Bigarren urtez, ‘Osagaiz’ aldizkariko kideek osasun-zientzietako gradu-amaierako lanen jardunaldia antolatu dute: Osasunaldia. Ekainaren 14tik 16ra egingo dituzte aurkezpenak, eta aurten ere modu telematikoan izango dira. Izena emateko epea maiatzaren bukaera arte dago zabalik. Helburua da ikasleek egindako lanei ikusgaitasun handiagoa ematea. Joxerra Furundarena Donostia Unibertsitate Ospitaleko Hematologiako eta Hemoterapiako mediku eta ‘Osagaiz’ aldizkariaren zuzendariak azaldu du hobekuntza batzuk egin dituztela aurten.
Iaz antolatu zenuten lehen aldiz Osasunaldia, gradu-amaierako lanen jardunaldia. Zertaz ohartuta?
Pixkanaka sortuz joan zen. Osagaiz aldizkaria martxan jartzea izan zen aurreneko gauza, orain dela urte batzuk. Erredakzio Batzordean parte hartzen dugunok ikusten dugu gazteekin konektatu behar dugula eta gazteen parte-hartzea lortu. Gazteekin lotura horiek nola egin pentsatzen hasi ginen; gutako batek baino gehiagok osasun-arloko irakasgaiak ematen ditugu unibertsitatean, eta ikusten genuen graduak euskaraz egiten dituztela, gradu-amaierako lan asko euskaraz aurkezten direla, eta, gero, erdara jaun eta jabe den mundu batean sartzen dira profesional gisara; orduan, euskara galduz eta lausotuz joaten da. Ahozkoari bai eusten diote batzuek baina idatzizkoari ez.
Gradu-amaierako lanen kasuan ere, gero eta gehiago aurkezten dira euskaraz. Ikasleek izugarrizko lana egiten dute. Orduan, zergatik ez eman ikusgaitasun handiagoa lan horiei? Beti gonbidatzen genituen Osagaiz aldizkarira bidal zezaten gradu-amaierako lana artikulu moduan, baina gero bururatu zitzaigun unibertsitatean egiten duten hamar minutuko aurkezpen lan hori egina daukatela jada, eta hori bakardadean egiten dutela, hiru epaileren aurrean besterik ez. Inor gehiago ez da sartzen areto horretara. Pena ematen zigun lan pila bat egin eta beste inork ez entzuteak. Aurrena, jardunaldiak aurrez aurre egitea pentsatu genuen, ikaskideen eta lagunen aurrean lan bat aurkezteak poza ematen baitu. Horri tiraka, jardunaldiari forma eman genion. Hasieran ere pentsatu genuen medikuntza-arloko lanak bakarrik erakustea, baina azkenean osasun-arloko guztiak sartu genituen: erizaintza, farmazia, fisioterapia, psikologia klinikoa…
«INFORMAZIOA HOBEKIXEAGO ZABALTZEN SAIATU GARA, ETA GRADUA BUKATUKO DUTEN IKASLE GUZTIENGANA IRISTEN»
Pandemiaren eraginez, era telematikoan egin behar izan zenuten, aurrez aurre beharrean. Nolako harrera izan zuen?
Aurreneko aldia izanda, ez genekien nolako harrera izango zuen. Horregatik, parte-hartzearekin nahiko konforme geratu ginen: 23 lan aurkeztu zituzten. Entzuleei dagokienez, esan dezakegu gehienbat entzuten aritu zirenek aurkeztu zituztela lanak. Ez genuen lortu lanik aurkeztu ez zutenek ere entzutea. Aurten, saiatu gara informazioa hobekixeago zabaltzen, eta gradua bukatuko duten ikasle guztiengana iristen. Ea lortzen dugun parte-hartze handiagoa izatea. Badakigu, alde batetik, oso hotza dela modu telematikoan egin behar izatea, baina, beste alde batetik, erraztu ere errazten du, ez baitira joan-etorriak egin behar.
Aurtengo aldirako zehaztu zenituzten erronketako bat izan zen medikuntza-arloko lan gehiago jasotzea. Lortu al duzue medikuntzako ikasle gehiagok parte hartzea?
