agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

Liburutegi birtuala, Osakidetzako profesionalen ezagutza eta lana hobetzeko tresna

Osakidetzak duela urte batzuk jarri zuen abian Liburutegi Birtualaren Zerbitzua. Haren bidez, informazio iturri eta baliabide ugari eskaintzen zaizkie profesional eta ikertzaile guztiei, osasun arretan zein ikerketan jardutean ezagutzarik baliagarriena eta aurreratuena izan dezaten. Gehienbat inpaktu-faktore handiko aldizkariak eta liburu elektronikoak topa daitezke plataforman, baita bestelako eduki interesgarri asko ere.

Liburutegi birtuala Osakidetzak bere profesional guztiei eskaintzen dien baliabide bibliografikoen bilduma erraldoia da. Zerbitzuaren bitartez, erakundeko langileek plataforma birtual batean eskuragarri dituzte milaka aldizkari eta liburu elektroniko, datu-baseak, webgune interesgarritako estekak, etab. «Osakidetzako profesionalek lanerako zein ikerketa arlorako laguntza eta heldulekua edukitzea da egitasmoaren xedea», azaldu du Elena Revilla Liburutegi Birtualaren Zerbitzuko buruak (Bilbo, 1965).

Plataforma birtualak 16.000 baliabide bibliografiko inguru biltzen ditu, eta horietatik asko Osakidetzak erosiak dira, 4.000 bat aldizkari kasurako. Bertan erakundeko eremu profesional guztietako edukiak sartzen dira; hala ere, Osakidetzan arlo klinikoa nagusia izanik, «eduki gehienak profesional sanitarioen jakintza arlokoak dira, eta ondoren ikerkuntza eta kudeaketa esparruetakoak».

Liburutegi birtualean inpaktu-faktore handiko aldizkari ugari topa daitezke, osasun arreta hobetzeari begira garrantzizkoak direlako eta ikerkuntzan balio handikoak izan daitezkeelako. Testu gehienak ingelesez daude, baina badira gaztelaniaz idatzitakoak, baita euskarazko batzuk ere. Revillaren esanetan, «euskarazko baliabideen kopurua momentuz murritza da, nahiz eta zientzia arloan gero eta gehiago argitaratzen den».

Liburutegien Zuzendaritza Batzordearen aholkuz, liburutegi birtualerako erosketak egiteaz arduratzen da Revilla; argitaratzaile eta agentziekin kontratuak egiten ditu, hornitzaileekin negoziatzen du… Horrela eskuratzen dira liburu eta aldizkari zientifiko gehienak. Eskaintzak ere jasotzen dira. «Erosten diren baliabideak behin eta berriro eguneratzen dira», eta haien ebaluazioa ere egiten da, estatistiken eta inkesten bitartez.

Batzuetan Osakidetzak ez ditu argitalpenak erosten, baina estatuko mailegu sistemaz baliatzen da aleak bereganatzeko. Izan ere, estatuko osasun liburutegien sareetan sartuta dago Osakidetzako liburutegi birtuala. Arduradunaren hitzetan, «erosi ezin denean, argitalpena estatuko beste liburutegietatik hartzen dugu maileguz, gure profesionalek ere eskuragarri izateko». Estatu mailan, REBISALUD osasun liburutegi birtualen sarearekin ez ezik, Madrilgo Karlos III.a Osasun Institutuak abiatutako Osasun Zientzietako Katalogo Nazionalarekin ere ari dira elkarlanean. Katalogo horretan bilduta daude 200 liburutegi baino gehiagotako erreferentziak, eta bertan EAEko hemeretzi liburutegik hartzen dute parte. Revillaren ustez, «horrek erraztu egiten du mailegatzea eta trukeak egitea».

Bestalde, Osakidetzako edozein langilek aukera dauka bere beharren arabera aldizkariak, liburuak, artikuluak eta bestelako argitalpenak eskatzeko. Revillak esan duenez, «eskaerak erraz egin daitezke, bai zerbitzu erakundeek izendaturiko erreferenteei esanez, bai proposamenak liburutegiari zuzenean eginez». Liburutegi digitalarekin harremanetan jartzeko helbide elektroniko bat dago: bibliotecavirtual@osakidetza.eus.

