Mariola Reigosa eta Txarli Garcia zeladoreak dira Mendaroko Ospitalean, baita lagun onak ere, eta, hain zuzen, beren lanean oinarrituta ondu dute ‘Mirenolatu la celadora vampira’ komiki-bilduma. Bi zenbaki argitaratu dituzte dagoeneko, eta umoretik eta kritikatik sortuak dira. Laneko istorioak eta bitxikeriak izan dira egileen inspirazio-iturri.
Nolatan hasi zineten komiki bat egiten?
Txarli: Osakidetzan elkarrekin hasi ginen behar egiten, egun berean, eta hala ezagutu genuen elkar. Niri asko gustatzen zaizkit komikiak, komikizalea naiz, eta Mariolari ere bai; erdi brometan, bere karikatura bat oparitu nion, nik neuk egindakoa, eta horrela hasi zen dena.
Mariola: Hasiera berezia da. Eibarko Ospitalean elkartu ginen lehenengo aldiz, orain dela hiru urte. Mendaroko Ospitaleko korridoreetan elkartu ginenean, esan nion brometan ni zeladore banpiroa nintzela, eta ospitalean lan egiten hasi nintzela laborategiko odola lortzeko.
Zer kontatzen du?
Mariola: Istorioa sortzen da eguneroko lanetik. Sortzean, Txarlik paperean islatzen du. Gehienak dira ospitaleko kontuak, gure lanean sortzen diren gauzak, egoerak, eta beste batzuk dira Mirenolatuk ospitaletik kanpo bizitzen dituenak, baina gehien-gehienak dira ospitalean izaten diren gorabeherak.
Txarli: Gidoiak bion artean egin ditugu, eta marrazkiak nik egin ditut. Bion artean pentsatzen dugu zer kontatu, eta gero nik egiten dut etxean. Batzuetan, blokeatu egiten naiz, eta Mariolari deitzen diot galdetzeko zer egin dezakegun, eta beti bururatzen zaio zerbait.
«ERAKUTSI NAHI DUGU ITZALEKO GORABEHERAK ERE UMORETSUAK IZAN DAITEZKEELA»
Nor da protagonista nagusia?
Mariola: Mirenolatu izena du. Nire benetako izena Mariola da, baina izen euskaldun bat jarri nahi genion. Hasieran, Marikaixo jartzea pentsatu nuen. Nirea ez denez izen euskaldun bat, jendeari kosta egiten zaio gogoratzea, eta horregatik esaten dut beti Marikaixo edo Mirenolatu. Azkenean erabaki genuen Mirenolatu ipintzea.
Zure izenetik dator, baina fisikoki ere antza handia duzue, ezta?
Txarli: Bera baita Mirenolatu. Oparitu nion karikaturatik sortu zen. Pertsona bera da, esajeratuta baina bera da.
Mariola: Ilea, begiak… baita letaginak ere; denean du nire antza. Puntu errealista bat dauka, baina surrealista ere bai.
Bi zenbaki argitaratu dituzue: Living in Josakidetza eta Caida y auge de Mirenolatu. Segida bat dira?
Txarli: Bai, baina bigarrena irakurri daiteke ere lehenengoa irakurri gabe. Istorio solteak dira; ez dira nahitaez biak irakurri behar istorioak ulertzeko. Ikuspuntu umoretsua dute: ospitaleko bizitza kontatzen dute biek, baina umoretik. Ospitaleko bizitza bera erakutsi nahi izan dugu bi komikien bidez.
Mariola: Kritika ere bada.
Zeri egin diozue kritika?
Mariola: Ospitale honetan, eta guztietan ere bai segur aski, gremioak edo kategoria guztiak oso markatuta daude. Alde ederra dago, adibidez, zeladoreen eta medikuen artean. Orduan, batzuetan ez gaude gustura edo ez zaizkigu gustatzen ospitale barruan ematen diren tratu batzuk.
Txarli: Kontua da ospitalean hierarkia bat dagoela, hori argi dago; zeladoreok ez gaituzte hartzen osasun-langiletzat. Horregatik, abenturetan irudikatu dugu zeladoreak daukala beti gertatzen denaren errua. Azken finean, zeladorearen figura aldarrikatu nahi izan dugu komikietan. Zeladoreak behekoak gara beti, beherago dauden langileak gara, eta, gure gainetik laguntzaileak, erizainak eta medikuak daude. Klasismo hori irudikatu nahi izan dugu, eta horri kritika bat egin, eta Osakidetzari ere bai, batez ere giza baliabideen arloan daukan antolakuntzari. Komikian diogun bezala, gizatasuna kentzen diote langileei ematen dieten tratuari. Bi helburu izan ditugu: umorea egitea eta zeladoreen lana aldarrikatzea.
