agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

Euskara hobetzeko keinuak Euskararen Kukuaren bidez

Hizkuntza erdigunean duen egitasmoa da Osakidetzaren Euskararen Kukua. Euskal gramatikari eta euskararen erabilera zuzen eta jatorrari buruzko formazio pildorak dira, bost minutuan irakur daitezkeenak. Osakidetzako milaka profesionalek ale horiek jasotzen dituzte astean hirutan, euren e-postan. Egitasmoaren helburua hiztunen euskara aberastea da. Osakidetzako enplegatuek hizkuntza era ludiko eta errazean garatzeko baliabidea da Kukua.

Kukuaren kantuak udaberriaren etorrera iragartzen du. Euskal kulturan sinismen eta esaera zahar ugari ditugu kukua aipatzen dutenak. Euskararen eta kukuaren artean bada loturarik.

Osakidetzan ere euskarak eta kukuak badute harremana, osasun erakundean euskara sustatzen eta hobetzen laguntzeko asmoz kantatzen baitu kukuak. Izan ere, 2015eko martxoaz geroztik martxan dago Euskararen Kukua izeneko egitasmoa, Osakidetzaren Euskara Zerbitzu Korporatiboak, Gasteizko Udaberria euskaltegiarekin elkarlanean, bultzatzen eta zabaltzen duena. Egitasmo horretan Osakidetzako milaka profesionalek hizkuntzaren inguruko azalpentxoak jasotzen dituzte astean hiru egunetan.

Euskara maila modu arin eta errazean hobetzeko eta aberasteko tresna paregabea da Euskararen Kukua. Ale bakoitza bi orrialdekoa da, eta bost bat minutuan irakur daiteke. Kuku bakoitzean hizkuntzaren inguruko ohiko akats edo zalantza bat planteatzen da (morfologia, sintaxi edo lexiko arlokoa) eta haren erabilera zuzena edo jatorra zein den argitzen da, azalpen laburrekin eta zenbait adibide emanda. Asmoa ez da gramatika lantzea, ezpada hiztunek hizkuntzaren forma egokia edo jatorra ezagutzea eta, horrela, haien euskara maila aberasten joatea. Gainera, ekimena ez dago pentsatuta euskara maila jakin bat duten langileentzat edo euskara ikasten dabiltzanentzat soilik; oinarrizko euskara maila duen eta hizkuntza hobeto jakin nahi duen edozein profesional izan daiteke Kukuaren irakurle aproposa.

Aleetan egunerokoari lotutako irakurgai eta adibideak ageri ohi dira, ez hizkera teknikokoak. Batzuetan osasungintzaren gaineko adibideak ematen dira, irakurleekiko hurbiltasuna bilatzearren, baina betiere osasun arloko euskara espezifikoa zabaltzeko helbururik gabe, horretarako Osakidetzak beste tresna batzuk baititu, jakintza arlo bakoitzari egokituak. Hortaz, Osakidetzako edozein eremu profesionaletan lan egiten duen edonork irakurtzeko modukoak dira Kukuaren testuak.

Hizkuntzari buruzko azalpenez gainera, ostiraleko Kukuan euskal kulturaz gozatzeko proposamenak ere egiten dira, Kultur Agendan. Bertan, asteburuan Euskal Herri osoan antolatuko diren kultur ekitaldi edo jardueren berri ematen da, baita haietan parte hartzeko gonbita egin ere.

Euskararen Kukuak harpidedunak ditu, ale guztiak posta elektronikoan modu eroso-erosoan jasotzen dituztenak. 2015ean, egitasmoaren hastapenean, 3.800 lagun inguru harpidetu ziren. Gaur egun, ordea, 5.486 harpidedun daude.

Harpideduna izan gabe ere Osakidetzako beste edozein enplegatuk eskuragarri du Euskararen Kukua intranet korporatiboan, honako helbidean: https://www.osakidetza.eus/sites/Intranet/eu/profesionales/plan-de-euskaldunizacion/EK/Orriak/EgunerokoKukuak.aspx

Intranetean 375 fitxatik gora ikus daitezke: egitasmoa burutzen hasi zenetik sortutako Kuku guztiak. Urtearen eta, urtearen barruan, urtaroen arabera antolatuta daude, uda kenduta, Osakidetzako kukuak udan atseden hartzen duelako. Fitxak pdf formatuan daude, edonork jaisteko eta gordetzeko eran.