Liburutegi birtualeko bilduma kontsultatzeko, bi aukera daude: batetik, intranet korporatibotik plataformara sartzea, eta, bestetik, OpenAthens urruneko sarbiderako plataformatik. OpenAthenseko antolaketari dagokionez, hiru atal ageri dira: hasieran katalogoak, ondoren datu-baseak eta azkenik aldizkari bildumak eta liburu elektronikoak. Zerbitzuaren kudeatzaileek aintzat hartzen dute zeintzuk diren gehien erabiltzen diren edo interesik handiena pizten duten baliabideak, eta horiek hasieran ageri dira. Aldizkari eta liburuak, aldiz, baliabide espezializatuak direnez gero, amaieran daude. Bilduma erabiltzeko ikastaroak ere antolatzen dira.

Revillak argitu duenez, kalitatezko informazio eguneratua izateak «lana ondo egiteko bermea ematen du». Ondorioz, liburutegi birtualak bere rola betetzen du pazienteen onuran. Haren ustez, «zeharka bada ere, egitasmoak herritarren osasunari eragiten dio». Halaber, ikerketetan ere oso baliotsua da, «iturri eguneratu eta aurreraturik gabe ezinezkoa baita kalitatezko ikerketarik egitea». Hori guztia dela-eta, profesionalek baliagarritzat jotzen dute liburutegi zerbitzua.

 

 

«Kalitatezko bibliografia eta datu-baseak erabiltzea oso onuragarria izan daiteke, bai herritarren arretan bai zientzietako ikerlanetan»

Elena Revilla • Liburutegi Birtualaren Zerbitzu Korporatiboko arduraduna

Osakidetzako liburutegi birtualak osasungintza eta ikerkuntza arloetako baliabide eta erreferentzia interesgarriak biltzen ditu erakundeko profesional guztien eskura jartzeko, eta lan horren ardura nagusia Elena Revilla Lopez zerbitzuko buruak du. Plataforman, aldizkari zientifikoak, liburu elektronikoak eta datu-baseak kontsulta daitezke, besteak beste.

Zein da liburutegi birtuala egitasmoaren helburua?
Kalitatezko argitalpenetako eta datu-baseetako edukiak ezagutzea eta praktikan jartzea baliagarria eta eragingarria izan daiteke bai osasun arreta hobetzeko bai osasun zientzietako ikerketetan bide berriak zabaldu eta emaitza hobeak lortzeko. Alde horretatik, liburutegi birtualak rol garrantzitsua joka dezake Osakidetzaren prozesuetan. Beste era batera esanda: osasun profesionalek eta ikertzaileek liburutegiko baliabideak erabiltzen badituzte eta hori benetan baliagarria suertatzen bazaie, helburua bete egingo da, zerbitzuaren jomuga laguntza ematea eta beharrei erantzuteko tresna baliagarria eskaintzea baita. Gainera, etorkizuneko beharrei aurrea hartzeko ere balio dezakeela esango nuke nik.

Nolako liburuak eta aldizkariak aurki daitezke liburutegian?
Gehien-gehienak osasun zientzien ingurukoak dira: medikuntzakoak, farmaziakoak, erizaintzakoak… Eta osasun zientzien barruan, espezialitate guztietako baliabideak daude. Ikerketari loturiko baliabide ugari ere topa daitezke. Gaur egun, bibliometriaren bidez munduko zientzia produkzioaren berri izan dezakegu eta baliabide horiek gure profesionalen esku jarri. Horrez gain, beste jakintza eremu batzuetako gaiak ere kontsulta daitezke, hala nola zuzenbidekoak, osasun sistema guztietan horiek ere beharrezkoak izaten direlako.

Zeren arabera erabakitzen duzue aldizkari edo liburu bat liburutegian sartzea?
Argitalpen zientifiko guztiek kalitate adierazleak dituzte, inpaktu-faktorea adibidez. Inpaktu-faktorea duten aldizkariak prestigiodunak izaten dira. Horrez gain, beste adierazle batzuk aplikatzen ditugu aldizkari batek bere espezialitatean duen garrantzia jakiteko. Aldizkaria jende gutxik erabiltzea ere hartzen dugu kontuan, batez ere gutxik erabili arren erabiltzaileentzat garrantzizko argitalpena baldin bada. Eta beste irizpide batzuei ere jarraitzen diegu, profesionalen eskariari esate baterako; hau da, profesional batek argitalpen jakin batekiko interesa adierazten digunean, guk kontrastatu eta erosi egiten dugu edo estatuko liburutegiei mailegatzeko eskatu.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other