agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

Perun elkarlanean koronabirusaren aurka

Osakidetzako hamahiru langile Perun koronabirusaren aurka aritu dira lanean, joan den udan. Batik bat, antolakuntzan eta formakuntzan lagundu diete hangoei: kutsatuak eta ez-kutsatuak bereizten, protokoloak behar bezala aplikatzen, eta abar. Materiala ere eraman dute.

COVID-19ak eragindako pandemiak gogor astindu ditu bazterrak, bai Euskal Herrian eta bai munduko hainbat eta hainbat herrialdetan. Azken hilabeteotako egoera gogorrak agerian utzi du kooperazioaren eta elkarlanaren garrantzia eta beharra. Hain zuzen, uztail hasieran, Osakidetzako hamahiru profesionalek erabaki zuten maletak ikasitakoaz eta esperientziaz bete eta Ozeano Atlantikoa zeharkatzea: Perura joan ziren COVID-19ari aurre egiten laguntzera. Garai horretan, Peru gaixotasunaren epizentroan zeuden herrialdeetako bat zen, eta ezinbestez behar zuten laguntza. Urtarriletik uztailera 10.226 lagun hil ziren Perun koronabirusaren ondorioz, datu ofizialen arabera; abendura bitarte, berriz, 35.923 dira hildakoak.

Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak ekainean egindako azterketa baten arabera, Peru zen Latinoamerikako herrialdeetan premiarik handiena zutenetako bat. Hori dela eta, laguntza-eskaera bat egin zien Espainiako autonomia erkidegoei, eta Eusko Jaurlaritza izan zen laguntzeko prest agertu zen bakarra. Bost izan ziren zehaztutako helburu nagusiak: esku hartzeko guneetan transmisio-maila komunitarioa eteten laguntzea; paziente kritikoen arreta sendotzea, zehazki ZIUn eta ospitale identifikatuetan; ospitale barruan COVID guneak eta bestelakoak bereizteko zirkuituak eta tratamendu- protokoloak zehazten laguntzea; langileen prestakuntza eta autonomia sustatzea; eta, amaitzeko, egungo egoeran “funtsezkotzat» jotzen diren medikamentu eta ekipamenduez hornitzea.

«INTERESGARRIA IZAN ZEN LEHEN MAILAKO ARRETA ETA ARRETA KOMUNITARIOA UZTARTU AHAL IZATEA»
Ismael Diez

Gauzak horrela, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia eta Osakidetza lanean hasi ziren Perura joango zen taldea osatzeko. Osakidetzako hamahiru osasun-langilek eman zuten izena, erizain eta fakultatiboen artean. Profesional horietako batzuk COVID gaixoen arretan arituak ziren, kritikoen unitateetan. Horiez gain, Aragoiko osasun-zerbitzuko kide bat gehitu zen taldera. Ismael Diez del Val Basurtuko Ospitaleko zirujaua izan zen taldeko koordinatzailea. Mugarik Gabeko Medikuekin sarritan ibilitakoa da; Afganistanen eta Kanbodian, esaterako. Azaldu duenez, «egonezin handia» zuten Perura joan baino lehen: «Momentu horretan, pandemiaren kurban zeuden, guk dagoeneko pasatuta genuena. Esan ziguten kutsatu asko zeudela, gaixo asko, leku batzuetan egun batetik bestera lagun asko hiltzen zirela, osasun-langile asko ere kutsatuta zeudela eta bajan… Beharrak oso argi zeuden».

Arantxa Rina haur bat artatzen, Perun.

Antolakuntzaren premia

Oro har, Diezek azaldu du Peruko osasun-sistema ez dela txarra, ospitaleek azpiegitura nahiko onak dituztela, eta material-falta handirik ere ez zutela. Halaber, esan du aberastasuna ez dagoela oso ongi banatuta, eta Limatik kanpo dauden ospitaleek arazo gehiago dituztela; besteak beste, langile formatu gutxi eta osasunerako sarbidea. Langile batzuk Huanucon aritu ziren, eta beste batzuk Tarapoton, Amazoniatik gertu zegoen eskualde batean, hiriburutik urrun. Herritarrak beldur dira: «Teorian osasuna dohainik den arren, jende askok uste du ospitaleak arriskutsuak direla, bertan hil egin zaitezkeelako. Horregatik, segur aski, asko berandu joaten dira; nork bere kabuz hartzen ditu sendagaiak, eta petrikiloengana jotzen dute laguntza-eske».

