11 urte daramatza Asier Fernandez Duranak tabakoa uzteko tailerrak ematen Osakidetzan. Aukera ikusita, transformatzea proposatu, eta iazko ekainean sarera mugitu zuen proiektua, irisgarriago egiteko lanean ari den jendearentzat. 2020an 90 pertsonak hartu zuten parte, eta, aurten, 218k. Beste 40 bat ari dira itxarote zerrendan. Bi terapeuta ziren hasieran; orain, zortzi. Euskal Autonomia Erkidegoko edozein lekutatik parte har daiteke.
Zelan funtzionatzen dute tailerrek?
Guk taldeetan egiten dugu lan. Alde batetik, tresna informatiko bat ematen diegu parte-hartzaileei; leku bat, guk zintzilikatutako edukiak kontsultatu ditzaten. Beste alde batetik, aurrez aurreko saioak ditugu. Astean behin egiten ditugu; plataforma horretan agertzen dena lantzen dugu, eta talde-dinamika bat sortzen. Foroetan lantzen dituzte edukiak.
Egokia da talde-lana tabakoa uzteko?
Osakidetzan banaka eta taldeka egiten ditugu tailerrak, eta antzeko emaitzak ematen dituzte. Talde-lana tabakoa uzteko modu bat da, badirudielako talde-dinamikek laguntzen dutela elkarren ezagutzak erakusten.
Tabakoa uzteko pauso jakin batzuk daude?
Taldeak egutegi bat du. Parte-hartzaileek, oro har, bi astez tabakoaren kontsumoa gutxitzen dute, eta hirugarren astetik aurrera lagatzen dute. Hori izaten da gure proposamena, baina gero bakoitzak lagatzen du nahi duenean. Talde-dinamikari jarraitu nahi diotenek bai utzi behar izaten dute egutegiaren arabera.
Denak ez dira gai, ezta?
Ez, batzuk ez dira gai. Banaka zein taldeka gertatzen da hori. Tresna edo modu horiek parte-hartzaileen esku jartzen ditugu, baina bakoitzaren gaitasunak zerikusia du. Guzti-guztiek ez dute lortuko. Horietako batzuek utziko diote erretzeari, eta tabakoa uzten ez dutenek, behintzat, tresna batzuk izango dituzte bizitzaren beste momentu batean erabiltzeko, haientzat aproposagoa denean. Nahiz eta helburu nagusia ez lortu, beti irabazten dute zeozer.
Zer-nolako tresnak izaten dira?
Estrategiak deitzen diegu. Hasteko, motibazioa landu behar da. Funtsezkoa da beren motibazioa erronkari aurre egiteko. Haientzat gogorra da, eta onura batzuk ikusi behar dizkiote prozesuari. Horregatik lantzen dugu motibazioa lehenik. Behin hori landuta dutela, tresnak ematen dizkiegu: psikologikoak zein farmakologikoak. Ikusi da tresna farmakologikoak ezinbestekoak direla pertsona batzuentzat. Saiatzen gara parte-hartzaileek tabakoa erretzen duten momentuen arteko tartea luzarazten; hori izaten da lehen helburuetako bat. Gainera, haiek barruan dauzkaten baliabideak ateratzea nahi izaten dugu. Egiaztatu diren tresnak dira.
«METODO HONEKIN, INFORMATIKA-EZAGUTZAK DITUZTEN GUZTIENGANA HEL GAITEZKE»
Saioak astez aste egiten dituzue, baina azkena aste batzuetara. Zergatik?
Lau aste jarraian izaten dira, astero saio bat. Hirugarren eta laugarren astean uzten diote erretzeari, eta hortik hiru edo lau aste igarotzen dira berriro batu arte. Hor ikusten dugu lortu duten eta nolako zailtasunak dituzten. Erabakia nola edo hala indartzeko egiten dugu hori. Saio horietaz gain, hiru hilabetera, sei hilabetera eta urtebetera telefonoz deitzen diegu ikusteko zelan doazen.
Nolako arrakasta izaten du?
Normalean % 30 eta % 40 artean dago. Hori lehen emaitza izaten da, tabakoa uzten dutenen kopurua. Agian, zailena da erabaki horri eustea, asko eta asko itzuli egiten direlako tabakora. Hala ere, gure emaitzak oraindik aztertu gabe daude, duela hemezortzi hilabete hasi baikinen metodo berriarekin.
