«Euskaraz hitz egitera ausartzea izan da zailena»
Amélie Le Gall • Medikua
Maitasunak bultzatu zuen Amélie Le Gall Euskal Herrira etortzera. Normandiakoa da izatez, eta orain dela bederatzi urte lurreratu zen hemen. Batez ere bere kabuz aritu da euskara ikasten, eta bai ederki moldatzen ikasi ere. Medikua bera, anbulantzietan lan egiten du.
Noiz hasi zinen euskara ikasten?
Orain dela lau urte hasi nintzen, haurdunaldian. Euskara ikastea erabaki nuen normala iruditzen zaidalako bizi zaren tokiko hizkuntza ikastea. Gainera, nire alabari etxeko lanak egiten lagundu nahi diot, hala behar duenean.
Non eta nola ikasten duzu?
Euskaltegi batzuetan ikasi nuen, baina batez ere autoikaskuntzaren bidez. Nire lan-ordutegia oso aldakorra da, eta, horregatik, errazago ikasten dut etxetik.
Nolakoa izan da esperientzia orain arte?
Nahiko ona. Euskarak oso hizkuntza polita ematen du, poetikoa. Horrez gain, oso lotuta dago kulturari. Esate baterako, hainbat abesti daude euskaraz, bai tradizionalak, bai egungoak. Ipuin eder asko ere aurki daitezke euskaraz.
Aisialdiaz eta egunerokoaz gain, lanerako ere balio al dizu?
Egunero ez, maila handiagoa beharko nuke eta. Baina kontratu hobea izateko, bai.
Zenbat ulertzeko gai zara euskaraz?
B2 mailako ikaslea naiz. Berria egunkaria irakurtzen dut, eta oraintxe bertan Miñan liburua irakurtzen ari naiz. Niretzat oso motibagarria da eguneroko irakurketak ulertzea.
Zeure kabuz ere saiatzen zara euskara lantzen, beraz?
Bai, irakurtzea asko gustatzen zait, eta liburutegietan liburuak hizkuntzako mailaren arabera sailkatuta daude. Horri esker, liburu zailegiak aukeratzea saihesten duzu. Oso erabilgarria da. Bestalde, podcastak eta irratia entzuten ditut, autoan noanean eta korrika egiten dudanean.
Zer izan da zailena orain arte?
Beharbada zailena euskaraz hitz egitera ausartzea izan da. Beti dut aukera beste hizkuntzan azkarrago eta errazago hitz egiteko. Uste dut jario handiagoa behar dudala.
Eta errazena?
Zalantzarik gabe, errazena da umeekin hitz egitea, esaldi laburrak eta hiztegi sinplea erabiltzen dituztelako. Eta, oker banago, barre egiten dugu.
Nolako harremana duzu euskaldunekin?
Oso gutxi. Ilegorria naizenez, argi dago atzerritarra naizela. Horregatik, normalean helduek zuzenean gaztelaniaz hitz egiten didate. Umeek, ordea, euskaraz hitz egiten hasten banaiz, batzuetan euskaraz jarraitzen dute.
Zer esango zenieke euskara ikasi nahi dutenei?
Zorionak eta ez ezazu motibazioa gal! Hasieran hitzak nahastuta daudela dirudi, baina poliki-poliki denak zentzua hartzen du, eta orduan guztia hobeto ulertuko duzu. Ahaleginak merezi du!
Eta euskara ikastera ausartzen ez direnei?
Aurrera! Egia da euskararen erroak desberdinak direla, eta hizkuntza zaila dirudi, baina benetan poetikoa eta nahiko logikoa da. Azkar hobetuko zenuke.
«Euskara polita, desberdina eta oso logikoa da»
Alicia Perez Valero • Mediku egoilarra
Alicia Perez Valero Euskal Herria eta bertako kultura maite zituelako etorri zen hona bizitzera, orain dela bi urte eta erdi. Granadakoa da izatez; egoiliarra da, eta Familia Medikuntzako espezialitatea egiten ari da, Hondarribiko osasun-zentroan eta Bidasoko Ospitalean, larrialdietan.
Noiz hasi zinen euskara ikasten?
2019ko urrian hasi nintzen, euskaltegian, baina euskaltegian aritu aurretik ere ikasten saiatzen nintzen nire pazienteekin eta lankideekin, eta asko ikasi nuen.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Asko gustatzen zitzaidalako erabaki nuen. Pentsatzen dut hizkuntza polita, desberdina eta oso logikoa dela. Bestalde, uste dut kultura eta hizkuntzak zaindu behar ditugula. Gainera, orain hemen bizi naiz; beraz, hemengo hizkuntza ikasi nahi dut kultura osoa ezagutzeko. Lekurik onenean nago. Ez dakit non biziko naizen, baina pena emango lidake euskara ikasi gabe joateak hemendik; ezin dut hori egin. Euskaltegira joaten naiz. Lehenengo bi urteetan, Donostian ikasten nuen, eta orain Hondarribiko Euskaltegira noa.
Nire esperientzia oso-oso polita izan da orain arte. Hemengo jendearekin euskaraz hitz egiteko modua izaten dut, eta oso berezia da niretzat.
Nolako maila daukazu?
Egia da Euskal Herrian lan egiteko beharrezkoa dela titulu bat izatea, baina nik ez daukat presarik orain. Ikasi egin nahi dut, eta tituluak etorriko dira. B1 maila egiten ari naiz urritik; iaz A2 egin nuen, eta lehenengo urtean A1. Hasieratik hiztegiko hitz asko ulertzen nituen; euskara oso interesgarria iruditzen zaidanez, denei galdera asko egiten nizkien. Gainera, iaz antzerki bat ikusi nuenean zeri buruz zen ulertu nuen. Orduan konturatu nintzen elkarrizketa txikiak eduki ahal ditudala euskaraz.
Zer izan da zailena?
Niretzat zailena izan da ts eta tx desberdintzea. Ez dut lortu desberdintasuna ulertzea, baina saiatzen naiz.
Eta errazena?
Errazena hitz egitea izan da. Euskaldunak asko pozten dira kanpotarrok euskaraz hitz egiten dugunean.
Zeure kabuz ere ikasten duzu?
Bai, noski. Iaz liburu bat irakurri nuen euskaraz, Azken dantza New Yorken, Lur Gallastegirena. Oso polita da, eta asko ikasi nuen. Musika euskaraz entzuten dut: Mikel Laboa, Anari, Glaukoma eta Zetak asko gustatzen zaizkit. Bertsoak entzutea edo ikustea ere gustatzen zait; Maialen Lujanbio izugarri gustatzen zait, baina egia esan bertsoak zailak dira ulertzen niretzat. Gainera, zinemara eta antzerkira joaten naiz euskarazko emanaldiak ikustera. Jatetxeetan eta dendetan euskaraz eskatzen saiatzen naiz.
Nola moldatzen zara euskaldunekin?
Oso ongi, baina gehiago nahiko nuke. Pandemiarekin jende gutxi ezagutu dut. Baina normalean euskaldunei asko gustatzen zaie kanpotarrok euskaraz hitz egitea, eta niretzat hori oso polita da. Jendea oso atsegina da, eta euskarari buruzko gauza asko erakusten dizkidate beti.
Zer esango zenieke euskara ikasi nahi dutenei?
Aurrera! Hizkuntza oso polita da, eta jarduerak euskaraz egin ahal dituzu hemengo jendearekin. Dibertigarria da, eta Euskal Herriko kultura ikasi ahal duzu.