agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

«Hizkuntzak harremanak hobetzen laguntzen du, eta osasungintzan funtsezkoa da pazientearen eta arreta ematen dion profesionalaren arteko harremana ona izatea»

Ines Garcia Azkoaga • EHUko Munduko Hizkuntzen Ondarearen UNESCO Katedraren arduraduna

Uztailean egitekoak ziren Hizkuntza gutxiagotuen biziberritzea eta garapen iraunkorra ikastaroa EHUn, baina azkenean irailean egingo dute koronabirusa dela eta. Ikastaroaren zuzendaria Ines Garcia Azkoaga da (Arrasate, 1959), EHUko Munduko Hizkuntzen Ondarearen UNESCO Katedraren arduraduna, eta adierazi du Osakidetzarentzat lagungarria izango litzatekeela elebitasuna bermatzea.

Ikastaroaren deskribapenean aipatzen da Nazio Batuen 2030 Agendan ez dela lotzen garapen iraunkorra kultur eta hizkuntza aniztasunarekin eta are gutxiago hizkuntza gutxituekin. Zure ustez, zergatik dago lotura bat hor?
Garapen iraunkorreko helburuak jarri zirenean eta zabalkundea egiten hasi zirenean, hamazazpi helburu finkatu ziren, eta ez zen helburu espezifiko bat zehaztu hizkuntz eta kultur aniztasunerako. Nik uste dut neurri batean inplizitua dela aniztasun hori, baina berariaz tratatu ahal izateko garrantzizkoa da esplizituki adieraztea. Bereziki tokian tokiko hizkuntza gutxitu eta indigenen kasuan, munduko hizkuntza gehienak dira eta. Garapenari buruz hitz egiten bada, ez du zentzurik hizkuntza horiek aintzat ez hartzea, hain zuzen garatu gabeko lurraldeetan baitaude hizkuntz indigena ahaztu eta gutxitu gehienak. Baina garapena bereziki beste alor batzuekin lotzen da eta hizkuntzen berezitasun hori ez da jaso, beste lehentasun batzuk nabarmendu direlako. Egia da, adibidez, Garapen Iraunkorreko Helburuetan hezkuntzari buruz hitz egiten dela, eta hezkuntza aipatzen denean hezkuntza eleaniztuna aipatzen dela. Baina Katedran garbi ikusi genuen hizkuntza ondarea zaintzeko helburua esplizituki jaso behar zela, eta ekimen bat sortu zen 18. helburu hori proposatzeko.

Dena dela, Katedra ez da izan bakarra gogoeta hori egin duena. UNESCOn bertan egin izan da, eta beste bilkura batzuetan ere azaleratu da zeinen beharrezkoa den hizkuntza indigenak eta gutxituak aintzat hartzea. Informazioa zabaldu behar bada garapen iraunkorrari buruz, zein hizkuntzatan zabalduko dugu? Bakoitzari bere hizkuntzan hitz egin beharko zaio horri buruz. Aldarrikapen horrekin ari gara momentu honetan. Ikastarora etorriko den hizlarietako bat Gabriel Djomeni da, Kamerungoa, eta bertako hizkuntzak nola dauden azalduko digu. Askotan, Afrikari buruz hitz egiten dugunean, ematen du kanpotik hitz egiten dugula eta ahalegina egin nahi genuen hango hizlari bat ekartzeko egiten ari diren gauzei buruz hitz egin dezan. Horrez gain, Patxi Baztarrika ere izango dugu, Hizkuntza Politikako sailburua izan dena hainbat urtetan hemen Euskal Herrian. Esperientzia zabala du euskararen biziberritze kontuetan.

Kamerungo eredua aipatu duzu. Latinoamerikako herrialde batzuetakoak ere landu dituzue. Zer ikasi duzue lurralde horietatik?
Zeinen garrantzitsua den tokian tokiko hizkuntza. Batzuetan ez zaio behar besteko garrantzia ematen, batez ere garapenari lotuta. Azken batean, garapena nahi bada, hizkuntza ezinbestekoa da. Hizkuntzaren bidez alfabetatu egiten da jendea. Jendea alfabetatu behar da bere ama hizkuntzan, berak ezagutzen duen hizkuntzan, jatorrizkoan. Gertatzen da herrialde azpigaratuetan sarritan euren bertako hizkuntza gutxitua dela eta haren ondoan dagoen hizkuntza nagusia, ofiziala, kolonizatzaileena dela. Hori izaten da indartsuena eta hegemoniko bihurtu dena. Orduan, jatorrizko hizkuntzak edo hizkuntza indigenak ahaztuta geratzen dira, bigarren planoan. Ez dira eskolara iristen, eta, jendea ez bada eskolatzen berak ezagutzen eta erabiltzen duen ama hizkuntzan, gero eragozpenak sortzen dira alfabetatzeko, eskolatzeko, prestakuntza ona jasotzeko edo lanpostu ona eskuratzeko.