Tabakoa uzten dutenetako asko erretzera itzultzen dira, batzuk urteetara. Zergatik gertatzen da?
Guk uste dugu tabakoaren adikzioa ez dela bakarrik fisikoa. Badaude beste osagai batzuk, osagai soziala eta osagai psikologikoa, esaterako. Erretzera bultzatzen duten faktore batzuek hor jarraitzen dutenez, batzuk itzuli egiten dira hartara. Sasoi txarrenetan arrisku handiagoa dago berriz erretzen hasteko, eta horiei aurre egiteko modua lantzen da tailerretan.
Badago jendea hipnosiarekin eta bestelako teknikekin lan egiten duena. Pseudozientzia dira?
Guk emaitzak erakutsi dituzten teknikekin egiten dugu lan, eta guk dakigula hipnosiak ez du halakorik erakutsi. Ez, behintzat, metodo zientifikoaren arabera.
Aipatu duzu paziente batzuek botikak behar dituztela tabakoa uzteko. Zenbat izaten dira?
Taldearen araberakoa da. Dakiguna da menpekotasun fisiko gehiago dutenek onura handiagoa ateratzen dietela botikei. Orduan, botikak emateko orduan, ona da bakoitza nola dagoen eta nikotinaren menpe zenbateraino dagoen jakitea. Horretarako badaude test batzuk.
Orduan menpekotasun fisikoa eta psikologikoa eragiten ditu tabakoak?
Baita soziala ere. Menpekotasun fisikoa nikotinak sortzen du. Zigarro asko erretzen dituztenek jasaten dute, erre gabe ordu gutxi ematen dutenek. Beste erretzaile batzuk ordu asko egon daitezke erre barik, baina badakite asteburuetan lagunekin irteten direnean ezingo direla egon erre barik. Horiek agian gutxi erretzen dute, baina ezin dituzte ohiturazko zigarro horiek kendu. Horiei tratamenduak ez die hainbeste laguntzen.
Zuengana jotzen duen profil zehatz bat dago?
Ez. Metodo honekin, alternatiba bat eskaintzen diogu beste metodo batzuk saiatuta etortzen den jendeari. Badago jende gaztea eta ez hain gaztea asti aldetik larriago dabilena eta anbulatoriora joateko zailtasunak dituena. Metodo honekin, informatika-ezagutzak dituzten guztiengana hel gaitezke. Gehienbat 40-60 urte arteko jendea izaten da: lan egiten dutenak eta anbulatoriora joateko astirik ez dutenak.
Goizez eta arratsaldez dituzue saioak.
Bai, terapeuta batzuk daude, eta saiatzen gara ahalik eta ordutegi gehienak eskaintzen, ahalik eta jende gehienarengana iristeko.
Zu zeu erretzaile ohia zara?
Ez. Batzuetan erre izan dut, baina inoiz ez naiz heldu menpekotasunik nabaritzera. Tailerretan beti galdetzen didaten arren, ez dut uste garrantzirik duenik. Erretzen duen pertsona bati laguntzeko, ulertu egin behar zaio. Batzuetan familiakoek nahi izaten dute batek tabakoa uztea, eta presio handia nabaritzen dute. Lagundu egin behar zaio utzi nahi duenari, baina errespetuarekin eta haren jarrera ulertuz.
Ez da ona presionatzea?
Ez. Medikuak, erizainak eta osasun-teknikariak gara; beraz, jakinarazi behar diegu pazienteei zein ohitura diren kezkagarriak, baina errespetatzen ditugu haien erabakiak. Badakigu prozesu zaila dela, eta, erretzaileek uzten ez dutenean, askotan ez da beraiek nahi ez dutelako baizik eta ezin dutelako, eta ulertu behar zaie. Dena dela, ahal beste esfortzu egin behar dugu erretzaileari tabakoa zein kaltegarria den ikustarazteko, bai berarentzat baita ingurukoentzat ere. Betiere, errespetuz.
Osasun-arazoak izaten dituzte zuengana jotzen dutenek?
Era guztietako jendea dator. Batzuk, osasun arazo bat izan dutelako; beste batzuk, inguruan ikusi dutelako; eta beste batzuk, beldurra dutelako. Denetarik dago, badago seme-alabentzako eredua izan nahi duen jendea, eta badago tabakoaren morroi sentitzen den jendea.