Ana Santorcuato Bilbao medikua da Gurutzetako Ospitaleko Larrialdietako Zerbitzuan, eta berak eta Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko hainbat profesionalek «Generoa eta osasuna» izeneko atal bat sortu dute erakundeko intranetean. Bertan, langileek baliabide ugari izango dituzte eskura genero-perspektiban sakontzeko.
Nondik sortu zen ekimen hau?
Tailer batetik sortu zen. Osakidetzak deialdi bat egin zuen bortizkeria sinbolikoari buruz 2018an. Ni feminista naiz; parte hartzeko proposatu zidaten, eta ikusi nuen interesgarria zela. Medicus Mundik landu zuen edukia, eta Irantzu Varela kazetaria eta feminista izan zen dinamizatzailea. ESI honetako bost emakume izan ginen: Margarita Saenz Herrero psikiatra, Rosa Calvo Martinez familia-medikua, Amaia Apraiz Zarandona gizarte-langilea, Rosa Herrero Simón erizaina —gerora taldea utzi zuena— eta ni neu. Tailerra oso interesgarria iruditu zitzaigunez, horko edukiak gure ESIra bideratzeko beharra ikusi genuen. Bilerak egiten hasi ginen, eta lehen ideia izan zen bortizkeria sinbolikoa ezagutaraztea. Horretarako, bide onena intraneta iruditu zitzaigun; lehenik Elena Uria Etxebarria eta gero Beatriz Cubeiro Lopez Programa Komunitarioen gainbegiraleei esker Berrikuntza gunean aurkeztu genuen proposamena, eta onartu egin zuten.
Taldea oso txikia da, baina aberatsa eta diziplina anitzekoa. Genero ikuspegia txertatu nahi genuen osasungintzan, aldagai asko daudelako osasunean –maila sozioekonomikoa edo adina– baina generoak berebiziko garrantzia du, eta hori azaleratu nahi genuen. Uste dugu nahiko ahaztuta eta ezkutuan dagoela, eta, paradoxikoki, lege eta plan estrategiko gehienetan nahiko goian agertzen da. Esaterako, Osakidetzak 2019an aurkeztu zuen Genero indarkeriaren eta sexu erasoen aurrean nola jardun jakiteko gida, eta aurretik zegoena baino askoz hobea da. Ba profesional gehienek ez dakite erabiltzen, eta larria da, zeren, gida oso ona izan arren, ez baitute ezagutzen.
Zergatik ez dakite erabiltzen? Formazio-faltagatik?
Bai, noski. Bere sasoian, Osakidetzak gida aurkezteko plan bat sortu zuen, baina pandemia zela eta, bertan behera utzi zuten. Kontua da nik sakon begiratu nuela, interesa neukalako, eta orain badakidala erabiltzen, baina ez daukat formazio espezifikorik hori erabiltzeko. Gure esparruan saiatu gara genero-perspektiba txertatzen. Generoa da osasuna azaltzeko aldagai esplikatibo bat; ez da bakarrik kontu biologiko bat. Gizarteak gauza desberdinak eskatzen dizkie emakumeei eta gizonei.
