agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

COVID iraunkorra: aitortza eskatzen dute

Isabelle Delgado eta Sonia Bilbao • Long Covid Euskal Herriako kideak

COVID-19 iraunkorra daukate koronabirusak kutsatuta gaixotu diren hainbatek. Probetan negatibo eman arren, hilabeteak igarota sintomekin jarraitzen dute. Elkarteek eskatu dute zenbaketa bat egiteko, protokoloak zehazteko eta unitate espezializatu bat sortzeko: baztertuta sentitzen dira.

Urtebete baino gehiago igaro da COVID-19ak kutsatutako lehen kasuak atzeman zituztenetik. Hainbat pazienteren kasuan, gaixotu eta bi asteren buruan-edo sendatu egiten dira, baina badira COVID-19 iraunkorra deritzona pairatzen ari direnak ere. Horien kasuan, koronabirusa izan eta hilabeteak igaro ondoren ere, sintomak izaten jarraitzen dute. Besteak beste, sukarra, eztul lehorra eta narritagarria, arnasteko zailtasuna, aire-falta, nekea, buruko mina, disfagia, beherakoa eta usaimena eta dastamena galtzea izan ohi dira sintometako batzuk.

Azken hilabeteotako garapena ikusita, zenbait herrialdetan, hala nola AEBetan, Erresuma Batuan, Frantzian eta Italian, errealitate hori aztertu eta ondorioztatu dute, baina Euskal Herrian eta Espainian, bestelakoa da egoera: kasuaren arabera, modu batera edo bestera artatzen dute sintoma horiek dituen pazientea, eta horrek adierazten du ez dagoela gaixotasunaren bilakaera mota horri heltzeko protokolorik. Ez dago unitate espezializaturik, eta medikuentzat ezezaguna da patologia mota hori. Horren ondorioz, ez da diagnostikatzen, nahiz eta OMEk eta Osasun Ministerioak behin baino gehiagotan onartu duten.

«GEHIENAK EMAKUMEZKOAK DIRA (%79) ETA BATEZ BESTE 43 URTE DITUZTE»

Mediku Orokorren eta Familiakoen Espainiako Elkartea (SEMG) hasia da bide horretan urratsak egiten. Besteak beste, lankidetza-proiektu bat dauka Espainiako 27 elkarte zientifiko eta paziente kolektiborekin, eta haien helburua da COVID iraunkorrari buruzko gida kliniko bat egitea. Horrez gain, osasun erantzun egokiago bat eman nahi diote kutsatutako pertsonei, ikusita gero eta jende gehiago dagoela multzo horretan, eta beraz osasun-arloko premiak gero eta handiagoak direla. Elkarte horrek egindako ikerketa baten arabera, COVID iraunkorra dutenen artean gehienak emakumezkoak dira (% 79), eta batez beste 43 urte dituzte; hau da, 36 eta 50 urte artean kokatu ohi dira.

Euskal Herriko elkartea
Elkarte ugari sortu dira COVID iraunkorraren harira, eta Euskal Herrian ere bada horrelako kolektibo bat: Long Covid Euskal Herria. Zehazki, 2020ko maiatzean sortu zuten, eta Kataluniako, Madrilgo eta Valentziako elkarteekin dauka lotura. Elkarte hori sortu zuten gehienbat aldarrikatzeko gaixo daudela, eta, beste edozeinek bezala, osasun-arreta eskatzeko eskubidea daukatela.

«EZ DAGO GAITZAREN BILAKAERA MOTA HORRI HELTZEKO PROTOKOLORIK»

Ildo horretan, sei eskakizun egiten dizkiete erakundeei: batetik, COVID iraunkorra dutenak zenbatzea; bestetik, gainerako autonomiekin batera eta irizpide zientifikoak kontuan hartuta, protokolo egokiak definitzea; gero, osasun-agintariek lehentasuna ematea COVID iraunkorra dutenen arretari; horrekin batera, lehen mailako arretarako bitartekoak zabaltzea eta fakultatiboen koordinazioa hobetzea; halaber, eskatzen dute ez daitezela COVID iraunkorraren jarraipenetik eta tratamendutik kanpo geratu antigorputzen eta PCR probetan emaitza negatiboa eman zuten kasuak; eta azkenik, garrantzitsutzat jotzen dute inplikatutako eragile guztiei entitate patologiko horri buruzko informazioa eta prestakuntza ematea.

 

«Nire bizitza berreskuratu nahi dut»

Sonia Bilbao • Long Covid Euskal Herriako kidea

43 urte ditu, eta bizitza guztiz aldatu zaio COVID gaitza hartu zuenetik. Ordura arte kirolaria izan da, eta ez zuen inongo patologiarik. Gaur egun, ez da lan egiteko gai ere.

