak?
Oxigenoterapia, batez ere. Aire-bidearen iragazkortasuna bermatzeko neurria da, aireztatze ona bermatzeko. Jarrera ere lantzen da: eroso egon behar dute. Goiko arnasbideetako jarioa ere xurgatu behar da, eta oxigenoa eman. Batzuetan, fluxu handietan eman ere, potentzia handiarekin. Kasurik larrienetan, adrenalina lainoztatua erabili ohi da. Azken batean, edozein koadro klinikoren moduan, maila bat baino gehiago ditu. Batzuetan, sintoma orokorretan geratzen da: eztula, mukiak, eta abar. Larritasuna arnasteko zailtasunaren araberakoa izaten da, horrek osasunari oro har eta odolaren oxigenazioari eragiten baitie. Hala, tratamendua ere arnasteko zailtasunaren araberakoa izaten da.
Bronkiolitisari aurrea har dakioke?
Arnasbideetako gainontzeko birusetan bezala, higiene-neurriek laguntzen dute bronkiolitisaren kasuan ere. Eskuak sarri garbitzeak, eztul egitean ahoa estaltzeak, erabilera bakarreko zapiek… Oinarrizko higieneak laguntzen du, baita maskarak ere. Pandemia garaian, zirkulazioen ohiko agerpena aldatu egin da, horrexegatik hain justu ere. Bronkiolitisa eragiten duen arnasbideetako birus sintzitialaren eta gripea eragiten duen influentza birusen zirkulazioa murriztu egin da azken bi sasoietan. Orain, ohiko agerpena itzuliko da gutxika-gutxika. Azkenaldian, igarri da bronkiolitis nahiz gripe kasuak igo direla, azken bi sasoiekin alderatuta. Gripearen kasuan, txertoa da prebenitzeko beste modu bat, baina higieneari dagozkionak dira oinarrizkoenak transmisioa eteteko garaian.
Nola daude bronkiolitis kasuak?
Esango nuke ohiko zirkulazio-patroia errekuperatzen ari dela pixkanaka. Karlos III.a Institutuko datuen arabera, intzidentzia-tasa 100.000 lagunetik 700ekoa baino gehiagokoa ere izan da 0 eta 14 urtekoen artean. Azken urteetan halakorik ez da izan, eta, beraz, birusen zabalkundea «berrantolatzen» ari dela esan daiteke. Koronabirusaren zirkulazioa urriagoa izaten ari da, nahiz eta oraindik badagoen, baina beste birusen zirkulazioa lekua hartzen ari da berriro. Ez dira ohiz kanpoko tasak, baina patroia urtaroko datuetara itzultzen ari da birus sintzitialaren eta influentzaren kasuan.
Nolako aldea dute bronkiolitisak eta gripeak?
Bronkiolitisaren kasuan, kalte larriena adin txikikoetan gertatzen da. Gripeari dagokionez, larritasunik handiena adinduetan izan ohi da. Hori da alderik nabarmenena. Gero, koadro klinikoan, bronkiolitisak arnasteko zailtasuna du ezaugarri nagusi, eta gripea ez da horren espezifikoa: sukar handia, buruko mina, giharretakoa, neke orokorra, sintoma digestiboak, eta abar.
Urrian hasi zen gripearen aurkako txertatze kanpaina. Nolako eragina izaten ari da?
Gripea ere urtaroko gaixotasuna da, eta ohikoa izaten da hura azaldu aurretik arnas-bideko beste gaixotasun batzuk agertzea. Oraindik ez da iritsi pandemiaren aurreko mailara. Itxaron egin behar da, ea datozen asteetan intzidentzia-maila zenbateraino iristen den, baina, gaur-gaurkoz, ez da lehengora iristen.
Laburbilduko zenuke gripea zer den?
Bronkiolitisa nola, gripea ere gaixotasun biriko bat da. Infekziosoa da, influentza birusaren bidez zabaltzen dena. Anglosaxoiek flu deitzen diote, hitza silaba bakarrera ekarrita. Jende askok sukar handia zuenean (ondoeza orokortua, izerdia…) eta azalpen argirik ez zutenean, gure arbasoek izarren eraginari egozten zioten: influentziari, alegia. Birusaren izenak gaixotasunaren jatorri ezjakina islatzen du. Gripea oso erraz transmititzen da; urtarokoa da, eta, lurreko zein hemisferiotan, garai batean edo bestean eragingo du; gurean, urritik apirilera, gutxi-gehiago. Hemen, urtarrilean eragiten du gehienbat; beraz, areagotu egingo dela espero izatekoa da. Gripearen birusak hiru multzo handitan banatzen dira: A, B eta C. A multzokoak eragiten du koadro klinikorik larriena. Prebentzioari dagokionez, txertoa da eraginkorrena. Urtero berritzen da, eta garrantzitsua da zaurgarrienak urtero txertatzea, konposizio eguneratua duelako. Gaixotasun nekosoa da, baina ez du zertan larria izan. Arrisku-taldeek —adinduek, haurdun daudenek eta gaixo kronikoek— zailtasunak garatzeko arrisku handiagoa dute, eta horietan jarri behar da arreta handiagoa.