Hizkuntza garrantzitsua da garapenerako, ez da kapritxozko gauza bat. Funtsezkoa da, oinarrizkoa gure bizitzan eta gure harremanetan. Ezin baditugu harremanak izan gure ama hizkuntzan, ezin ditugu bermatu jendearen eskubideak.

Munduko hizkuntza gutxiagotuen sareak eratzeari eman diozue garrantzia.
Bai, bai. Katedra Garabiderekin ari da kolaboratzen, adibidez; elkarte hori hizkuntza-lankidetzan lan dezente egiten ari da, eta ibilbide oparoa du horretan. Uste dugu garrantzitsua dela horrelako sareak eratzea, eraikitzea, haiekin lankidetzan aritzea eta ezagutaraztea. Jakitea munduko beste leku batzuetan zer egiten ari den jendea, eta zer egin daitekeen. Elkarrengandik ikastea. Batzuetan, ikus daiteke nola ezer ez zena noraino irits daitekeen.

«GIZARTEAK ESKUBIDEA DAUKA ATENTZIOA JASOTZEKO HIZKUNTZA OFIZIAL BATEAN ZEIN BESTEAN»

Euskal Herriko testuinguruak ere izango du zer eskaini?
Bai, Patxi Baztarrikak hitz egingo du ikastaroan hain zuzen Euskal Herriko esperientziari buruz, eta azalduko du euskararen biziberritze-prozesuak zer-nolako ekarpenak egin dizkion gizarteari. Batzuetan pentsatzen dugu eleaniztasunak esan nahi duela hizkuntza batekin baino gehiagorekin lan egitea. Hori garestia da sistema batentzat, baina aldi berean baditu onura batzuk, eta onura horiek ez dira bakarrik kulturalak, baizik eta ekonomikoak. Aldi berean gizartearentzat garapena dakar.

Ikaskuntza hauek aplikagarriak izan daitezke Osakidetzan?
Nik uste dut baietz. Hizkuntzarena aplikagarria da arlo guzti-guztietan. Hasteko, Osakidetza Euskal Herriko osasun-sistema da, eta txertatuta dago gizarte elebidun batean. Gizarteak eskubidea dauka atentzioa jasotzeko hizkuntza batean zein bestean. Izan ere, Osakidetzak bere proiektu estrategikoetan lehentasunezkoa baldin badu arreta hizkuntza ofizialetan eskaintzea, eta orduan, helburua bada, neurri batean, hizkuntza gutxituak direnak bistaratzea –kasu honetan, euskara–, Osakidetzak bere Agenda garatzeko proiektua izatekotan, zergatik ez lotu hizkuntzaren helburu hori Garapen Iraunkorreko helburuekin? Azken batean, unibertsitatean bertan ere 18. helburu horrekin egiten dugu lan, eta 2030 Agendan txertatu du helburu hori. Hizkuntza helburu estrategiko bat da unibertsitatearen funtzionamendurako, elebitasuna bermatuko duelako. Osakidetzak ere bere garapen iraunkorreko agendan arazorik gabe sar dezake helburu hori. Hizkuntzak harremanak hobetzen laguntzen du, eta, batez ere osasungintzan, funtsezkoa da pazientearen eta arreta ematen dion profesionalaren arteko harremana ona izatea. Gertutasuna lortzeko ezinbestekoa da, eta ama hizkuntzaren erabilerak gertutasuna eragiten du.

Zein da hurrengo pausoa helburu horiei dagokienez?
Gure xedea izango litzateke hizkuntzaren helburu hau aintzat hartzea ahalik eta leku gehienetan. Donostiako Easo Politeknikoan, adibidez, hala egiten ari dira, eta, orduan, planak egiten dituztenean, aintzat hartzen dute hizkuntzaren helburua. Unibertsitatean ere hasiak dira urrats horiek, eta, poliki-poliki gero eta erakunde gehiagotan hartuko balitz konpromiso hori, nik uste dut onuragarria izango litzatekeela.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other