Ospitaleratu aurreko Pediatriako Larrialdietarako Protokoloa eguneratu berri du EPDT-GIDEP Emergentzia Pediatrikoen Diziplinarteko Taldeak. Protokoloaren xedea besteak beste da osasun-zentroen eta emergentzia-sarearen komunikazioa hobetzea, asistentzia-mailetako zerbitzua koordinatzea, larrialdi desberdinetako protokoloak sortzea, eta, ekimen horiekin guztiekin batera, pazientearen segurtasuna handitzea. Etengabe eguneratzen ditu protokoloak lantaldeak.
Hamaika arrazoi egon daitezke haur batek ospitalera joan behar izateko, baina, arazoa dena delakoa izanda ere, medikuek prest egon behar dute datorrenari aurre egiteko. Ospitalera ailegatu baino lehen ere, premiazkoa da langileek egiten duten lana. Izan ere, haurra larrialdietara iristen den unean, asistentzia eraginkorra jaso behar du. Hain zuzen, asistentzia-zerbitzuaren kalitatea hobetzeko xedearekin, besteak beste, hainbat agiri eguneratu ditu EPDT Emergentzia Pediatrikoen Diziplinarteko Taldeak: Ospitaleratu aurreko Pediatriako Larrialdietarako Protokoloak.
Asistentzia-arloan lan egiten duten hainbat profesionalek osatzen dute EPDT Emergentzia Pediatrikoen Diziplinarteko Taldea: Lehen Mailako Arretako (LMA) langileek, Emergentziako eta Osasun Garraiokoek (EOG) eta Ospitaleko Larrialdi Pediatrikoetan (OLP) dihardutenek. Lantaldeak pentsatu zuen hiru asistentzia-maila horien arteko koordinazioa ezinbestekoa zela haurrentzako zerbitzua hobetzeko, eta koordinazioaz gain garrantzitsua zela komunikazioa hobetzea, ekintzak estandarizatzea eta baliabideak optimizatzea. Lantaldearen aburuz, kasuen arteko aldakortasuna txikitu egin daiteke horrela, eta pazienteen segurtasuna handitu. 2013. urtean sortu zen taldea, eta, geroztik, askotariko asistentzia-arloetako profesionalak aritu dira elkarlanean, hiru edo lau urtetik behin protokolo guztiak eguneratzeko.
«BATZUETAN EZ DA DENBORA KONTUA IZATEN, ANTOLAKUNTZA KONTUA EDO IDEIAK ARGI IZATEA BAIZIK»
Emilio Aparicio Lehen Mailako Arretako pediatra da Emergentzia Pediatrikoen Diziplinarteko Taldeko koordinatzailea. Bombero Etxaniz Osasun Zentroan egiten du lan, Bilbo-Basurtuko ESIan. Apariciok azaldu du martxan jarri baino lehen aldakortasun nabarmena zegoela Ospitaleratu aurreko Pediatriako Larrialdietan, eta horretaz jabetuta ekin ziotela lanari: «Gure lehen helburua izan zen haurra lekualdatzeko protokolo bat egitea, eta horren ostean ohartu ginen talde-lana ezinbestekoa dela. Izan ere, larrialdietako asistentzia ez dago oso protokolizatua. Desberdintasun handiak daude toki batetik bestera, eta gauza asko ez daude bateratuak; gainera, medikuntza arlo guztietan gertatzen den bezala, gauzak aldatzen dira etengabe, eta eguneraketa eta bateraketa oso beharrezkoak dira».
Batasun hori lortzeko helburuarekin ekin zioten protokoloak sortu eta ideia guztiak bateratzeari, eta protokoloak modu elektronikoan eta dokumentu independenteetan argitaratu zituzten, eguneraketa eraginkorragoa izan zedin. Apariciok dioenez: «Protokoloa paperean argitaratuta, berehala geratzen da zaharkitua. Horrelako agiriak oso maiz aldatzen dira, eta noski, hori ekiditeko erabaki genuen modu elektroniko eta dokumentu independenteetan argitaratzea». Gainera, lantaldea osatzen duten profesionalak Gipuzkoakoak, Bizkaikoak eta Arabakoak direnez, Apariciok azaldu du horrela denek dutela agiria aldatzeko aukera, Osagune plataforma informatikoaren bidez. «Aldaketak behar ez izan arren, EPDT-GIDEP-ko kide guztion artean lana banatuz, bibliografia errepasatzen dugu, edo praktika-gidak irakurri, baita askotariko bilaketak egin ere».
Antolakuntza eta eraginkortasuna
Kasu anitzekin egiten dute topo ospitaleratu aurreko pediatriako larrialdietako langileek, eta beti prest egon behar dutela nabarmendu du Apariciok: «Kasu larriak eta arinak izaten ditugu, eta, pediatrak nahiz pediatrak ez garenok prestakuntza behar dugu kasu larri bat ailegatzen zaigunerako. Nola jokatu jakiteko, guk proposamenak egiten ditugu. Talde xumea gara, eta gure asmoa ez da eskolak ematea, proposamenak egitea baizik». Anbulantzia iritsi baino lehen, haurra egonkortu egin behar dutela azaldu du Apariciok, eta denbora horretan ezinbestekoa dela zenbait pauso ematea: «Dena den, batzuetan ez da denbora kontua izaten, antolakuntza kontua edo ideiak argi izatea baizik. Ebaluazio Pediatrikoaren Triangelua (EPT-TEP) dugu protokolo guztietan, eta, horren bitartez, gure helburua da jakitea zer egin umea egonkortzeko». Pazientea egonkortzeko, ebaluazioa egiten dute: «Eta, ebaluazioak egin ostean, tratamendua. Ondo neurtzen baduzu umearen egoera fisiopatologikoa, hau da, fisopatologikoki nola dagoen, tratamendua egitea errazagoa eta zehatzagoa izaten da gero».
Larrialdi batetik bestera oso alde handia egoten dela aintzat harturik, inkesta bat egiteko eskatu zieten protokoloaren erabiltzaileei, eta orain arteko profesionalen aldetik jaso duten erantzuna oso baikorra izan dela adierazi du Apariciok, pozik dagoela lantaldeak egindako lanarekin eta protokoloa gero eta profesional gehiagorengana ailegatzen ari dela: «Ikusten dugu erabiltzaileek protokoloa kontuan hartzen dutela eta ikusgai dutela lantokian, eta ez bakarrik gure autonomia erkidegoan baizik eta beste autonomia eta herrialde desberdinetan ere, zeren maiz jasotzen baititugu adierazpen eta eskaerak kanpotik ere». Bi proiektu ditu esku artean EPDT-GIDEP taldeak gaur egun: «Bi proiektutan ari gara lanean: batetik, Biocruces lekualdaketarako scoreari bruzko ikerketa batean; eta, bestetik, EPDT-GIDEPeko App batean, mugikorrentzat, protokoloak hobeto eskuratzeko eta erabilera errazteko». Ondorengo web orrialdean dago taldearen informazioa eskuragarri: https://www.osakidetza.euskadi.eus/gidep/