agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

“Ariketa fisikoak paziente eskizofrenikoen bizi kalitatea hobetzen du”

Nagore Iriarte, Arabako Osasun Mentaleko Sareko psikiatra
Mikel Tous, UPV/EHUko Jarduera Fisiko eta Kirol Zientzien Fakultateko ikerlaria
Eskizofreniaren tratamenduan ariketa fisikoak ekar ditzakeen onurak aztertzeko, CORTEX-SP ikerketa proiektua abiatu zen duela urte eta erdi inguru. Besteak beste, Arabako Osasun Mentaleko Sareak eta UPV/EHUko Jarduera Fisiko eta Kirol Zientzien Fakultateak hartzen dute parte proiektuan.

Gasteizko Mendizorrotzako kirol instalazioetan lan egiten du Cognitive Rehabilitation and Trainig With Exercise For Schizophrenia (CORTEX-SP) ikerketa proiektuaren lantalde batek. Jarduera fisikoa lantzen dute eskizofrenia duten pertsonekin, gaixotasunaren tratamenduak hobetzen eta pazienteen ohiko beste gaitz batzuk (obesitatea, gaixotasun kardiobaskularrak…) prebenitzen laguntzeko asmoz. Euren ikerketa zertan datzan azaldu dute Nagore Iriarte Arabako Osasun Mentaleko Sareko psikiatrak (Gasteiz, 1986) eta Mikel Tous Jarduera Fisiko eta Kirol Zientzien Fakultateko ikerlariak (Iruñea, 1996).

Nola abiatu zen CORTEX-SP proiektua?
N. I.: Eskizofreniaren tratamendu psikofarmakologikoek ez dute behar bezalako eraginik izaten sintoma guztien kontra. Horren ondorioz pentsatu genuen ariketa fisikoaren laguntzaz onurak nabarituko zirela. Bibliografia berrikusten hasi eta laster jabetu ginen atzerrian hainbat proiektu abiatu direla eskizofrenia eta jarduera fisikoa uztartzen dituztenak. Hori ikusita, beharrezkotzat jo genuen Osasun Mentaleko Sareko tratamenduak berraztertzea eta pazienteekin jarduera fisikoa lantzea.
M. T.: Gizartean ariketa fisikoa ondo ikusita dago, sekulako gorakada izan du; hala ere, buruko gaixotasunen estigmak hor jarraitzen du, eta kirolik eta halakorik ez da eskaintzen tratamendu gisa. Horregatik, ekimen honen bidez, pazienteen osasuna hobetzeaz gain, gizarteari erakutsi nahi zaio gaixotasun hauekin ariketa fisikoa ere egin daitekeela eta hobekuntzak lortu.

Zenbat erakunde zabiltzate proiektu honetan elkarlanean?
N. I.: Osakidetzako Arabako Osasun Mentaleko Sarea, Osatek, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea elkartu gara proiektuan. Guztira, 150 pazientek hartuko dute parte, hiru adarretan banatuta. Hemengo pazienteekin ariketa fisikoa egiten dugu; beste paziente batzuekin errehabilitazio kognitiboa lantzen da, Deustuko taldeak garatu duen Rehacop programaren bidez; eta hirugarren taldean ohiko jarduerak (tailerrak-eta) antolatzen dira.
M. T.: Hemen Gasteizen, adibidez, hamar pertsona inguru gabiltza lanean, gehi fakultateko bi doktoregai eta praktikak egitera etortzen diren ikasleak.

JARDUERA FISIKOAREKIN SINTOMEN APALTZEA GERTATZEN DA: DELIRIO GUTXIAGO, HARREMAN HOBEAK, NEKE ARINAGOA…, ETA BURMUINEAN HOBEKUNTZAK IZATEN DIRA

Zer da eskizofrenia?
N. I.: Eskizofrenia gaixotasun mental konplexua da. Bere sintoma nagusiak haluzinazioak eta delirioak dira, baina, horiez gain, hain ezagunak ez diren sintomak ere baditu: nekea, gogogabetasuna, bakartzea, erlazionatzeko zailtasunak, hondatze kognitiboa… Eta horrek guztiak eragin nabaria du pazientearen funtzionamenduan, zaildu egiten baitie bizimodu, harreman edo jarduera normalak izatea.

