Beste gauza askorekin gertatzen den antzera, jaten ere ikasi egin behar da. Jateko orduan, behar bezalako dieta orekatu batek izan behar du helburua, baina, askotan, antsietatez elikatzen gara, eta horrek desorekak ekartzen ditu.
Antsietatea arazo bat da, nutrizio-aldetik desorekak eragiten dituena. Izan ere, bizitzeko, jaten ikasi behar dugu, ez baita osasuntsua jateko bizitzea. Helburu nagusi bat izan behar dugu: dieta orekatu, askotariko eta osatu bat egin, eta nutrizio-aldetik ditugun beharrak neurrian ase. Jateko antsietatea eta tripakadak kaltegarriak dira. Ez da bakarrik gorputzean sorrarazten duten desoreka fisiologikoa, ugari eta modu konpultsiboan jateak frustrazio- eta kulpa-sentimenduak ere eragiten ditu eta.
Arazoaren zergatia
Gehiegi kezkatzean sortzen den urduritasuna bideratzeko modu desegokia izan ohi da maiz.
Bizitzako une edo garai jakin batzuetan, handiagoa izan daiteke horrelako elikadura-desordenak jasateko arriskua; batez ere, egunerokotik ateratzen garenean: ordu-aldaketak, lan- edo etxe-aldaketak, azterketa-garaiak, dieta desorekatuak, hormona-arazoak, nekea…
Sintoma posibleak
Urduritasuna edo ezagutzen ez dugunarenganako beldurra, barne-hutsunea, itxaropen-falta, ezinegona, izerdi hotza, buruko edota tripako mina, aho lehorra, zorabioak, nekea, suminkortasuna, bihotz-erritmo azkarra eta irregularra, lo egiteko zailtasunak, pentsamendu ezkorrak, eta abar.
Nola ekidin
- Ikasi bereizten: Gosea eta antsietatea bereizten ikasi behar da. Sentitzen dena antsietatea bada, horren arrazoiak arakatu beharko ditugu.
- Errespetatu otorduak: Ez otordurik huts egin, eta ez jan ezer haietatik kanpo.
- Ordenaturik: Egin otorduak eserita, denbora eskainiz eta modu ordenatuan, platerak nahastu gabe.
- Mokadurik ez: Zure anoa edo errazioa hartu ondoren, kendu erretilua edo kazola mahaitik, mokaduak ekiditeko.
- Bukatzean, bukatu: Otordua amaitzean, altxatu mahaitik.
- Planifikatu: Dieta osasuntsua, orekatua eta askotarikoa lortzeko, egin menuak denborarekin.
- Ez egin beste ekintzarik: Jaten ari zarenean, ez egin beste ekintzarik (telebista ikusi, irakurri, telefonoz hitz egin…). Kasu horietan, despistatu egiten gara; garuna beste seinale batzuetara dagoenez, ez zaio asetasun-seinalea iristen.
- Mantenugai lagungarriak: Hona lasaigarri diren mantenugaiak eta berauek aurkitzen diren janariak:
– Magnesioa: barazkiak, fruta freskoa eta fruitu lehorrak.
– B6 bitamina: Osoko aleak, intxaurrak, haragiak, arrautza-gorringoa eta esnekiak.
– Omega-3 gantz-azidoak: fruitu lehorrak eta arrain urdina. - Proteinak: Gehitu apur bat proteina ugari dituzten elikagaien kontsumoa, asetasun-sentimena ematen duen hormonaren maila igotzeko. Adibidez: lekaleak (dilistak, garbantzuak, babarrunak, soja…) arrozarekin, arraina, haragia, arrautza, esnekiak…
- Fruitu lehorrak: Hamaiketako edo askari gisa, hartu gosea baretzen duten fruitu lehor batzuk (3-4 intxaur, 10-15 almendra-hur-pistatxo…).
- Zuntza: Areagotu zuntz ugari dituzten janarien kontsumoa (frutak, barazkiak eta produktu integralak), urdailean betetasun-sentimena eragiten dutelako
- Ura: Edan egunero litro bat edo bi litro ur inguru.
- Ariketa fisikoa: Praktikatu gustuko duzun ariketa fisikoa.
- Ekintza zerrenda egin: Osatu pentsamendua jatekotik urrutiratzeko gustukoak dituzun eta osasunerako onak izango diren ekintzen zerrenda bat.
- Erlaxazioa: Ikasi erlaxatzen, antsietatea sortzen duten tentsioak baretzeko eta jaten ez amaitzeko.
- Maitatu zeure burua: Onartu, maitatu zeure burua. Guztiok ditugu baloratzeko diren alderdi onak. Zuk ere bai. Hobeto sentitzeko lehen pausoa da. Izan ere, antsietatea maiz autoestimu-faltaren ondorioa da.
Nola tratatu
Askotan ez da erraza izaten gaixotasun hau diagnostikatzea, nerbio-hutsak direla pentsatzen dugu, eta hainbatek bere hartan jarrai dezake denbora luzean. Jateko antsietatea zerk eragiten duen aztertu behar da lehenik, sakoneko kausa tratatu gabe zaila baita gainditzea.
Eri horiei lagundu eta tratatzeko bai elikadura eta bai psikologi jokabideak dira landu beharrekoak. Beraz, bi profesional horien laguntza ezinbestekoa da: psikologoa eta nutrizio-aditua. Horiekin batera, oso lagungarriak dira erlaxazio-teknikak eta neurrizko ariketa fisikoa.