agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

«Itxuraz, esplorazioa lehen hizkuntzan eginez gero hainbat sintoma mota hobeto atzeman ditzakegu»

Leire Erkoreka • Psikiatria Zerbitzuko atalburua

Pazienteak erosoen sentitzen diren hizkuntzan aritzea; horixe izan dute xede Galdakao-Usansoloko Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuko langileek. Horretarako, orain arteko prozedura birmoldatu eta beste urrats bat egin dute euskararen normalizazio-prozesuan: pazienteari arreta zein hizkuntzatan nahi duen galdetzen diote unitatera heltzean, eta, euskaraz nahiago duela esaten badu, psikiatriako fakultatibo euskalduna esleitzen diote. Leire Erkoreka Psikiatria Zerbitzuko Akutuen atalburuaren arabera (Bilbo, 1981), hizkuntza da gaixotasun mentaleko sintomak adierazteko erreminta nagusia, eta, hori dela eta, ezinbestekoa da pazientea seguruen sentitzen den hizkuntzan komunikatzeko modua izatea.

Nolako pausoak eman dituzue, zehazki?
Gure unitateko ospitalizazioan ematen dugun arreta medikoa berrantolatzen saiatu gara, pazientearen hizkuntza-lehentasuna kontuan izanda. Oso modu sinplean egin dugu, aintzat hartuta momentu honetan euskaraz erosotasunez aritzen garen bi psikiatra gaudela unitatean: paziente euskaldunari, arreta euskaraz nahi duenari psikiatra euskalduna esleitzeko aukera eman diogu. Otsailean hasi ginen prozedura hori martxan jartzen, eta, tartean COVID-aren kontua izan den arren, aurrera jarraitu dugu: proposamena ez da eten, eta nahi izan duenari arreta euskaraz eskaini diogu.

«EZ DA ASKO AZTERTU IZAN KOMUNIKAZIO-HIZKUNTZAK OSASUN PSIKOLOGIKOAN ETA PSIKIATRIKOAN DUEN ERAGINA»

Orain arte, normalean, eremu geografikoaren araberako esleipena egin izan dugu, hein batean, koordinazioa hobetzeko Osasun Mentaleko Zentroko psikiatrekin. Adibidez, Durangoko pazienteak beti artatu izan ditu psikiatra berak; horrela, nik uste dut prozesua erraztu egiten dela. Baina orain pazientearen lehenengo hizkuntza lehenesten saiatu gara. Pazientea ospitaleratzen den momentuan, erizainak harrera-elkarrizketa bat egiten dio, eta egiten dizkion galderen artean txertatu dugu ea arreta zein hizkuntzatan nahi duen; pazienteak esaten duenean arreta euskaraz nahi duela, erizaintza-kontrolean dugun arbelean e bat jartzen dugu pazientearen izenaren alboan; horri esker, hurrengo egunean medikuen esleipena egiterakoan, badakigu paziente horri psikiatra euskaldun bat esleitu behar diogula.

Garrantzitsua al da pazienteek arreta beren lehen hizkuntzan jasotzea?
Bai. Hala ere, konturatu naiz askotan ez dugula elkarrizketa guztia euskaraz egiten, ez dugula beti euskaraz hitz egiten. Paziente asko ohituta daude gai hauei buruz gaztelaniaz egitera, osasunaren arloan gehiago erabili izan delako gaztelania euskara baino. Horregatik, gaztelaniara jotzen dute, baina, tira, badakite behintzat hizkuntza batetik bestera aldatzeko aukera dutela, eta adierazi nahi duten hori erosoen sentitzen diren hizkuntzan adieraz dezaketela. Nik uste dut hori beti dela ona.

Harreman horretan, segurtasuna edo konfiantza ematen die lehenengo hizkuntzan aritzeak?
Baietz esango nuke. Azken finean, Osakidetzak normalizazio hori bilatzen du, pazienteek nahiago duten hizkuntzan aritzea eta eskubide hori izatea. Bide horretan goaz.

Osasun mentalaren arloan estua al da osasunaren eta hizkuntzaren artean dagoen lotura?
Bai. Lan batzuk egin ditugu gai honi buruz EHUko irakasle batzuekin elkarlanean, eta, aztertutako bibliografiaren arabera, badirudi lotura dagoela. Osasun mentaleko psikiatriako sintomak hitzen bitartez adierazten dira; ez dago proba fisikorik horiek adierazteko eta identifikatzeko. Hizkuntza erabiltzen dugu bai diagnostikoa egiteko eta bai jarraipena ebaluatzeko ere. Ez da asko aztertu izan komunikazio-hizkuntzak osasun psikologikoan eta psikiatrikoan duen eragina, baina, bibliografiari eta dauden azterketa urriei erreparatuta, badirudi sintoma psikotikoen esplorazioa lehen hizkuntzan egiten denean sintoma larriagoak aurkitzen direla. Beraz, ematen du erosotasunaz, pazientearen autonomiaz eta eskubideez gain klinikoki esanguratsua dela. Bibliografiak dakarrenez, badirudi esplorazioa pazientearen lehen hizkuntzan eginez gero sintoma gehiago atzeman ditzakegula.

«OSASUNAREN ARLOAN GEHIAGO ERABILI IZAN DA GAZTELANIA EUSKARA BAINO»

Irizpide hau erabiltzen hasi zaretenetik gehiagok eskatu dute arreta euskaraz?
Egia esan, ez nuke jakingo ehuneko zehatz bat ematen. Uste baino gutxiagok eskatu dute, guk, teorikoki, euskalduna den eskualde batean lan egin, eta aurreko urteetako inkestek gure gaixoen ia herenak euskara ohiko hizkuntza duela dioten arren.

Arrazoietako bat ote da orain arte arreta gaztelaniaz jaso izana?
Gauza batek harritu nau: jende askok hizkuntzaren aukeraketan euskara ipinita daukan arren, gero nahiago du gaztelaniaz artatua izan. Hau da, historia klinikoan askok esan arren arreta euskaraz nahi dutela, gero nahiago izaten dute gaztelaniaz jardun; nik uste dut ohitura kontua dela hori. Euskaldun gehienak gaitasun altuko elebidunak gara, eta ez dugu arazorik hizkuntza batean zein bestean aritzeko. Nire iritziz, arlo batzuetan ohitura handiagoa dugu euskaraz egiteko, eta beste batzuetan, gaztelaniaz. Horregatik, pertsona baten ohitura izan bada arlo psikiatrikoa gaztelaniaz jorratzea edo arlo horrekin lotutako kontuak gaztelaniaz adieraztea, agian nahiago izango du gaztelaniaz hitz egin, pertsona horren lehen hizkuntza euskara izan arren eta osasun-arloa ez den beste eremu batzuetan euskaraz erosoago sentitu arren.

Horregatik harritu nau horrek, hau da, arreta euskaraz eskaini, eskaintza aktibo hori egin eta, halere, arreta gaztelaniaz nahiago izateak. Eta azaldutako arrazoi hori topatu diot. Azken finean, euskaldun guztioi gertatzen zaigu hori, nire ustez: gehiago erabiltzen dugu euskara zenbait eremutan eta beste eremu batzuetan, berriz, gehiago gaztelania.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other