«MAILA SOZIOEKONOMIKO ETA KULTURAL ALTUA DUTENEN ARTEAN ERE, EMAKUMEEN OSASUN MENTALA ASKOZ TXARRAGOA DA»
Gure intranetean hainbat eduki bildu ditugu: berdintasun politikek esaten dutena, Munduko Osasun Erakundeak dioena, Europako erakundeek diotena, Osakidetzako materialak… Adibidez, 2018ko EAEko Osasun Inkesta (EAEOI) ezinbestekoa da. Argazki bat da, gu nolakoak garen. Inkesta horretan ikusten da emakumeen osasunaren pertzepzioa txarragoa dela gizonena baino, nahiz eta bizi-itxaropena luzeagoa izan. Hau da: emakumeok gehiago bizi gara, eta sentitzen dugu txarrago bizi garela. Osasun mentalari dagokionez, berdin. Maila sozioekonomiko eta kultural altua dutenen artean ere, emakumeen osasun mentala askoz txarragoa da. Nik ikusiko banu gizarte batean talde batek arazoak dituela, estrategia bat bilatuko nuke arin. Oso larria da. Gainera, inkestak zaintza arloko datuak ere ematen ditu. Emakumeek ordu gehiago bideratzen dituzte zaintza lanetara. Hori badakigu. Harrigarriena zera da, maila ekonomikoa aztertuz gero emakumea zenbat eta aberatsagoa izan orduan eta zaintza lan gutxiago egiten dituela, baina gizonen kasuan, ez. Gizonen kasuan berdin dio maila ekonomikoak; beti egiten dituzte ordu gutxiago.
Baita maila ekonomiko apalena dutenek ere?
Bai, bai. Oso datu argigarria da. Argazki hori ikusita, badakigu non gauden. Arazo horrekin zer egin behar dugu? Guk proposatzen dugu osasungintzan genero-ikuspuntua sartzea. Iruditzen zaigu premiazkoa dela sanitarioen formakuntzan txertatzea. Sortu dugun intraneteko sailaren bidez, emakume bat arazo batekin badatorkizu erantzunak aurki ditzakezu. Lehen, halako arazo bat goizaldeko hiruretan agertzen bazitzaidan, pentsatzen nuen: “Eta orain zer egingo dut, polizia-etxera deitu?, gizarte langileari?”. Orain, eskura ipini ditugun edukietan zerrenda bat dago kontaktu guztiekin. Bertan agertzen dira dauzkagun baliabideak eta zertarako balio duten.
Genero desberdintasunak hobeto ulertzeko, gaixotasun bera duten emakumeei tratu desberdina ematen zaie gizonekin alderatuta?
Hori esateko ebidentzia zientifikoak behar ditugu. Hori ikerketen bidez lortzen dugu, baina askotan emakumeak ez daude gizonak beste ordezkatuta. Zenbait ikerketatan, unibertsoaren % 30 edo % 20 bakarrik izan dira. Beraz, informazio gutxiago dugu emakumeei buruz. Kardiologian, adibidez, datuak dauzkagu esateko emakumeengan proportzio txikiagoan erabiltzen direla tratamendu batzuk patologia beretan, nahiz eta ikerketek ez berretsi hala egitea (Espainiako Kardiologia Elkartearen 2008ko «Emakumearen gaixotasun kardiobaskularrak, Espainiako egoeraren ikerketa»). Esaterako, emakumeei gutxiago ematen zaizkie kolesterola saihesteko pastillak, buruan iltzatuta daukagulako emakumeek bihotzetik gutxiago sufritzen dutela. Egia da: emakumeek proportzio txikiagoan sufritzen dituzte bihotzekoak, baina babes bera eman behar zaie. Kontua da ikerketa gutxi daudela horri buruz, edo ez direla diseinatzen era apropos batean. Emakumeei ere esan behar zaie bihotzeko arazoak izan ditzaketela eta sintomak zein diren azaldu. Neurtuta dago emakumeak beranduago joaten direla osasun-zentroetara, eta denbora funtsezkoa da bihotzekoetan. Ikerketa horietarako estekak txertatu ditugu gure «Generoa eta osasuna» atalean.
Baliabide gehiago bideratu behar dira genero-ikuspegia txertatzeko Osakidetzan?
Bai, noski. Nik uste dut formakuntzan zein lan-arloan norabide horretan egin behar dugula aurrera. Osakidetzak ikus dezake nork eskatzen dituzten zaintza-baimenak, eta hori datu objektibo bat da. Zaintza-baimenak eskatzen dituztenek profesionalki hobetzeko aukera berak dituzte? Galdera horrekin gogoeta asko egin daitezke.