Hezkuntza-proiektu bat ipini dute abian Barrualde-Galdakaoko ESIan, iktusa izan dutenen senideei zaintza-jarraibide batzuk irakasteko. Arduradunek nabarmendu dute estimulazio goiztiarra eta familien elkarlana direla proiektuaren gakoak.
Askotariko ondorioak izan ditzake iktus edo buruko isuri batek. Mintzamenean eragin dezake, baita gorputz atalen mugimenduan ere. Garuneko arteria batean odolbildua dagoenenean gertatzen da: burmuinaren zati bat odol isuri barik geratzen da, eta garun zati horren ardurapean dauden funtzioak kaltetuta geratu daitezke. Eragindako kaltearen kokalekuaren eta tamainaren araberakoak izaten dira sekuelak. Iktus mota bi daude: iskemikoa eta hemorragikoa, eta, gutxi gorabehera, kasuen % 80 lehen motakoak dira.
Handia da iktusen arrastoa gizartean. Ustekabean gertatzen dira, eta bizitza hankaz gora ipintzen die paziente eta familia askori. 500 bat kasu izaten dituzte urtean Barrualde-Galdakaoko ESIan, eta, horko datuen arabera, emakumeetan kausa horrek eragiten ditu heriotza gehienak, eta gizonetan, hirugarren kausa da. Desgaitasunen lehenengo kausa da eta dementzien bigarrena.
Horien ostean zelan jokatu behar den jakiteko, hezkuntza-proiektu bat abiatu zuten martxo amaieran Barrualde-Galdakaoko ESIan. Pazienteei eta euren familiei teknika sinple batzuk irakastea da helburua. Erizainak eta erizain laguntzaileak biltzen ditu proiektuak, eta Dacer fundazioaren laguntzarekin egin dute.
«HASIERATIK ESKU HARTZEA EZINBESTEKOA DA, IKTUSAREN ONDORENGO ERREHABILITAZIO PROZESUA AHALIK ETA ERAGINKORRENA IZAN DADIN OINARRI SENDO BATZUK EZARTZEA»
Astero egiten dituzte saioak, talde txikietan. Euskaraz eta gaztelaniaz dira, goizez batzuetan eta arratsaldez besteetan. Ordubete irauten dute, eta, berez horrekin nahikoa den arren, pazienteek eta familiek berriz egin dezakete formazioa, zalantzak argitzeko. Familiak «ahalduntzeko» modu bat da proiektua, Marian Espinosa Neurologiako eta Iktusen Unitateko begiralearen arabera, eta familiei «izuak» kentzen laguntzen die. «Pazienteen estimulazioan familiak eragile aktiboak bihur daitezen nahi dugu», adierazi du.
Iktus-osteko fase akutuan jartzen dute fokua. Espinosak azaldu duenez, «lehenengo minututik» hasten dira pazienteekin eta senideekin lanean, errehabilitazio-lanak hasi aurretik. Horretarako, Dacer fundazioaren hezkuntza-eredua erabiltzen dute, eta gakoak dira estimulazio goiztiarra eta familiarekin elkarlanean jardutea.
Esku-hartze goiztiarraren garrantzia azpimarratu du Ainara Atxa unitateko erizainak: «Hasieratik esku hartzea ezinbestekoa da, iktusaren ondorengo errehabilitazio prozesua ahalik eta eraginkorrena izan dadin oinarri sendo batzuk ezartzea. Pazienteak beso bat mugitzen ez badu, garunari beso hori erabiltzen ahazten zaio, eta horregatik da garrantzitsua arin estimulatzen hastea». Esaldi batean laburbiltzen du eredu horren funtsa Espinosa gainbegiraleak: «Denbora garuna da».
«IKTUSA JASATEN DUTEN PAZIENTEAK KALTETUTAKO ALDEA EZ ERABILTZERA OHITZEN DIRA, BAINA BENETAN HORI DA ERABILI BEHAR DUTENA, BURMUINAK ALDE HORI EZ AHAZTEKO» Sonia Gonzalez
« Iktusa jasaten duten pazienteak kaltetutako aldea ez erabiltzera ohitzen dira, eta burmuinak alde hori ahazten du; horrek berriz ere hezi beharko den ohitura txar bat sortzea dakar. Ondo daukaten aldea erabiltzen dute, errazagoa zaielako, baina benetan kaltetutako aldea erabiltzea da aproposena», azaldu du Sonia Gonzalez unitateko erizainak. Arin jokatzeak sekuelak murrizten ditu, eta horretan lagundu dezakete familiek, saioetan ikasitako teknika, tresna eta argibideekin. Pazienteei kalterik ez egiteko jarraibide batzuk irakasten dizkiete, postura egokietan ipintzen, jaten ematen –kontrako eztarritik joan ahal zaie– eta gorputz-adarrak estimulatzen ere bai.
Gonzalezen berbetan, familiek hori guztia jakin behar dute, pazienteekin egongo direlako errehabilitazioa hasi arte. «Familiak shock egoeran geratzen dira honelako gauzak gertatzen direnean, eta ez dakite zelan jardun laguntzeko», gehitu du erizainak. «Guk senideek beldurra galtzea nahi dugu saioekin».
«Ohitura txar» horiek ahalik eta arinen zuzentzea da helburua, eta familiak «ahalduntzea» horiek konpontzeko lan egin dezaten. «Familiek lehen momentutik jakin behar dute zelan moldatu pazientearekin», nabarmendu du Espinosak.
Pandemia aurretik hasi ziren proiektuarekin. Dacer fundazioak garuneko erasanei aurre egiteko proiektu bat proposatu zien taldekoei, eta hiru osasun langilek egin zuten formazioa Madrilen, 2019ko abenduan, baina izurritearen ondorioz atzeratu egin behar izan zuten egitasmoa. Ez ziren geldi egon, ordea, eta zenbait osasun langilek streaming bidez egin zuten formazioa; dagoeneko zazpi osasun langilek daukate formazioa eginda. Gainerakoek beste ikastaro bat egin dute, garuneko erasana daukaten paziente akutuetan era bertsuan esku hartzeko. Ezin dituzte ikastaroak eman, baina talde osoak «zaintza eredu bera» jarraitzeko balio diela azaldu du Espinosak.
«PAZIENTEEN ESTIMULAZIOAN FAMILIAK ERAGILE AKTIBOAK BIHUR DAITEZEN NAHI DUGU» Marian Espinosa
Fundazioak jarraibide eta eduki horiek eskuliburu batean bildu ditu, eta ESIko Euskara Zerbitzuak itzuli egin ditu osorik. Hilabete gutxi egin dute metodoarekin, baina oro har jendea «eskertuta» dagoela uste du Atxak. «Beldur asko dituzte, eta lau pautatxok asko balio die».
Barrualde-Galdakaoko ESIaren hedadura geografikoa kontuan hartuta, Espinosak adierazi du oraingo erronka dela saioa streaming bidez egitea etorkizunean. Horrez gain, Basurtun hasi dira oraintsu proiektu berarekin, eta laster Donostia Ospitalean ere ekingo diote.