«ERREALITATEA ETA FIKZIOA NAHASTU DITUGU ISTORIOETAN»
Mirenolatuz gain, badaude beste pertsonaia batzuk?
Txarli: Beste zeladore batzuk ere agertzen dira, eta ospitaleko beste langile batzuk ere bai, gure lankideak direnak. Egiazko jendea agertzen da, berezko izenarekin edo beste izen asmatu batekin. Esaterako, Josakidetza izeneko pertsonaia asmatu genuen, osasun publikoa kontrolatzen duen etsaia izango dena.
Mariola: Beste gai batzuk ere agertzen dira, adibidez COVIDa, itxaron-zerrendak, murrizketak…
Nola izan da ekoizpen-prozesua?
Txarli: Autoekoizpena izan da. Guk ipini genuen dirua. Bilboko inprenta txiki batera joan ginen komikia egitera, eta guk geuk saltzen dugu. Bilbon Joker izeneko komiki-denda ospetsu batean dago salgai; Ondarroan ere saldu dugu, Basati pizzerian. Baina eskura saldu dugu batez ere, eta hemengo langileak dira gehienetan gure publikoa. 350 ale inguru egin genituen zenbaki bakoitzarentzat, eta ia denak saldu ditugu.
Mariola: Baina ez da ospitaleko esparruan bakarrik saldu, leku askotan baizik! Madrilen baita ere, ni hangoa bainaiz.
Zergatik erabaki zenuten gaztelaniaz idaztea?
Txarli: Gaztelaniaz idatzita dago, baina euskararekin nahastuta; biak agertzen dira, pertsonaiaren arabera.
Mariola: Euskaldun berriak gara biok, eta askoz hobeto moldatzen gara gaztelaniaz umorea egiteko. Hala ere, ospitale honetan euskarak presentzia handia dauka, gehienak euskaldunak dira, eta pazienteekin ere euskaraz egiten dugu askotan. Ni Madrilekoa izanik, gainera, ez zuten ulertuko bestela!
Zer esan dizuete langileek?
Txarli: Arrakasta handia izan genuen lehenengoa argitaratu genuenean. Zoriondu egin gintuzten, eta horregatik animatu ginen beste bat egitera. Osakidetzako langileak erraz identifikatzen dira kontatzen ditugun istorioekin, nahiz eta hemen lan ez egin.
Mariola: Guk, gainera, oso ondo pasatu genuen komikia egiten; barrez aritu gara etengabe!
Bigarrena kalean izanda, hirugarrenari heltzeko asmoa duzue?
Mariola: Istorioa bukatu gabe geratu da, irekita, baina oraindik ez dakigu hirugarrena egingo dugun. Lan handia dago komiki hauen atzean.
Txarli: Oraingoz, aurten ez dugu egingo. Lan handia egin dugu azken bi urte hauetan, eta nekatu egin gara. Mariolari bururatu zaio anekdotak biltzea eta horrela egitea hirugarrena, baina aurrerago ikusiko dugu.
Zuek ere anekdota asko izango dituzue kontatzeko, ezta?
Txarli: Batzuk dagoeneko kontatu ditugu komikietan. Errealitatea eta fikzioa sartu ditugu istorioetan. Batzuetan ez da jakiten zer den egia eta zer ez, nahastu egin baititugu.
Mariola: Hildakoekin, adibidez, anekdota dezente daude. Hildakoei exitus deitzen diegu: gau batean hildako bat esnatu egiten da, eta susto handia hartzen dugu komikian. Kasu honetan, exitus-ek ez du arrakasta esan nahi, irteera baizik. Errealitatean, ez dira esnatzen, baina mugitu egiten dira.
Txarli: Erakutsi nahi dugu itzaleko gorabeherak ere umoretsuak izan daitezkeela.
KOMIKIAK LORTZEKO:
– Joker liburu-denda (Bilbo)
– DDT Banaketak (Bilbo)
– Basati pizzeria (Ondarroa)
– Facebook: Maldito Txarli Resbalon