Nolakoa da zuen pazienteen profila?
N. I.: Ikerketa honetan parte hartzen dutenek 18-65 urte artekoak izan behar dute, eta eskizofrenia diagnostikatuta eduki. Gehienbat 30-45 urte bitarteko jendea dugu, gehienak gizonezkoak, erretzaileak, gehiegizko pisuarekin eta arteria-presio normotensoarekin. Sintomei dagokienez, talde heterogeneoa da, eskizofrenia gaitz heterogeneoa da eta.

ikerketa-taldeko zenbait partaide. Ezkerretik eskubira. Laugarrena: Nagore Iriarte. Zazpigarrena: Mikel Tous.

Ariketa fisikoak nola laguntzen die eskizofrenia duten pazienteei?
M. T.: Oraindik ikerketa prozesuan gaude eta ez daukagu daturik erabateko ondorioak ateratzeko, baina, momentuz, erneago sumatzen ditugu, eta gustura sentitzen direla ikusten dugu. Pozik hurbiltzen dira instalazioetara, eta hori aldaketa positiboa da. Hasieran beldurrez etortzen dira, zerbait berri egiten hasi behar dutelako, baina gero konfiantza hartzen dute, haiekin beste edonorekin bezala erlazionatzen garela ikusita.
N. I.: Egin diren ikerketek erakutsi dutenez, ariketa fisikoak onurak ekartzen dizkie eskizofrenia duten pazienteei. Eragin egiten die klinikoki zein biokimikoki, hau da, sintomen apaltze nabaria gertatzen da, hala nola delirio gutxiago, harreman hobeak, neke arinagoa…, eta burmuinean ere hobekuntzak izaten dira, memoria eta arreta hobetuz batez ere. Gure kasuan, oraindik ikertze fasean gauden arren, pozgarria da gure jardueren bidez tratamendu batzuek lortzen ez dituzten onurak lor ditzakegula pentsatzea.

Nola antolatzen dituzue saioak?
M. T.: Saioek beti estruktura bera dute. Hasieran eta bukaeran tentsioa hartu eta pultsometroak jartzen dizkiegu. Saioak hiru zatitan banatzen dira: beroketa, ariketa fisikoa eta lasaitze aldia. Ariketa fisikoa bitan bereizten da: lehena, aerobikoa, bizikletan egiten da, interbalo moderatuak eta gogorrak konbinatuz; bigarrenean, indar erresistentzia lantzen da, bederatzi ariketa ezberdinen bidez, baloiak, mankuernak edo zintak erabiliz. Programa hasi aurretik paziente guztiak ebaluatzen dira, hainbat probaren bitartez. Esfortzu proban bakoitzaren balio maximoak lortzen dira, eta, datu horien arabera, bakoitzak egin beharreko ariketak moldatzen ditugu, hau da, indibidualizatuta egiten dira ariketa guztiak. Interesgarria da, bakoitzak bere neurrira egokitutako ariketa egin arren, batera egin dezaketela ikustea.

Azken emaitzak eskuartean izan gabe ere, ikerketa bide onetik doala dirudi
N. I.: Lehen esan bezala, gaixotasun honetan tratamendu psikofarmakologikoak ezinbestekoak dira, baina ariketa fisikoarekin zein errehabilitazio kognitiboarekin indartu egiten ditugu hainbat alderdi, bizi kalitatean eta autonomia mailan eragina dutenak. Jarduera hauen bidez, tratamenduekiko atxikidura hobetzea espero da, pazienteek tratamendua gogotsu hartzen dute eta. Indartu beharreko praktikak direla uste dugu.
M. T.: Haiek esaten duten moduan, hau familia bat bezalakoa da, eta gu oso pozik gaude egunez egun hobekuntzak ikusten ditugulako. Ikerketaren emaitza zehatzik eduki gabe, jarduera fisikoa tratamendu ez-farmakologiko baliagarria dela esan dezakegu, bizi kalitatea hobetzen duelako.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other