Arantxa Rina Lerma da profesional-talde horretako beste kideetako bat, Bizkorketako erizaina bera Basurtuko Unibertsitate Ospitalean. Asko pentsatu gabe erabaki zuen izena ematea. Izan ere, aurretik ere ibili da kooperazio-lanetan, horri buruzko hainbat ikasketa egin ditu, eta Kolonbian zein Nikaraguan izana da. Elkarlanean aritzearen garrantzia nabarmendu du, eta adierazi du oso baliagarria izan dela batak bestearengandik ikasteko: «Kooperazio-lana egitera joaten zarenean, aurreiritzirik gabe joan behar duzu erronkei aurre egiteko. Hutsak egin ditugun bezala, beste gauza batzuk ere ondo egin ditugu, eta horien artean talde-lana azpimarratu nahiko nuke; ideia argi batekin goaz: inork ez du ezer inposatuko; entzun egingo dugu, eta ezagutzak, hutsak nahiz ondo egindakoak partekatuko ditugu, eta, horrela, ikasi egingo dugu».

«OLATUAK ETORRI ETA JOAN EGITEN DIRA, ETA TXERTOA EZ DA KONPONBIDEA IZANGO»
Arantxa Rina

Jakintzaz gain, materiala ere eraman zuten: arnasgailuak, aireztapen mekaniko ez-inbaditzaileko unitateak, fluxu handiko oxigeno-ekipamenduak eta monitorea, norbera babesteko ekipamenduak eta botikak. Taldeko koordinatzaileak adierazi du babesteko ekipamenduak eta botikak zirela gehien falta zirenak. Arazorik handienetako bat kutsatuak eta kutsatu gabeak bereizteko zirkuitua izan zen: «Lehen kasuak hastean, horiek artatzeko karpa batzuk jarri zituzten ospitale-atarian, gaixoak ospitaletik kanpo egoteko. Baina horrek gainezka egin zuen, eta barrura sartzen hasi zirenean, eromena izan zen, dena oso gaizki antolatuta zutelako», azaldu du. Rinak asistentziaren nondik norakoak azaldu ditu: «Txostenak zituzten, gomendioak, mundu mailan jarraitzen ziren protokoloen oso antzekoak. Alabaina, ez zituzten erabat betetzen. Horregatik, gure lana izan zen haien gomendioetan oinarritutako formakuntza bat ematea, baita gure jakintza eta laguntza ere; adibidez, beste herrialdeetan dagoeneko erabiltzen ez zen botika bat ematen zieten pazienteei, eta guk hori ez emateko gomendatu genien».

Kolaborazioa jomugan

Bi profesionalak oso pozik itzuli dira Perutik. Argi daukate kolaborazioa ezinbesteko tresna dela gizartean aurrera egiteko. Honela azaldu du Diezek: «Pertsonen eta Mugarik Gabeko Medikuak erakundearen elkarlana nabarmendu nahiko nuke. Oso garrantzitsua da komunitateetan integratzeko eta arazoak baloratzeko duten gaitasuna, baita gaitasun logistikoa ere. Oso interesgarria izan zen lehen mailako arreta eta arreta komunitarioa uztartzea. Orain dena ebaluatzeko garaia da. Ezagutzeko dagoen bide bat da, baina mota horretako kolaborazioak interesgarriak izan daitezke». Horrez gain, azaldu du Osasun Saila eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia etorkizunean gobernuz kanpoko erakundeekin lankidetza mota horretan aritzeko aukerak aztertzen ari direla.
Rina ere «duda barik» animatuko litzateke berriz ere halako abentura batera: «Erizainen taldea krisi guztietan egon da, baita honetan ere. Kooperazioa ezinbestekoa da osasun globalerako. Infekzioa nola hedatzen den ikusita, denok jarri behar dugu gure partetik irtenbide bat bilatzeko. Beste herrialdeak ondo ez badaude, denok gaude gaizki. Olatuak etorri eta joan egiten dira, eta txertoa ez da konponbidea izango. Banakako neurriak hartu behar ditugu, horiek baitute eragina gizartean eta COVIDaren aurkako borrokan».

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other