agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

Eskuliburua, genero-indarkeriaren aurkako tresna

2019an aurkeztu zuten ‘Genero-indarkeriaren eta sexu-erasoen aurrean nola jardun jakiteko gida’. Osakidetzako profesionalentzako tresna bat da, bortizkeria kasuetan laguntzeko. Menina saria eman diete oraintsu, genero-indarkeriaren aurkako borrokan egindako lanagatik.

Jarraibideak eta mekanismoak proposatzen ditu gidak, pazienteak identifikatzeko eta haiei laguntza eskaintzeko: osasun-langileek nolako urratsak eman behar dituzten aurrea hartzeko, detekzio goiztiarrerako eta esku hartzeko. Gidak aintzat hartzen du emakumeen testuingurua, eta kasu bakoitzerako konponbide bat proposatzen du. Izan ere, indarkeriak ziklo bat jarraitzen duela azpimarratzen du, eta fase bakoitzerako proposamen bat egiten du.

Askotariko arazoengatik jotzen dute bortizkeriaren biktimek osasun-sistemara; askotan sintomatologia aldakor eta zehaztu gabearekin. Sarri, antsietatearen, depresioaren eta lo-faltaren ondorio psikologikoak dira.

«BIKTIMA ASKOK SARRI JOTZEN DUTE OSASUN-SISTEMARA ASKOTARIKO SINTOMA ZEHAZTU GABEEKIN.»

Historia klinikoaren garrantzia azpimarratzen du gidak hainbat asistentzia mailaren arteko koordinaziorako. Osasun-langileei egoera erregistratzeko deia egiten die: zenbat ari den irauten bortizkeria, nolako harremana duen biktimak erasotzailearekin (bikotekidea edo bikotekide ohia den), seme-alaba kopurua, menpekorik ba ote duen, familiaren laguntzarik ba ote duen. Baita bizitza arriskuan ote duen ere. Kasu horietan, emakumeak hala jakinarazi nahi badu, berri ematen zaie epaitegiei. Gordetako informazio horrek biktimari lagun diezaioke salatzea erabakitzen badu.

Gidak argi adierazten du seme-alabak bortizkeriaren biktimak direla eta ondorio larriak izaten dituztela. Horregatik eskatzen die profesionalei adingabekoak kontuan hartzeko, haien ongizatea ziurtatzeko eta laguntza-prozesu bat garatzeko.

Bortizkeriaren biktimak artatzean, azaleko kontsolamendu-hizkeratik ihes egin behar dela nabarmentzen du gidak: «Egin dezakezu», «lasai, aterako zara», eta bestelakoak. Errealismoarekin jardun behar dela dakar, eta emakumeei lagunduz erabakiak hartu behar direla. Emakumeari helarazi behar zaio nolako aukerak dituen, eta osasun-sistemak zer egin dezakeen harengatik. Gidaren arabera, garrantzitsua da emakumeak erabakitzea noiz erabiliko dituen baliabide horiek, eta ezinbestekoa da ihes egiteko segurtasun-plana harekin adostea, fase horretara jauzi egitean bortizkeria handiko egoera bat sor daitekeelako.

«GIDAK AZPIMARRATU EGITEN DU ESPERANTZA FALTSUAK EZ DIRELA EMAN BEHAR, TRESNAK ETA AUKERAK BAIZIK.»

Gidak profesionalek egin beharrekoak zehazten ditu; baita egin behar ez diren gauzak ere; besteak beste: bortizkeriaren garrantzia apaltzea, jarrera paternalistarekin hitz egitea, farmakoak preskribatzea eta bikote-terapia proposatzea. Ardura hartu behar dutela eskatzen du gidak, ez arazotik aldendu, eta espreski adierazten du bortizkeriari buruzko informazioa jasotzean, pazientea ez dela beste profesional batengana bideratu behar lehen aukera moduan. Osasun-sistemaren barneko arloen eta erakundeen koordinazioa beharrezkoa den arren, helburu argiekin eta kontsentsuz egin behar dela nabarmentzen du gidak. Ez ardurak saihesteko.

«Bortizkeria ikusi nahi ez baduzu, ez badago zure radarrean, ez duzu ikusiko»

Marisol Diaz • Erizaina, gidaren egileetako bat eta genero indarkerian aditua.