Noiz gaixotu zinen?
Martxoaren 6an gaixotu nintzen, hasiera-hasieran. Lanetik bueltan, ez nintzen ondo sentitzen, nekatuta nengoen. Martxoaren 20an, ez nintzen ohetik jaikitzeko gai. Ezin nuen arnastu, goragalea nuen… Garai hartan, medikuak larrialdietara ez joateko gomendatzen zuen, gainezka zegoelako, eta telefonoz izaten nuen kontsulta. Albaitaria naizenez, neure burua auskultatzen nuen.

Zer ondorio izan zenituen?
Oso egun gutxian 12 kilo galdu nituen. Ezin nuen irentsi, eta usaimena eta dastamena galdu nituen. Noski, ez zidaten PCRrik egin; ez nintzen medikuarekin aurrez aurre egon. Egoeragatik ez balitz, ospitaleratuta egongo nintzatekeen. Nire etxean galdu egiten nintzen: desorientatuta nengoen. Egunak pasatu ahala, ez nuen hobera egiten: sukarra nuen, beherakoa…

Noiz egin zizuten lehen PCR proba?
72 egunera-edo egin zidaten, eta, noski, negatibo eman nuen, baina ez nengoen ondo. Koronabirusaren sintoma guztiak nituen. Ez nuen ezertarako indarrik, eta egun batzuetan ohean bakarrik egon nintekeen.

Zer sintoma dituzu egun?
Lehen egunero oso gaizki sentitzen nintzen, baina abuztuan pixka bat hobetu nintzen. Lehen aldiz maiatzean atera nintzen etxetik. Abuztuan, batez ere kognitiboki egin nuen hobera, aurretik ez bainekien zer gertatzen zitzaidan. Halere, egunaren arabera izaten da. Aurreikuspen falta daukat, ez baitakit noiz jarriko naizen gaizki. Nire bizitza berreskuratu nahi dut.

«Informatuta egoteak dena hobeto eramaten laguntzen dit»

Isabelle Delgado • Long Covid Euskal Herriako kidea

Martxoaren 11n gaixotu zen, pandemia lehertu berritan. Arratsaldero dauka sukarra, eta eztul handia du etengabe. Kognitiboki baino gehiago, gaitzak fisikoki egin dio eraso.

Noiz joan zinen ospitalera?
Nire medikuak esan zidan ziur koronabirusa nuela, baina ahalik eta gehien aguantatzeko etxean. Apirilaren 27an ospitalera joateko esan zidan, eztul zakarra nuelako, eta beldur zen. Ospitalera iritsi orduko, bazekiten gaixo nengoela, gaizki ikusten nindutelako, baina PCR proba egitean negatibo eman nuen. Proba serologiko bat egin zidaten, eta hor positibo eman nuen. Zorionekoa sentitu nintzen, behintzat banuelako koronabirusa izan nuela frogatzeko zerbait.

Zergatik ikusi zintuzten gaizki?
Eztul izugarria nuen, ilea erortzen zitzaidan, begi-zulo izugarriak nituen. Begi bistakoa zen ez nengoela ondo. 59 egunez egon nintzen etxetik atera gabe. Etzanda jaten nuen, buruko mina jasateko, eta goserik ez edukita ere, indarra hartzeko behar nuelako. Gainera, bi aste eta erdiz-edo toalla bustiak jarri nituen buruan. Disfagia maila oso altua nuen, eta egun ere badaukat.

Aurreko sintomez gain, beste zerbait diagnostikatu dizute?
Orain dela hiru aste inguru, hipertiroidismoa diagnostikatu didate. Ez dakite koronabirusaren ondorioa izan ote den, baina kontua da gaixotu baino lehen ez nuela halako arazorik. Anbulatoriora joatean, ez dakit nora joan behar dudan, ezta zein gelatan itxaron behar dudan ere, ez baitago protokolorik gure kasuarentzat. Nire medikuak txosten bat egin dit COVID iraunkorra dudala azalduz; laguntza hori badaukat behintzat. Bestela, ez dugu justifikatzeko modurik.

Jendeak nola erantzuten du?
Eztul asko egiten dudanez, gaizki begiratzen didate. Behin ez zidaten anbulatorioan sartzen utzi, eta nire medikuari deitzeko eskatu behar izan nien. Ez dut kutsatzen, baina oso frustragarria da. Gazteak gara, eta ez daukagu bizi-kalitate onik. Mugitzen hasi orduko, oso nekatuta sentitzen naiz, eta airea falta zait.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other