Milaka lagun ari dira koronabirusari aurre egin nahian arriskuaren lehen lerroan lanean. Horietako askok itzaleko lana egiten dute, eta sarri ikusezinak izaten dira. Garbitzaileak, esaterako, funtsezkoak dira ospitale bateko jardunean, logelak desinfektatu ezean mediku eta erizainek ezingo lukete-eta pazienterik artatu bertan. Baina apenas hitz egiten den haien lanaz eta nola egokitu behar izan duten haiek ere ezohiko egoera honetara. Ainhoa Vellon (Bilbo, 1992) Basurtuko Ospitaleko garbitzailea da, aste eta une gogorrak ikusi dituztela dio, eta zenbaitetan babesgabe sentitu direla. Batik bat lanerako arropei dagokienez. Birusa hain gertu izanik kutsatzeko beldurra izan badu ere, uneoro gaixoengan pentsatuz egin omen du aurrera Vellonek. Berandu baino lehen, beren lanak merezi duen errekonozimendua jaso nahi luke.
Zer moduz zaude? Nolakoak izan dira azken aste hauek ospitalean?
Nekea nabaria da. Gorputza nekatuta dugu, baina gehienbat neke mentala da. Sekula baino ahalegin handiagoa egin dugu, eta inoiz ikusi gabekoak ikusi ditugu. Baina badirudi badoala kontua baretzen; orain, Basurtuko Ospitalean, behintzat, lasaiago gaude. Ez gaude martxoan edo apirilean geunden bezala, zorionez.
Nola gogoratzen dituzu koronabirusa azaldu eta hasierako aste haiek?
Tentsio eta urduritasun handiarekin. Gorabehera berria izan da guztiontzat, eta ez genekien gauzak nola egin behar genituen edo nondik hasi behar genuen ere. Guneak desinfektatzera ohituak gaude, beste gaixotasun batzuk agertzen direnean egiten dugun bezala, baina, kasu honetan, adibidez, lanerako protokoloak egun batetik bestera aldatu dituzte. Bestalde, NBE deituriko trajeekin ere arazoak izan ditugu: batzuetan ez dugu izan NBE nahikorik. Dena izan da zalantza, eta inprobisatu egin behar izan dugu sarritan. Lankideok elkarri lagunduz eta erabakiak guztion artean hartuz egin dugu aurrera.
«EGUN LIBREETAN LANERA JOAN IZAN GARA LAGUNTZERA»
Lan egiteko modua zertan aldatu da pandemia hasi aurretik hona?
Orain goizez eta arratsaldez desinfektatzen dugu box bakoitza. Koronabirusa azaldu baino lehen, garbiketa goizean egiten zen. Hau da, beste erritmo batera lan egiten genuen, lasaiago. Horrez gain, orain boxetan dauden poltsak egun osoan behin baino gehiagotan atera eta zarama berezietara bota behar izan ditugu. Bestalde, paziente batek boxa uzten duenean goitik behera desinfektatu behar izaten da, hurrengoa sartzeko. Horri gehitu behar zaizkio lan egiteko erabili behar ditugun jantziak. Babestuta sartu behar dugu, ez baitakigu zer aurki dezakegun. Jantzi horiek oso astunak dira, eta izerditan, blai eginda bukatzen dugu.
Lan karga handia izan duzue?
Jende gehiago kontratatu dute, eta eskertu dugu. Laguntza gehigarri oro izan da beharrezkoa. Izan ere, garbitzaile batek 10-12 gela garbitu behar izanez gero, karga birala oso handia zen. Langile gehiagorekin, garbitu beharreko logela kopurua banatu egin dugu, eta, hala ere, egun libreetan lanera joan gara laguntzera. Baina nekea gehiago izan da psikologikoa fisikoa baino.
Esan bezala, egun batetik bestera aldatu dituzte protokoloak, eta dena zalantza izan da.
Baliabide nahikorik izan duzue?
Lanerako behar diren gauzak eduki ditugu, hau da, garbitzeko eta desinfektatzeko beharrezko material guztia izan dugu. NBEen inguruan sortutako arazoa beste kontu bat da, eta maskarekin ere arazoak izan ditugu.
Zein arazo?
Komunikabideen bitartez jakin dugu erabili ditugun maskarak ez zeudela homologatuta. Horrez gain, berrerabili egin ditugu buzoak eta batak. Astebetean maskara bat erabili dugu, eta kontuan izan behar da maskara horiek pazienteengana sartzen garenean erabiltzen ditugula, hau da, arriskuaren lehen lerroan gaudenean.
«KOMUNIKABIDEEN BITARTEZ JAKIN DUGU MASKARAK EZ ZEUDELA HOMOLOGATUTA»
Kutsatzeko beldurra izan duzu?
Hasieran bai. COVID-19arekin martxoan bertan izan nuen kontaktua, eta gogoan dut buzoa jantzi eta logela batean sartu nintzen lehen aldia. Oso urduri nengoen. Ez dut gogoratzen bizitzan hain kontzentratuta egon naizen beste momenturik. Logelatik irten eta segurtasun neurri zorrotzak bete behar izan ditugu. Protokoloak etengabe errepikatu dizkigute. Beldurra batik bat etxera joan, eta bertakoak kutsatu ahal izateak eragin dit, ez nekielako kutsatuta ote nengoen. Prebenitzeko asmoz, etxean ere neurriak hartu ditut. Distantzia higienikoa gorde dugu. Zortea izan dut, ez dudalako birusa harrapatu ezta nire etxeko inork ere.
Zuen lana baloratua ikusi duzu?
Lankideen eta arduradunen aldetik, bai. Baina, oro har, gizartean gure lanaz ez da inoiz hitz egiten. Ulertzen dut erizain, erizain laguntzaile eta medikuen lana goraipatzea, azken finean haiek dutelako kontaktu zuzenena pazienteekin. Baina gu ere dena garbitzen eta desinfektatzen aritzen gara, eta gure lana egingo ez balitz, beste guztiak ez luke funtzionatuko. Arriskuaren lehen lerroan egoten gara, baina gizartearentzat ikusezinak gara ia; bigarren edo hirugarren maila batean gaude, eta garbitzailearen lana ez dago aitortuta.
Zerk eman dizu aurrera egiteko adorea?
Asko gustatzen zait ospitaleko lana eta osasunari loturiko guztia. Pandemiaren hasieran asko kexatzen ginen baldintza eskasez, baina pazienteek ez zuten errurik. Dena den, haiengatik aurrera egitea besterik ez dugu izan buruan. Ikusi dugu ospitalea hainbat astez COVID-19a duten pazientez betea egon dela, eta hau guztia bukatzeko nolabait lagundu nahi izan dugu guk ere, bizitzak aurrera jarrai dezan.