agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

Zaballako espetxean osasun mentaleko zentroa martxan

Arabako Espetxean —Zaballa izenaz ezagunagoa— martxan dago osasun mentaleko zentroa (OMZ) 2020ko azarotik, Osakidetzako Arabako Osasun Mentaleko Sareak bultzatuta. Irailean, taldekako terapiak abiatzeko asmoa dute; izan ere, preso askok patologiak pairatzen dituzte substantzien gehiegikeriengatik. EAEko kartzelarik handiena da, 740 preso inguru ditu, eta OMZ 340 preso ingururen jarraipena egiten ari da.

Edorta Elizagarate (Gasteiz, 1961) psikiatra koordinatzaileak azaldu bezala, espetxean zentro hori egon aurretik, oso «puntualak» ziren osasun mentaleko esku-hartzeak; batez ere, «aholkularitzan oinarrituak». Garai horretan, Lur Gizen elkartearekin batera lan egiten zuten; horiek bazituzten beren psikiatrak, psikologoak, erizainak, erizain laguntzaileak eta mediku jeneralista, nahasmen mentalez eta substantzien abusuaz arduratzen zena. 2020ko urtean zehar gertatu ziren intoxikazioen ondoriozko bi heriotza; horregatik, espetxe-zaintzako epailearen aginduz, gaindosiagatik izaniko istripuak eta suizidioak saihesteko, medikamentu guztiak gainbegiratzen hasi ziren. 2020ko azaroan hasi zen Elizagarate espetxean lanean eta orduan abiatu zuten zuzenean behatutako tratamendua eta sortu gaur egun dagoen OMZko lantaldea.

Gaur egun, lau psikiatra, psikologo kliniko bat, bost erizain eta zazpi erizain laguntzaile dituzte. Horrelako zentroen ereduak badira Katalunian eta Nafarroan ere. Maddi Laborde (Gasteiz, 1990) psikiatraren arabera, portzentaje handi batek substantzien gehiegikeriak eragindako patologiak pairatzen ditu. Beste portzentaje handi batek, berriz, nortasun-nahasmendua. Buruko gaitz larrien portzentajea, gainera —nahasmendu psikotikoa, bipolarra, eskizofrenia, antsietatea eta depresioa—, handiagoa da espetxean gizartean baino. Azkenaldian, arreta-eskasiaren eta hiperaktibitatearen nahasmenduak askoz gehiago ikusten ari dira, Paula Antia (Gasteiz, 1992) psikiatraren arabera: «Haurtzaroan diagnostikatu ez, eta bizitza osoan arazoak ekarri dizkie horrek».

«2020KO AZAROAN ABIATU ZUTEN ZUZENEAN BEHATUTAKO TRATAMENDUA ETA SORTU GAUR EGUN DAGOEN OMZKO LANTALDEA»

Suizidioari dagokionez, zuzenean behatutako tratamenduaren bidez, intoxikazioak eta istripuak «izugarri gutxitu» dira: «2020. urtean bost lagun hil ziren EAEko hiru espetxeetan, eta, geroztik, Basauriko espetxean gertatutakoa baino ez da egon, intoxikazioren bat ere bai, baina neurri apalagoan», Laborderen arabera. Zaballan lantaldea martxan jarri zenetik, ez da suizidio bat bera ere gertatu, eta intoxikazio bakarra izan da. Alde horretatik, kanpoko osasun-zentro baten funtzionamendua eramaten saiatzen dira. Presoek laguntza eska dezakete idatziz, eta, eskaerak jaso ondoren, Lehen Mailako Arretako mediku erreferenteak baloratzen ditu eskaera eta beharrak. Zerbitzu-arteko kontsulta jasota, hasierako balorazio bat egiten dute, eta horren araberakoa izango da esku-hartzea. Esku-hartzea bere osotasunean egiten dute, pertsona bera aurrez aurre tratatzen baitute.

Antsiolitikoak, antidepresiboak, antipsikotikoak eta beste erabiltzen dituzte; esaterako, opiazeoen dependentzia artatzeko, metadona eta buprenorfina. Erizaintzak medikamentuen kontrola darama: «Psikofarmako oro osasun-langile baten aurrean hartzen dute; gutxi gorabehera kontrolatua dago kontua, nahiz eta badakigun oraindik salerosketaren arazoa ez dagoela gaindituta. Dena den, intoxikazioak, behintzat, jaitsi egin dira», Antiak dioenez. Despreskripzio programa bat ere ari dira saiatzen, egokiak ez diren edo behar bezala ezarriak ez dauden dosiak eta medikamentuak kentzeko. Antiaren arabera, kanpoan zeudenean preso batzuek jadanik buruko gaitza zuten, baina ez zuten tratatzen: «Buruko gaitz larriak dituztenak hobetu egiten dira hemen artatuta; delitua buruko gaitzaren eraginpean egin dutenean, saiatzen gara, prozedura batzuen bitartez, bete behar duten kondena psikiatriko batean buka dezaten». Labordek dioenez, «desorekak delituarekin harreman zuzena badu, orekatzea lortu badugu eta arriskua gutxitu dela uste badugu, saiatzen gara kondena osasun-zentro batean bete dezaten, behar duten tratamendua jarraitzen dutela ziurtatuz».

«GENERO-PERSPEKTIBA KONTUAN HARTU BEHAR DUGU, BATEZ ERE EMAKUMEEI LAGUNTZA EMATEKO, POPULAZIO OSO ZAURGARRIA DA ETA»

Hala ere, kasu batzuetan, txarrera egiten dute espetxe barruan. Horregatik, saiatzen dira euren prozesua «modu terapeutikoago batean jarraitzen». Hamabost modulutatik, «gatazkatsuenak» diren lau moduluren jarraipen estuagoa egiten dute, eta zailtasunak dituzte lantaldeko kideek, baliabide gehiagoren falta sumatzen baitute: askotan ez dute nora bidali presoa, edota ez dute sarerik aurkitzen gizartean. Aske geratzen direnean edo hirugarren gradura pasatzen direnean, kanpoko norbaitekin harremanetan jartzen saiatzen dira; izan ere, adibidez, ez badaude toki batean erroldatuta —besteak beste, espetxean denbora asko daramatelako—, zailtasunak izaten dituzte dagokien erkidego edo probintzian erroldatzeko: «Alde horretatik, laguntza behar dugu; gizarteak ulertu behar du zenbat eta zaintza handiagoa eta zenbat eta jarraipen hobea eman, orduan eta arrisku gutxiago izango dutela desorekatzeko, eta hori guztion onerako da», esan du Labordek.

Baliabideak, aterpeak, errolda, familiaren laguntza, lagunena… Zailak izaten dira askotan topatzen. Antiaren arabera, «aske geratu baino lehen lantzen baditugu alderdi horiek, arazo askori aurrea har diezaiekegu. Hemen jarraipen ona egingo diegu, baina, aske geratzeko momentuan laguntzarik ematen ez badiegu, egindako lana galtzen dugu». Josune Perez de Arenaza (Gasteiz, 1969) erizaina uste berekoa da: «Kanpoan sare egoki bat topatzen dugunean, beren bizimoduari heltzen diete, baina, horrelakorik topatu ezean, asko espetxera itzultzen dira».

Bi modulu emakumezkoenak dira, gizonekin konparatuz gutxiago. Faktore asko elkartzen dira pertsona hori «ondo ez egoteko»: kontu «gogor-gogorrak», genero-indarkeria, droga mendekotasuna… Antiaren hitzetan: «Genero-perspektiba kontuan hartu behar dugu, batez ere emakumeei laguntza emateko, populazio oso zaurgarria da eta».

 

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other