Euskara modu ludikoan eta dosi txikietan landu nahi duenak aukera ezin hobea du Euskararen Kukuarekin. Harpidetza Osakidetzako edozein langilek egin dezake, edozein momentutan. Horretarako nahikoa da Osakidetzaren Euskara Zerbitzuaren helbide honetara mezu bat igortzea eta harpideduna izan nahi duela adieraztea: OSAKIDETZAKOEUSKERAZERBITZUA@osakidetza.eus.
Telefonoz ere egin daiteke eskaria, 944007423 zenbakira deituz.

 

 

Irakurleak euskara ikasleak direla irudikatu eta haien ohiko zalantzak eta akatsak zuzentzen saiatzen naiz

Teretxu Ocio • Euskara irakaslea

Teretxu Ocio (Gasteiz, 1960) Euskararen Kukua egitasmoaren atzean dauden pertsonetako bat da, testuak prestatzen eta idazten dituena. Gasteizko Udaberria euskaltegiko irakaslea da, eta, besteak beste, urteak daramatza Osakidetzako langileei euskara irakasten eta euskara hobetzen laguntzen.

Zein eduki izaten dute Euskararen Kukua egitasmoko testuek?
Irakaslea naizenez, ikasle guztien zalantzak berdintsuak direla ikusten dut, haien arlo profesionalak desberdinak izanik ere. Gehienbat, gaztelaniazko esamoldeak euskaraz egoki esaten, erdarakadak eta kalko okerrak saihesten eta euskal esaera jator eta zaharrak irakasten ahalegintzen naiz. Osakidetzaren Euskararen Kukuan ere halakoak azaltzen ditut gehienetan. Osasun arloko gaien inguruko aipamenak ere egiten ditut, oinarrizko hiztegi espezifikoa ikasten joan daitezen. Idatzizkorako aholkuak, iritzi artikuluetarako jarraibideak eta argudio testuen ezaugarriak azaltzeko atalak ere sartzen ditut. Hori dena dosi txikietan. Badakit irakurleak tipologia ezberdinetako euskaldunak direla, baina denak euskara ikasleak direla irudikatzen dut. Hori dut abiapuntua.

Gramatikari buruzko azalpenak ere ematen dituzu?
Bai, baina beti izaten dira azalpen laburrak, adibide argigarriekin hornituak, erraz ulertzekoak. Esaterako, oker dagoen forma bat idazten dut, gorriz eta asterisko batekin markatuta, eta ondoan zuzen dagoen forma ematen dut, kolore berdez markatuta. Hortaz, azalpenak txikiak eta laburrak izaten dira, Kukua ez baita gramatika azalpen sakonak emateko tokia.

Zertan oinarritzen zara edukiak aukeratzeko?
Gaur egun gero eta informazio gehiago aurki daiteke sarean: Euskaltzaindiaren arauak, euskarazko hedabideak, Berriaren Estilo Liburua eta abar. Gero nik moldaketak egiten ditut, baina iturriak aipatuz. IVAPen edo HABEren azterketak gertu daudenean azterketetarako aholkuak sartzen ditut. Eta irakurleen aldetik iradokizunen bat baldin badago, horiei erantzuten saiatzen naiz.

Zein mailatako hiztunentzat prestatzen dituzu testuak?
Nire ideia da maila guztietako irakurleengana iristea. Egia da Osakidetzako langile gehienak B2 mailaren ingurukoak direla, eta gehienbat maila horretakoak hartzen ditut gogoan. Baina edozein euskaldunentzat balio dezake Kukuak, zalantzak argitzeko, euskara aberasteko, testu laburrak irakurtzeko, euskararekin harremanetan mantentzeko, motibatzeko… Beraz, oinarrizko maila edukiz gero, euskaldun guztiontzat izan daiteke lagungarri.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other