Orain da lan horiek jasotzeko garaia, hemendik hilaren bukaera arte baitago epea zabalik, eta hamabostaldi honetan jasoko ditugu lanak. Medikuntzarekin gertatzen zaiguna da justu maiatzaren bukaera aldera ECOE izena duen proba bat dutela; proba kliniko batzuk jartzen dizkiete, eta horrekin tentsio handian izaten dira. Ekain hasieran defendatu behar izaten dituzte gradu-amaierako lanak hiru epaileren aurrean. Hori pasatzen denean, gure jardunaldia dator segidan, bero-bero harrapatzeko. Baina haiek burua kanpoan dute, handik astebetera joaten baitira BAME barruko mediku egoiliar izateko proba prestatzen hastera. Oso tarte txikia dute deskantsatzeko. Horregatik kostako zaigu medikuntzako ikasleen lanak lortzea gure jardunaldirako.
Esan duzu lanak bidaltzeko epea zabalik dagoela. 23 jaso zenituzten iaz; aurten kopuru hori gainditzea espero duzue?
Ez dakit zehazki zenbat jaso ditugun orain arte, baina normalean azkeneko astean jasotzen dira ia lan guztiak. Hurrengo astean iritsiko dira gehienak, eta espero dut iazko kopurua gainditzea.
Antolaketa aldetik, jardunaldiak lehengo urteko sistema jarraituko du?
Sistema bera izango da; Osagaiz aldizkariaren plataforma bera erabiliko dugu. Hor kargatu beharko dituzte lanak. Aurretik lanketa handiagoa egin dugu, banatu dugun informazioa dokumentu bakarrean laburtu eta batu dugu, eta mezu garbiagoa ematen saiatu gara. Informazioa EHUko osasun-arloko gradu ezberdinetako ikasleei eta arduradunei bidali zaie, UEUra, medikuen elkargoetara, Osakidetzara, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundera eta sare sozialetan ere zabaldu da.
Aldizkari berezi bat argitaratuko duzue aurkeztutako lanekin?
Lan horiekin guztiekin aldizkariaren ale berezi bat egiten dugu, eta irail aldera-edo argitaratzen dugu aldizkariaren plataforman. Orain, laburpen guztiak biltzen ditugu, ordenatu, eta batzuetan detaileren bat falta izaten denez, horiek eskatu, berriro dena prestatu eta irailerako argitaratzen dugu. Haientzako ere kitzikagarria da beren lanak aldizkari berezi batean ikustea. Uste dugu estimulu bat dela haientzat ere beren lana gainerako lanekin batera ikustea aldizkariaren zenbaki berezi batean; polita da.
«LAN GUZTIEKIN ALDIZKARI BEREZI BAT EGITEN DUGU, ETA IRAIL ALDERA ARGITARATZEN DUGU»
Urtean aldizkariaren ohiko bi ale argitaratzen dira. Aldizkari arruntak izaten dira, bat udara aurretik eta bestea urte bukaera aurretik. Artikulu originalak esaten diegunak argitaratzen ditugu, osasun-arloko ikerketak, baita gai bati buruzko berrikuspenak ere. Horiek jasotzean, bi ebaluatzaileren esku uzten ditugu, eta haiek aldaketa eta hobekuntza batzuk egiteko eskatzen dute, behin betiko erredakzioa lortzen den arte. Aldizkariaren parterik handiena artikulu originalekin osatzen dugu. Horrez gain, farmaziako artikulu batzuk ere sartzen ditugu, Donostia Ospitaleko Farmazia Zerbitzukoek bidaltzen dituzten artikuluak. Osasun Sailetik farmakoei buruz argitaratzen dutenaren laburpen bat ere sartzen dugu. Osasun-arloan euskaraz argitaratzen diren liburuen erreferentzia txikiak ere bai; zorionez, gero eta gehiago, batez ere unibertsitateko osasun-arlokoak. Aldizkari-zenbaki arruntez gain, urtean bi ale berezi ere argitaratzen ditugu, bat gradu-amaierako lanekin eta bestea Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak urtero antolatzen duen Osasun Biltzarreko materialarekin.