Ahots-banku bat jarri dute martxan EHUko Aholab ikerketa-taldeak eta Biocrucesek, Restore egitasmoaren barruan. Ahotsa galduko dutenek eta dagoeneko galdu dutenek gailu elektronikoetan euren ahots sintetiko pertsonalizatua erabili ahalko dute: aplikazio baten bidez, idazten dutena erreproduzituko da.
Ahotsarekin egiten du lan Inma Hernaezek; ahotsa da haren lanabes nagusia. Euskal Herriko Unibertsitatearen Bilboko Ingeniaritza Eskolako katedraduna da, eta EHUko Aholab ikerketa taldeko ikertzailea. Ahotsaren prozesaketaren arloan dihardu, hain zuzen, eta hor kokatzen da ahots sintesia: testu bati ahotsa jartzean datza, ahots bihurtzean. Azken urteotan, ahots sintetiko pertsonalizatua lantzen aritu dira: pertsona baten grabazioetatik abiatuta, ahots sintetiko pertsonalizatuak sortu dituzte, pertsonaren ezaugarrietara egokitzen den ahots sintetikoa.
Ahotsa galduko dutenentzat eta ahotsa galdu dutenentzat egin dute lan. Horietako gehienek AEA alboko esklerosi amiotrofikoaren gaitza dute, eta, normalean, komunikatzeko gaitasuna galtzen dute. Multzo horretan daudenez gain, oso erabilgarria da laringektomia bat izan dutenentzat ere; izan ere, laringektomia bat egiten dietenean, laringe osoa galtzen dute, eta hasieran, behintzat, hasierako hilabeteetan, ezin izaten dute hitz egin; berriz ere ikasi behar izaten dute hitz egiten. Ondoren, hestegorritik hitz egiten ikasten dute, oro har.
«GURE ARAZOA ZERA DA, AHOTS HORI BEHAR DUEN JENDEAK EZ DAKIELA ZERTARAKO DEN, ZELAN ERABILI AHAL DUEN»
Horretan lan egiten dutenen interesak bultzatuta elkartu ziren Aholab eta Biocruces. Elkarlanean aritu dira, Hernaezek adierazi duenez: «Hainbat medikuz osatutako talde bat sortu genuen, otorrinoekin. Haien funtzioa zen, batez ere, informazioa ematea, eta gaixoari ebakuntza baino lehen ahotsa emateko aukera eskaintzea: ahotsa grabatzea, eta gero sintetizadore bat erabili beharko balu, bere ahotsa erabili ahalko genuke, eta ez ahots sintetiko generiko bat». Ospitalean dagoen batek hitz egin ezin duenean, alfabeto baten bitartez edota irudi batzuen bitartez komunikatzen da gainerakoekin. Ariketa horri gailu elektronikoak gehitu nahi izan dizkiote, erabiltzaileak beren ahotsarekin identifikatuta senti daitezen: «Horren ordez, taula bat erabil dezakezu, zeinetan irudi berdinak dituzun, baina ahotsarekin. Zuk sinbolo bat aukeratzen edo idazten baduzu, makinak altuan esango du». Funtsean, komunikatzeko tresna bat da. Halaber, laringea galdu dutenen artean, Hernaezek esan du adina zailtasun bat izan ohi dela sarritan: «Gehienak nahiko nagusiak izaten dira, eta zailtasunak izaten dituzte gailu elektronikoak erabiltzeko».
Ahotsa identitatearen parte
«Ahotsa galtzen baduzu, zure identitatearen parte bat galtzen duzu. Ahotsa beharrezkoa da taldeko kide sentitzeko», nabarmendu du Hernaezek. Hori dela eta, egitasmoaren helburuetako bat izan da ahots pertsonalizatuak ematea. Ahots-banku bat sortu dute, eskari guztiei erantzuteko eta ahotsa galdu dutenen edo galduko dutenen premiak estaltzeko. Horren bidez, ezaugarri desberdinak dituzten ahotsak batzea zuten helburu, ahots estandarrak erabili beharrean pertsona horien ezaugarrietara egokituko den ahotsa erabiltzeko. Izan ere, ahots estandarrak oso kalitate onekoak diren arren, gerta daiteke pertsona bat ahots horrekin identifikatuta ez sentitzea. Hernaezek esan du oso erantzun ona izan duela ahots-bankuak, eta askok eman nahi izan dutela euren ahotsa. Haatik, kanpora begira ikusi ditu zailtasunak: «Gure arazoa zera da, ahots hori behar duen jendeak ez dakiela zertarako den, zelan erabili ahal duen… Hori guztia gure webgunean —http://aholab.ehu.eus/ahomytts— jartzen saiatu gara, baina, horrez gain, hitzaldi batzuk ematea eskatu didate, dena behar bezala azaltzeko». Arlo hori hobetzen saiatzen ari direla azpimarratu du.
Horretaz gain, proiektuak beste bi adar dituela azaldu du katedradunak: batetik, ulergarritasunarekin lotuta dagoen ikerketa lerro bat, eta bestetik, logopedek laringea galdu dutenei hitz egiten laguntzeko garatzen ari diren tresnak. Aurretik esan bezala, laringea galdu dutenek hasieran ezin dute hitz egin, eta, ondoren, pixkanaka-pixkanaka hestegorritik hitz egiten ikasten dute, baina ahotsa ez da lehen bezain ulergarria izaten. Horregatik, dei-zentroetara hots egiten dutenean, adibidez, makinek askotan ez dute ulertzen esaten dutena. «Ezagutza automatikoak oso gaizki funtzionatzen du, eta gaur egun, gero eta garrantzitsuagoak dira, gero eta gehiago erabiltzen direlako». Horri irtenbide bat emateko ari dira lanean, eta ikerlerro bat ireki dute, baina, oraingoz, ez dute produkturik; ikerkuntza-mailako proiektu bat da. Bestalde, logopedian adituak diren profesionalak laringea kendu dietenei berriz ere hitz egiten irakasteko tresnak garatzen ari dira, «ahotsaren errehabilitazioan laguntzeko».
«AHOTSA GALTZEN BADUZU, ZURE IDENTITATEAREN PARTE BAT GALTZEN DUZU»
Profesional askok parte hartu dute proiektu honetan, eta, Hernaezek adierazi duenez, bakoitzak bere aletxoa jarri du: «Proiektu batek beti ditu ertz asko, eta garatzekotan, leku askotatik edan behar du, derrigor». Horiez gain, ASBILA Bizkaiko laringektomizatuen elkarteari egin nahi izan dio erreferentzia, egindako ekarpenengatik eta emandako tratu onagatik: «ASBILA elkartea oso garrantzitsua izan da proiektuaren bigarren parte horretan, ulergarritasunarekin lotutako lanarekin, alegia; datu-base bat grabatu dugu han, eta orain publikoa da, beste ikertzaile batzuek erabiltzeko moduan».
Oso esanguratsua da orain arte Aholabek eta Biocrucesek egindako ibilbidea, baina Hernaezek nabarmendu du produktua merkaturatzeko urratsak pixkanaka egiten ari direla. Ez dira enpresa bat, ikerketa-talde bat baizik, eta nola merkaturatu jakiteko laguntza beharko dute: «Garapena behar du, eta guk ezin dugu hori egin». Baina ziur dago lortuko dutela.