Gida 2019an aurkeztu zenuten. Nolako emaitza izan du?
Gidak jokatzeko moduak proposatzen ditu zenbait testuingurutan. Kontua da pandemiak ezkutatu egin dituela bortizkeria-egoerak. Garai zaila da emakumeak osasun-sistemara hurbil daitezen. Hala ere, profesionalek ondo hartu dute gida. Edozein sanitariok jakin behar du bortizkeria bere radarrean izan behar duela. Irakurtzeaz gain, ekintzara jo beharra dago, diagnostikoa egin, eta martxan ipini gidan proposatzen diren mekanismoak. Gidak nola jokatu behar den azaltzen du, eta ez bakarrik bortizkeria fisikoa ikusten dugunean, hori errazen ikusten dena baita. Beste bortizkeria-mota batzuk zailagoak dira atzemateko: psikologikoa, sexuala eta sareen bidez egiten direnak. Gidak argi adierazten du emakumeak ez direla sartzen estandar bakar batean, eta argitzen saiatzen da bortizkeria bakoitzaren jatorria.

Nolako jarraibideak proposatzen ditu gidak?
Sistema batzuek galdera unibertsalaren alde egin dute: 14-16 urtetik gorako emakume guztiei galdetzea ea bortizkeriarik jasan duten. Guk ikusi dugu ez dituela emaitza onak izaten, baina gu ere ari gara bilaketa aktiboa egiten. Prochaska modeloa erabiltzen dugu; galdera-sorta baten bidez laguntzen du jakiten emakumea bortizkeriaren zein fasetan dagoen. Fase batzuetan, nahikoa da informazioarekin eta laguntza eskaintzearekin. Egoeratik atera nahi duenean, berriz, ekintza-plan bat garatzen dugu, eta sare bat osatu profesionalen artean.

Baliabide gehiago behar dira?
Askotan gidak eta baliabideak dauzkagu, baina gizarte matxista batean bizi gara, eta jokabide matxistak dauzkagu, eta ondorioak dakartza. Baliabideak beti izango dira urriak, emakume bakar bat hiltzen bada. Sisteman batzuetan koordinazio-falta dago, eta batzuetan profesionalek huts egiten dute. Bortizkeria ikusi nahi ez baduzu, ez badago zure radarrean, ez duzu ikusiko. Prestakuntza behar da. Askotan, hutsegite horiek berandu ikusten ditugu, baina konpondu behar dira hurrengokoentzat.

«Emakumeek sentsibilizazio handiagoa dutenez, errazago hautematen dituzte kasuak»

Maxi Gutierrez • Familia-medikua eta gidaren egileetako bat.

Erraza da indarkeria matxistaren biktimak identifikatzea?
Ez. Horretarako emakumeak kontatzeko nahia izan behar du, eta aukera. Momentuaren arabera, agian indarra du horretarako, baina kontuan izan behar dugu emakume hauek oso gaizkituta daudela psikologikoki. Aldagai askok baldintzatzen dute. Beldurra diote gerta dakiekeenari, beldurra haien erasotzaileek jakiteari zeozer esaten ari direla, beldurra ziurgabetasun ekonomikoari, eta beldurra seme-alaben etorkizunari. Horiek guztiek oso baldintzatzen dute emakumea, eta, batzuetan, ondo galdetu arren, ezinezkoa izaten da lortzea. Gainera, profesionalak baldintzatzen dituzten faktore asko gehitu behar zaizkio arazoari. Kasu askotan, profesionalek ez dute behar bezala miatzen. Denbora-falta, prestakuntza-falta, profesional batzuen sentsibilizazio-falta, era desegokian egindako galderak… Horiek izaten dira zailtasunak.

Emakumezko sanitarioek erraztasun handiagoa izaten dute emakume horiengana hurbiltzeko?
Emakumezko sanitarioek, oro har, sentsibilitate handiagoa izaten dute auziarekin, nolabait sentitzen dutelako konpromiso handiagoa dutela. Prestakuntza-saioetan gehienak emakumeak izaten dira, gizon askok sentsibilizazio-maila txikiagoa dute eta. Emakumeek sentsibilizazio handiagoa dutenez, errazago hautematen dituzte kasuak.

Biktimak era askotako minekin jotzen dute zuengana?
Bai, bortizkeriak askotariko sintomak eragin ditzake. Maila psikologikoan, sexualean, fisikoan… Askotan zehaztu ezin den egonezin bat eragiten du zenbait emakumetan, eta profesionalak ez daki ondo zer den, ez dakielako zergatik ari den gertatzen.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other